Maskara erabiltzeko gida praktikoa

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko mai. 20a, 15:58

Herritar bat maskara kirurgikoarekin Arrasaten. (Argazkia: Xabi Urzelai)

Maiatzaren 21ean sartuko da indarrean maskara erabiltzea derrigortzen duen araua. 6 urtetik gorako herritarrek maskarak jantzita eraman beharko dituzte gune itxietan; eta bi metroko distantzia mantendu ezin bada, baita kalean eta aire libreko espaziotan ere. Pertsona bakoitzak maskara mota zehatz bat erabiltzeko gomendioak ere eman ditu Espainiako Gobernuak.

Gainera, alarma egoera ekainaren 7ra arte luzatzea onartuko du gaur Espainiako Kongresuak, eta maskaren erabilera ordura arte behartuko da. Jarraian maskarak erabiltzeko eta erosteko irizpideak eta gomendioak jasotzen dira.

Norentzat izango da derrigorrezkoa?

  • 6 urtetik gorako herritarrak: derrigorrezkoa.
  • Salbuespenak:
    • Maskararen erabilerak larriagotu dezakeen arnas zailtasunak dituzten pertsonak.
    • Maskararen erabilera behar bezala justifikatutako osasun-arrazoiengatik kontraindikatuta badago.
    • Desgaitasun edo mendekotasun egoerak eragindako jokabide nahasmenduak maskararen erabilera bideraezina egiten badu.
    • Maskara erabiltzearekin bateraezinak diren jardueretan.
  • 3 eta 5 urte bitarteko herritarrak: gomendagarria.

Non izango da derrigorrezkoa?

  • Garraio publikoan, orain arte bezala.
  • Bide publikoan, bi metroko distantzia mantentzea ezinezkoa den kasuetan.
  • Espazio itxietan, bi metroko distantzia mantentzea ezinezkoa den kasuetan; betiere, erabilera publikoa duten edo publikoarentzat irekita dauden espazio itxietan.
  • Aire zabaleko espazioetan, bi metroko distantzia mantentzea ezinezkoa den kasu guztietan.
  • Hainbat lanpostutan, langileen segurtasunagatik. 

Nola erabili maskara?

Espainiako Gobernuak emandako irizpideak, Alea toki komunikabideak itzulitako infografia.

Zer maskara mota daude?

Herritarrentzako higiene-maskarak edo maskara kirurgikoak lehenesten dira.

HIGIENE-MASKARA

  • Norentzako dago gomendatuta? Pertsona osasuntsuak.
  • Zertarako balio du? Gomendatutako urruntze fisikoaren eta higieneko neurrien osagarri dira.
  • Zenbat irauten du? Gehienez 4 orduz erabiltzea gomendatzen da, eta bi mota daude: berrerabilgarria eta ez berrerabilgarria. Berrerabilgarriak badira, fabrikatzaileak zehaztuko du zenbat aldiz garbitu daitekeen.
  • Ni babesten nau? Maskara hauek COVID-19 kutsaduratik babesteko oztopo-elementu bat dira, betiere gainerako urruntze fisikoko neurriekin, eskuen higienearekin eta Osasun Ministerioaren gainerako gomendioekin batera erabiltzen badira.
  • Besteak babesten ditu? Bai.
  • Non erosi? Edozein establezimendutan.
  • Neurriak: Helduak eta haurrak.
  • Oharra: produktu hau ez da NBEa, ezta osasun produktua ere.

MASKARA KIRURGIKOA

  • Norentzako dago gomendatuta? Sintomatiko edo sintomarik gabeko pertsona positiboek maskara kirurgikoak eraman behar dituzte.
  • Zertarako balio du? Osasun langileek eta paziente gaixo zein susmagarriek agente infekziosoak transmititzea saihesten du.
  • Zenbat irauten du? Gehienez 4 orduz erabiltzea gomendatzen da. Denbora hori igaro baino lehen busti edo kaltetu egiten bada, aldatu egin behar da.
  • Ni babesten nau? Maskara hauek COVID-19 kutsaduratik babesteko oztopo-elementu bat dira, betiere gainerako urruntze fisikoko neurriekin, eskuen higienearekin eta Osasun Ministerioaren gainerako gomendioekin batera erabiltzen badira.
  • Besteak babesten ditu? Bai.
  • Bi mota: I mota (eraginkortasun gutxiagoko iragazketa) eta II mota (iragazketa eraginkorragoa).
  • Non erosi? Edozein establezimendutan, eta paketatuta saldu behar dira; soilik farmaziek saldu ahal izango dituzte banaka, ontziratu gabe.
  • Oharra: CE marka izan behar du, eta UNE EN 14683 arauaren erreferentziak kalitate-estandar bat betetzen dela bermatzen du.

NBE MASKARA

  • Norentzako dago gomendatuta? Pertsona sintomatikoak edo COVID-19 bidezko positiboak zaintzen dituztenek edo horiekin kontaktuan daudenentzako.
  • Zertarako balio du? Norbera Babesteko Ekipamendua (NBE) da; profesionalek erabiltzeko gomendatzen da; arrisku potentzial baten eta erabiltzailearen arteko hesi bat sortzen du. Talde zaurgarrientzat ere gomendagarriak izan daitezke, betiere medikuaren gomendioz bada.
  • Zenbat irauten du? Gehienez 4 orduz erabiltzea gomendatzen da, eta bi mota daude: berrerabilgarria eta ez berrerabilgarria.
  • Bost mota (gutxienetik handienera, babes-mailaren arabera):
    • FFP1 exhalazio-balbularik gabe: ni babesten nau; besteak ere babesten ditu.
    • FFP2 exhalazio-balbularik gabe: ni babesten nau; besteak ere babesten ditu.
    • FFP3 exhalazio-balbularik gabe: ni babesten nau; besteak ere babesten ditu.
    • FFP2 exhalazio-balbularekin: ni babesten nau, baina ez ditu besteak babesten.
    • FFP3 exhalazio-balbularekin: ni babesten nau, baina ez ditu besteak babesten.
  • Non erosi? Farmazietan, establezimendu espezializatuetan eta saltoki handietan; aldez aurretik baimenduta egon behar dute.
  • Erabilera ez-profesionala: profesionala ez bazara, birusarekin kontaktuan ez bazaude edo birusarekin lotutako arrisku-jarduerarik ez baduzu, ez duzu horrelako maskararik behar.
  • Oharra: CE marka izan behar du, eta UNE EN-149 arauaren erreferentziak kalitate-estandar bat betetzen dela bermatzen du.

Ohiko zalantzak

  • Eman diezaioket buelta maskarari? Inola ere ez da komeni hori egitea. Horrek ez du maskaren iraunkortasuna handituko, ezta eraginkortasuna ere.
  • Segurua al da mikrouhin-labean garbitzea? Ez. Ez dago metodo horren bidezko higienizazioaren eraginkortasunari buruzko datu eztabaidaezinik. Beraz, ez da inolaz ere erabili behar. Gainera, maskarak sudurrera doitzeko metalezko tira bat ekar dezake, eta arriskutsua litzateke mikrouhin-labean sartzea.
  • Zer gertatzen da etxean egindako maskarekin? Maskara horiek egiteko materialak eta metodoak askotarikoak dira. Gainera, baliteke egiaztapenen edo saiakuntzen kontrola pasatu ez izana. Beraz, ez da horren eraginkortasuna bermatzen.
  • Eta beste batzuk, adibidez, urpekaritzakoak? Maskara mota hori ez da gomendatzen COVID-19ren aurkako kutsatze posibleak murrizteko oztopo gisa.
  • Haurrek helduen maskarak erabil ditzakete? Ez da gomendatzen 12 urtetik beherakoek helduentzako neurria duten maskara higienikoak erabiltzea. Hala ere, COVID-19ren ondoriozko positiboek, sintoma edo asintomatiko positiboak badituzte, helduentzako neurria duten maskara kirurgikoak erabiltzea lehenesten da.
  • Zer gertatzen da neurri okerreko maskara bat erabiltzen bada? Behar bezala egokitzen ez bada, ez du izango behar duen eraginkortasuna. Garrantzitsua da sudurrera ondo egokitzea eta okotza estaltzea.
  • UNE bermerik gabeko maskara higieniko batek babesten al nau? UNE espezifikazio bati erreferentzia ez egiteak ez du esan nahi COVID-19aren aurrean babesten ez duenik. Batzuek beste arau batzuk jarraitzen dituzte eta horrela agertzen da etiketan. Hala ere, maskara higieniko batek ez badu arau edo entseguei buruzko erreferentziarik, ezin du bermatu babes-maila.
  • Garbitu al daitezke berrerabili ezin diren maskarak? Ez. Fabrikatzaileak maskara garbitzeko modukoa dela adierazten ez badu -eta, beraz, berrerabiltzeko-, ez garbitu. Ezin da bermatu bere ezaugarriei eutsiko dienik.
  • Nola garbitzen dira maskara berrerabilgarriak? Fabrikatzaile bakoitzak garbitzeko jarraibideak azaltzen ditu. Gomendatutakoa ez den metodo bat erabiltzeak produktua hondatu dezake eta, beraz, eraginkortasuna gal dezake. Espainiako Osasun Ministerioak hainbat aukera eskaintzen ditu:
    1- maskarak garbitzea eta desinfektatzea detergente arruntarekin eta ura 60º-90º bitarteko tenperaturan (garbigailuaren ziklo normala).
    2-Sartu maskarak lixiba diluzio batean 1:50 ur epelarekin 30 minutuz. Ondoren, garbitu urarekin eta xaboiarekin, eta ondo kendu lixiba guztia, ostean lehortzen utzi.
    3-Espainiako Ministerioak baimendutako biruzituak erabili daitezke maskarak desinfektatzeko.

Oharra: Espainiako Gobernuak emandako gomendioak eta irizpideak dira albiste honetan jasotzen direnak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak