Ezkontzak hankaz gora jarri ditu koronabirusak

Eneko Azurmendi 2020ko mai. 22a, 12:38

Arkaitz Etxezarreta eta Naia Altube oñatiarrak maiatzaren 30ean ziren ezkontzekoak, baina atzeratu egin dute ezkontza.

Konfinamendua arintzeko bigarren fasetik aurrera, ezkontzak baimenduta egongo dira Hego Euskal Herrian, segurtasun neurri guztiak hartuta. Egoera ikusita, ordea, zalantza handia izaten ari dira ezkongaiak, eta datorren urtera ere atzeratzen ari dira.

Beste ezkongai askori moduan, pandemiak hankaz gora jarri die ezkontza Arkaitz Etxezarreta eta Naia Altube oñatiarrei. Maiatzaren 30ean ziren ezkontzekoak, baina atzeratu egin dute. "Hau guztia hasi zenean, pentsatzen genuen posible izango zela datari eustea, baina egoera okerrera zihoala eta inguruan arrisku taldeko senideak ditugula ikusita, atzeratzea erabaki genuen", azaldu du Altubek.

Uztailaren 31ra atzeratu zuten, pentsatuz posible izango zela, baina oraindik zalantza handiak dituzte. "Gaitza oraindik ez dago kontrolatuta eta txertorik ere ez da egongo ordurako. Horrez gain, egitekotan, segurtasun neurri guztiak hartuta egin beharko genuke, eta dantzaldirik gabe. Azarorako ere hartu genuen lekua, baina adituek diote berriro hazi daitekeela kutsatu kopurua garai horretan, eta ez dugu egoki ikusten. Beraz, orain bertan, ez dakigu zer egingo dugun". Agian datorren urtera edo 2022ra atzeratuko dutela onartu du Altubek.

"Ezkontza berme eta gonbidatu guztiekin egin nahiko nuke"

Izan ere, kanpotik datorren jende asko edukiko dute. "Bartzelonan egin nituen ikasketak eta hango lagun batzuk gonbidatu ditut. Europa guztitik dira etortzekoak, baita Mexikotik ere. Horiek etortzea nahiko nuke, eta ezkontza berme guztiekin egin".

Bazkaria Zumarragako Etxeberri jatetxean dira egitekoak. "Oso pozik gaude eman diguten tratuarekin. Ez digute fidantzarik eskatu, gurekiko konfiantza osoa erakutsi dute eta oso prest egon dira edozertan laguntzeko. Aukera ona egin dugu, eta benetan eskertzen diegu". Hori dela eta, ezkontzen direnean, garbi dute Etxeberria jatetxean egingo dutela bazkaria. "Eta berdin musikariarekin, argazkilariarekin, eta abarrekin. Hori guztia mantendu egingo dugu, benetan lan bat hartu dugulako horiek aurkitzen eta lotzen".

Bukatzeko, haien egoera berean dauden guztiak animatu gura izan ditu Altubek. "Ez da batere erraza, eta ilusio guztiarekin egindako lana atzeratzen dela ikusteak ondoez moduko bat sortzen du. Baina aterako gara honetatik eta, aukera daukagunean, modu bikoitzean ospatuko dugu ospatu beharrekoa".

Gure Ametsa, neurrien zain

Leintz Gatzagako Gure Ametsa jatetxeak ekainerako eta uztailerako erreserbatuta zituen ezkontza guztiak atzeratuta edo ezeztatuta ditu. "Astebururo ezkontza bat geneukan, eta orain, ezjakintasun handiarekin gaude. Urrirako edo urte bukaerarako atzeratu dituzte batzuek, eta datorren urterako beste batzuek", dio ezkontzen arduradun Josune Ibabek.

"Oraindik ez dakigu ze baldintzatan eskaini ahal izango ditugun ezkontzak"

Horrez gain, badaude beste batzuk aurtengoari eutsi diotenak. "Baina bazkaria gertukoenekin bakarrik egingo dutenak. Baina ez dakigu ze baldintzatan posible izango dugun zerbitzu hori ematea, eta itxaroten gaude ea Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak zer esaten diguten, oraindik gauza asko ez dituztelako zehaztu".

Etorkizunari begira, "baikor"

Ezkontzen antolaketa eta argazkiak egiteaz gain, gonbidapenak, ezkontzetarako opariak eta honekin zerikusia duen guztia eskaintzen dute Arrasateko Belunen. "Lantxo batzuei eragin die egoera honek, baina gehienak atzeratu egin dira. Beraz, aurretik egindako lanak, beste data baterako, baina balio izango du, eta pozik gaude", azaldu du Leire Bediak, Beluneko arduradunak. Zerbitzua atzeratu dutenei dagokienez, batzuek data zehaztu dute eta beste batzuek data berriaren zain daude oraindik, Bediaren esanetan. "Udazken inguruko ezkontzak, momentuz, mantendu egiten dira, baina zalantza askorekin".

"Aurrez egindako lanak, beste data baterako, baina balio izango du, eta pozik gaude"

Hala ere, itxaropentsu daude etorkizunari begira. "Enpresentzako ere lan asko egiten ditugu, eta, familia eta haurdunen argazkilaritza ere egiten dugunez, baikor, aurrera begira gaude".

Zailena, ezjakintasuna

Bost hilabete atzeratuta dituela adierazi du Amaia Albes moda diseinatzaile arrasatearrak. "Martxoa, apirila, maiatza, ekaina eta uztaila. Data horietan aurreikusita zeuden ezkontza guztiak atzeratu egin dira. Martxokoak ia bezperetan ezeztatu behar izan zituzten. Soineko horiek eginda daude, eta apirilekoak ere bai, baina hemen ditut pilatuta. Izan ere, neurrira lan egiten dudanez, normalean soinekoa ez dut entregatzen egun batzuk lehenagora arte. Askotan, egunean bertan eraman eta nik janzten diet", nabarmendu du.

"Bezeroekin lanean hasi naiz berriro; inportanteena hori da niretzat"

Ezkongaiek, hasiera batean, B plan bat egin zutela dio, uztailerako, abuzturako edo irailerako. "Hala ere, ezjakintasuna dela eta, zuzenean datorren urtera pasatu dute gehienek". Era berean, martxoan ezkontzetik uztailean edo abuztuan ezkontzera aldea dagoela azaldu du Albesek, eta jantzian aldaketa batzuk egitea komeni dela. "Hala ere, gehienetan posible izaten dut aldaketa horiek egitea, neurrira egiten dudalako lan. Beraz, lasai egoteko esaten diet".

Egoera honetan, zailena ezjakintasuna dela dio. Hala ere, pozik azaldu da bezeroekin hitzorduak berreskuratu dituelako. "Agenda guztia egokitu behar izan dut. Baina pozik nago, berriro bezeroekin lanean hasi naizelako, niretzako hori da-eta politena, haiekin sortzen den harremana. Okerrena da lana eduki arren jantziak entregatu arte ez dudala fakturatzen, nahiz eta jakin aurrerago fakturako dudala", gaineratu du.

Eraztunetan, data aldaketa

Ezkongai askok ezkontza-eraztuna aurrez eskatuta zeukatela dio Arrasateko Zubiaga bitxitegiko gerente Elena Fernandezek. "Ezkontzaren data aldatu beharko diete eraztunei, baina gehienek oraindik ez dakite zein izango den data berria, ezjakintasun handia dago. Guri, oraingoz, ez zaigu inor etorri data aldatzera, normala den moduan. Jendeak ez daki aurtengo urtea nola joango den, ezta datorrena ere. Beraz, zuhur jokatzen ari dira. Mugimendu gutxi dugu orain salmentei dagokienez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak