Bailarako ikasle gutxi batzuk astelehenean itzuliko dira ikasgelara

Maialen Santos 2020ko mai. 22a, 07:25

Bailarako ikastetxeetan zalantzak dira nagusi. Lanbide Heziketako ikasle batzuk astelehenean itzuliko dira klasera, beste batzuk astean zehar, eta hainbat ez dira itzuliko.

Ikastetxeetara era mailakatuan itzultzeko Jaurlaritzaren planean zehazten zen DBH-4ko, batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak maiatzaren 18an hasiko zirela jardun presentzialera itzultzen. Joan den astean, ordea, atzera egin eta ikasleak jardun presentzialera itzultzeko erabakia ikastetxeen esku utzi zuen Jaurlaritzak. Edozelan ere, azaldu zuten goizenez jota maiatzaren 25ean itzuliko zirela.

Bailarako ikastetxeetan galdetuta, Bergarako Aranzadi Ikastolan azaldu dute erabakia euren esku dagoen artean ikasleak ez direla aurrez aurreko eskoletara itzuliko, "gutxienez ekainaren 4ra arte", eta Ipintzan  oraindik ez dute "erabakirik" hartu; baina "asmoa" da batxilergoko 2. mailakoek ikasturtea presentzialki amaitzea, eta ohiko eta ezohiko azterketak ere hala egitea. Mariaren Lagundian, bestalde, ez dira jardun presentzialetara itzuliko, baina DBHko 4. mailakoek azterketak "presentzialki" egingo dituzte. Aretxabaletako Kurtzebarritik adierazi dute oraindik ez dutela erabakirik hartu. Halere, badute "barne-planteamendu" bat, eta ikuskariaren "erantzunaren zain" daudela azaldu diote GOIENAri.

Oñatiko Elkar Hezi ikastetxetik, ostera, aitortu dute oraindik ez dutela erabakirik hartu. Horretaz gain, Txantxiku Ikastolako arduradunek aditzera eman dute DBH-4tik 2. batxilergora bitarteko ikasleek ikasturtea "etxetik" amaituko dutela. Halere, selektibitatearen prestaketarako saioak antolatuko dituzte, eta berdina egingo dute Zuazola-Larraña Institutuan, eta baita Arizmendi Ikastolan ere. Arrasateko BHI Institutura presentzialki itzuliko diren ikasleek ere selektibitatea prestatzea izango dute helburu; eta ekainaren 2an itzuliko dira, zehazki. Gainera, bailarako ikastetxe gehienek azaldu dute beharrezko laguntza "ikasleen esku" jartzea helburu, ikasturtea amaitzeko baliabiderik ez duten edota errefortzua behar duten ikasleei ere eskainiko dizkietela klase presentzialak.

Lanbide Heziketa

Lanbide Heziketari dagokionez, Oñatiko Zuazola-Larrañan astelehenean itzuliko dira klasera lehenengo eta bigarren lauhilekoetan irakasgai praktikoren bat gainditu gabe duten ikasleak, horiek gainditzeko "aukera" izan dezaten. Oñati Gestio Heziketan, bestalde, ikasturtea "online" bukatuko dute kasu guztietan, "ikasleek materia praktikorik ez dutelako". Arizmendiren kasuan, hauek arituko dira presentzialki: berreskurapenak eta ohiko eta ezohiko azterketak egin behar dituzten ikasleak, errefortzua behar dutenak, selektibitatera aurkeztuko direnak eta jarduera praktikoak egingo dituztenak. Horretaz gain, Mariaren Lagundiko Lanbide Heziketan "azken azterketak" egitera itzuliko dira ikasgelara; eta Aretxabaleta Lanbide Eskolan, astelehenean itzuliko dira ikasgeletara bigarren kurtsoko ikasleak.

Horretaz gain, Bergarako Miguel Altunan, lehenengo mailakoak izango dira ikasturtea jardun presentzialean amaituko dutenak; soilik modulu praktikoetan errefortzua behar dutenak itzuliko dira klasera, halere. Azkenik, Goi Eskola Politeknikotik azaldu dute "protokoloa" prest dutela astelehenean eskoletara itzultzeko, eta Gobernuaren "oniritziaren" zain daudela oraindik. Zehaztu dute praktika gehigarriak, azterketak eta erronka edo proiektuen aurkezpenak egingo dituztela.

Sindikatuen eskaera

"Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren inprobisazioaren aurrean", Steilas, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek ikasturte amaiera "seguru, adostu eta kalitatezko" baterako proposamena helarazi dute ohar bateratu baten bitartez. Oharrean, besteak beste, Hezkuntza Sailari eskatzen diote osasun protokolo eta gainerako dokumentazioan jasotako prozedurak zein edukiek dituzten "gabeziak" sindikatuekin osatu ditzatela, Hezkuntza Sailak "ikastetxe guztientzat" irizpide bera finkatu dezala aurrez aurreko ikasketei ekiteko; eta azkenik, aurrez aurreko ikasketara itzul daitezela "soilik" selektibitatea prestatzeko beharra duten ikasleak edota ondorio kaltegarriak "modu gehigarrian" jasan dituztenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak