Kulturaren Euskal Behatokiaren bidez, langile eta sortzaileei inkesta bat egin zaiela azaldu du Zupiriak gaurko agerraldian, eta 243 eragilek erantzun dutela esan du. Inkesta horietan jasotako informazioa lagungarria izan dela adierazi du neurriak hartzeko, eta Eusko Jaurlaritzak kultura arloko langileei zuzendutako aholkularitza zerbitzua jarri duela esan du sailburuak. "Zerbitzu horren helburua da COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioei aurre egiteko abian jarritako laguntza eta neurriei buruzko informazio guztia hurbiltzea", azaldu du. Bestetik, aste honetan iragarri diren diru-laguntzei dagokienez, 'kulturako langileentzako laguntza-programak' 2,5 milioi euro bideratuko dituela azaldu du "langileen jarduera ekonomikoa arintzeko"; halere, gainerako alderdiek gogor salatu dute diru-laguntzak esleitzeko modua, izan ere, Jaurlaritzak astelehenean jakinarazi zuenez, diru-laguntzak zozketa bidez esleituko dira, eta "seriotasun gutxirekin jokatzea" leporatu diote sailburuari.
Bestetik, Zupiriak 2 milioi banatuko direla ere esan du, kulturaren arloko mikroenpresei laguntzeko, eta ERTEen kudeaketari ere erantzun dio: "ERTEen 562 eskaera aurkeztu dira kultura-sorkuntzarekin, arte-sorkuntzarekin eta ikuskizunekin lotutako jardueretan. Era berean, liburutegietatik, artxiboetatik, museoetatik eta beste kultura-jarduera batzuetako enpresetatik jasotako beste 121 eskaerari erantzun zaie".
Euskararen alorra
Saliburuak autokritika egiteko tartea hartu du gaurko agerraldian, eta pandemia egoeran Eusko Jaurlaritzak hizkuntza berdintasuna bermatu ez duela aitortu du. Gainerako alderdietako kideek ere euskararen hutsunea nabarmendu dute Jaurlaritzaren aldetik. Bestetik, Euskaraldiaren bigarren edizioa azarotik aurrera egiteko asmoa azaldu du Zupiriak eta horretan ari direla esan du.
HABEren hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko egutegia ere berretsi du sailburuak, eta ekainaren 12tik aurrera, aurrez aurreko azterketak egingo direla esan du, BECen. Horri lotuta, euskaltegiak irekitzea ere aurreikusten da.