Gipuzkoanatura webgune berriak bailarako ibilbideak ere jaso ditu

Uxue Igarza Loiola 2020ko mai. 21a, 16:04

Webgune berriak parke naturalei, bide homologatuei eta ingurumen-hezkuntzako jarduerei buruzko informazio eguneratua eskaintzen du. Besteak beste, Gipuzkoako Mendi Federazioak eta Parketxe Sareak parte hartu dute sorreran, Foru Aldundiarekin elkarlanean.

Gipuzkoanatura webgune berria abiarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak beste hainbat eragilerekin elkarlanean, herritarrei parke naturalei, bide homologatuei eta ingurumen hezkuntzako jarduerei buruzko informazio praktikoa eta eguneratua emateko. Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak azaldu duenez, tresna egokia da lurraldean barneratzeko eta bertan dauden "altxorrak" ezagutzeko, eta baita Gipuzkoako turismo, merkataritza eta ostalaritza suspertzeko ere.

Webgunean, bidezidorren bilatzailea dago; hain zuzen ere, Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiak diseinatu dituenak, Gipuzkoako Mendi Federazioarekin lankidetzan. Ibilbide bakoitzaren maparekin batera, iraupenari, zailtasun mailari, distantziari eta gainerako xehetasunei buruzko informazioa txertatu dute: "Berrikuntza nagusietako bat da dagokion tracka ordenagailura edo GPSra jaisteko aukera eskaintzen dela, guztira 171 ibilbide desberdin, gehienak publiko guztientzat eskuragarriak. Izan ere, Gipuzkoan 1.500 km-ko bidezidor homologatu daude".

Bailarako hainbat ibilbide gehitu dituzte, besteak beste, bizkar ibilbidea (Leintz-Gatzagatik Arantzazura), Arrasate-Arantzazu erromesbidea, Oñatiko Erregebide-Bedoña, Oro-Larrino-Urkulu-Aezaratza, Murugaingo bira, kurutzebarriko itzulia edota uraren bidea.

Ibilbideez gain, webguneak Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatutako hezkuntza eta ingurumen aisialdiko jarduerei buruzko informazioa ere eskaintzen du: "Pandemiak iraun duen bitartean itxita egon diren parketxeetako zentroak dagoeneko prestatzen hasiak dira programazioak, ateak aurki irekitzeko asmotan". Gipuzkoan bost parketxe daude, horietako bat Debagoienean; Oñatin, alegia. Batez beste, 50.000 bisitari baino gehiago hartzen dituzte parketxeok urtean, eta Aldunditik, horiek babesten jarraitzeko deia egin dute.

Bestetik, natura parkeei eskainitako atala ere badago webgunean, izan ere, natura parkeak Gipuzkoako lurraldearen % 15 baino gehiago direla azaldu dute sustatzaileek eta "benetako paisaia kulturalak" direla gehitu dute. Natura parkeei eta biotopoei eskainitako atalean, gune babestuetan dauden bidezidorrak eta jolas eremuak erakusten dira.

Natura eta ekonomia babesteko konpromisoa

Webgunean informazio praktikoa ere eskaintzen da naturguneak babesteko, mendian ibiltzeko eta larrialdietarako: natura zaintzea, oinez ibiltzeko aholkuak, seinaleak, bidezidor motak... Aldundiko ordezkariek konpromisorako deia egin diete herritarrei: "Aldundiak dei egiten die Gipuzkoako herritar guztiei, uda atipiko honetan, lurraldeko landa inguruneaz eta bertako irakaskuntzez gozatzera; eta haren garrantziaz eta bertan bizi direnen lanaz kontzientziatzera". Bestetik, ekonomiari dagokionez, lehen sektoreari "laguntzeko" eta jarduera turistikoa "suspertzeko" ardura herritar guztiena dela gaineratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak