Erabakia hartuta dagoeneko?
Ez, oraindik ez dugu erabakia hartu, bidaia oporretarako ere aprobetxatu gura dugu. Astebete dugu data bakoitzak dituen alde onak eta txarrak baloratzeko, ikusiko dugu.
Dagoeneko hasita zeunden 2020ko denboraldia prestatzen...
Bai. Abuztuan Vichyko ironman proba egin nuenean ondo sentitzen nintzen, eta denboraldia Donostiako maratoiraino luzatzea erabaki nuen, azaroan. Marka ona egin nuen han, gustura geratu nintzen, eta entrenatzaileak eta biok erabaki genuen 2020ra begira planifikazio berbera egitea, hobekuntza txikiak sartuta. Hala, abenduan hilabetez atseden hartu nuen, eta Gabonak pasa eta gero hasi nintzen ostera ere martxan jartzen.
Poliki-poliki kilometroak sartzen...
Hori da, hiru kirol jardueretan kilometroak osatzen hasi nintzen, lasai, eta erabakita geneukan, gainera, hasieran lasterketa gutxi egitea. 10.000 metroko lasterketa bat egin nuen, duatloi bat... Pozik nengoen, sentsazio onak nituelako, eta entrenamendu saioetako datuek ere horixe baieztatzen zuten. Asmoa zen martxoan taldearekin Espainiako distantzia luzeko txapelketan esku hartzea. Eta urteko lehenengo sasoi puntura iristen nenbilela harrapatu gintuen alarma egoerak.
Zelan moldatu zara?
Beno, igeri eta korrika ezin genituen egin; horrenbestez, arrabolean orduak sartuta eta indar ariketak eginez moldatu naiz. Gainera, inork ez zekien zenbat denboran egon behar genuen etxean, eta gauzak lasaitasunez hartu nituen, itsutu barik.
Lasterketa guztiak poliki-poliki bertan behera utzi dituzte, eta Hawaiikoari ere iritsi zaio txanda.
Azkenetakoak izan dira hori iragartzen. Lasterketa urrian izan behar zenez, esperantza geneukan ea ordurako egoerak hobera egingo ote zuen, baina ez, aurreko astean jaso genuen antolatzaileen partetik posta elektronikoa. Eta bertan esan digute bi aukera ditugula. Berez, aurtengo lasterketa otsailera atzeratu dute, eta hor izango dugu lehenengo aukera, edo, bestela, urrian egingo duten lasterketara itxarotea da beste aukera.
Eta? Ze asmo duzu?
Alde batetik, otsailean egingo nuke gustura, datorren urteko urria oso urrun ikusten dut eta, baina otsailekoa aukeratzeak arrisku handiak ditu; izan ere, otsailean ere ezin bada lasterketa egin, eskubide guztiak galduko ditugu, ez da atzerapen gehiago egongo. Pentsa, orain gabiltza urrian egin behar genuen bidaia bertan behera uzten, ez nuke nahi otsailean berriro ere berdin ibili. Dortsala galduko nuke, gainera.
Ez da komeni, ekonomikoki dakarrenagatik eta, bereziki, jakinda ze zaila den bertarako sailkatzea...
Hori da. Nik zortea izan dut nire lehenengo ironmanean lortu dudalako txartela, baina ez da ohikoa. Hara joateko oso ondo prestatzearekin batera, egunean bertan denak irten behar du bikain –Vichyko ironmanean zazpigarrena izan zen sailkapen orokorrean, eta bosgarrena 30-35 adin tartean–.
Otsailekoak, gainera, beste desabantaila batzuk ere baditu, hemen negua dela...
Hori da. Pentsa halako hitzordu baterako zenbat entrenatu behar den, eta hemen eguraldi txarra izaten dugu, argi ordu gutxi... Kiroldegi barruan orduak eta orduak egin beharko genituzke, eta, gainera, hemen tenperatura hotzetara ohitu, eta bat-batean Hawaiiko tenperaturara ohitu behar izatea... Ez da samurra, ez. Bestalde, urrian egiteak badu beste abantaila bat, eta da abuztuko oporraldia entrenatzeko baliatu dezakedala. Gauza asko izan beharko ditugu kontuan erabakia hartzeko.
Bigarren debagoiendarra zara Hawaiirako txartela lortzen duena. 2016an Aritz Kortabarria herrikidea izan zen bertan, nahiz eta lehenago zure taldekide bat ere sailkatu zen Hawaiirako.
Hori da. Gogoan dut Antxintxika taldean sartu berri nengoela Xabi Lekue taldekideak lortu zuela Hawaiirako txartela. Eta ondoren lortu zuen Aritz Kortabarria herrikideak txartela [2016ko edizioan hartu zuen esku]. Kortabarriarekin egin izan dut berba, eta badakit berak sari moduan hartu zuela Hawaiiko esperientzia, hainbat saiakera egin zituen sailkatu ahal izateko, eta lan handia egin zuen ametsa lortzeko. Lorpen galanta iruditu zitzaidan, eta orain, nik lortuta, kontziente naiz niretako ere opari bat izango dela.
Lastima Kortabarriak lasterketan arazoak izan zituela...
Bai; bereziki, maratoian izan zituen arazoak, zauriak izan zituen oinetan eta babak sortu zitzaizkion. Pentsa, halako lasterketa bat berez da gogorra, eta halako arazoekin ibiltzea... Baina, lasterketa nahi moduan egin ez bazuen ere, beti nabarmendu izan dit sekulako esperientzia izan zela.