Astelehenean ireki zituzten herritarrek bi hilabete hauetan hainbeste desiratu dituzten terrazak. Aukeran, ordea, gutxi izan ziren ireki zituztenak, eta horrek jende pilaketak eragin zituen hainbat herritan. Nabarmenenak Arrasaten, Oñatin eta Bergaran gertatu ziren. Bergarako Arrano tabernak, esaterako, barkamena eskatu behar izan du sare sozialen bitartez. "Saiatu ginen segurtasun neurri guztiak hartzen eta distantziak bermatzen, baina ezinezkoa izan zen etorri zen jende andana kontrolatzea". Era berean, bezeroei arduraz jokatzeko eskatu diete tabernako kideek.
Oñatiko Boga taberna izan zen lehen egunean terraza ireki zutenetako beste bat, eta, Iker Palacin arduradunak adierazi duenez, nahiz eta astelehenean "gainezka" ibili, martitzenean lasaiago ibili ziren. "Desfase apur bat izan zen, jendeak antsietate handia edukiko zuelako edo. Mahaiak bete zirenean jendeak zutik egon gura zuen, eta guk esaten genien hori ezin zela. Batzuei errieta egiten ibili behar izan genuen, baina martitzenetik aurrera, ondo. Bezeroak gehiago errespetatzen hasi dira eta oso ondo jokatu dute". Orain, ordea, asteburua dator. "Ikusiko dugu zer gertatzen den. Baina terraza gehiago irekiko dituztela uste dut, eta jendea gehiago banatuko da", azpimarratu du.
Lan egiteko modua asko aldatu zaiela aitortu du Palacinek, eta horrek lan gehiago dakarrela. "Orain arte, terraza eduki izan dugu, baina zerbitzua ez dugu eskaini, eta ez gaude ohituta. Orain, komanda hartu behar diegu bezeroei eta eskatzen dutena kanpora atera. Gainera, bezero bakoitza joaten denean, bestea jarri aurretik mahaiak garbitu eta desinfektatu behar izaten ditugu", dio.
Bost pertsona gehienez
Arrasateko Elkar liburu-dendan babes neurri guztiekin ari dira lanean. "Eskularruekin eta maskarekin dihardugu, eta, gehienez, bost pertsona egon daitezke barruan. Batzuetan bezeroei azaldu egin behar izaten diegu gelekin eskuak garbitzeko, batzuek ikusi ere ez dutelako egiten sartzerakoan, eta kontrol lana egin behar dugu orain. Gehienbat, gogoraraztea da; bestela, ondo betetzen dituzte arauak herritarrek", dio Euri Ansoategik, dendaren arduradunak. "Une batzuetan, lan asko pilatu zaigu, eta neurriak hartu beharra, gainera. Baina pozik gaude, ilusioa egiten duelako betiko bezeroak mantentzen direla eta jendea irakurtzeko gogoz dagoela ikusteak. Gainera, herritarrek errespetu handiz jokatu dute hasieratik".
Gaineratu du jende gehiena "oso gogotsu" eta gauza konkretuen bila gerturatu dela egunotan. "Badirudi konfinamenduan liburu konkretuen inguruan aritu direla berbetan eta horren bila etorri direla orain dendara. Beste askok telefonoz ere deitu digute liburuak eskatzen, eta momentu batzuetan pilatu egin zaigu lana".
Txandak ematera ohitzen
Aurreko astean ireki zuten, aurrez txanda eskatuta. "Gu bost langile gara eta hasieran ez genekien zenbat langile sartu ahal izango ginen. Lehen egunean 100 dei baino gehiago jaso nituen. Apur bat urduri ere bageunden, baina gero oso ondo moldatu gara, eta protokoloa bete ahal izan dugu", azaldu du Miren Etxezarreta ile-apaindegiaren arduradunak.
Lan egiteko modu berria izaten ari da Bergarako Disdira ileapaindegikoentzat. "Ez gaude ohituta bezeroei txanda ematen eta bezeroak txandaka edukitzen. Normalean, hainbat bezero edukitzen ditugu aldi berean, eta txandak kontrolatzea eta bakoitzaren iraupena kalkulatzea zaila egin zaigu. Bestalde, bezero bakoitzaren ostean guztia garbitu eta desinfektatu behar izaten dugu".
Lokala handia dela dio, eta neurriak ondo bete ditzaketela. "Gu bost langile gara eta, gehienez, beste bost bezero sartu daitezke aldi berean, hamar pertsona guztira. Horregatik, lanordu gehiago izan ditugu eta bezero gutxiago, baina oso pozik gaude haiekin eta haiek ere pozik daudela esan digute, gauzak ondo egiten ari garelako".
Ohiko ordutegian, ezohiko eran
Joan den astean hitzordu bidez funtzionatu ostean, aste honetan ohiko ordutegian hasi dira lanean Oñatiko Sillero Oinetakoak dendan. "Konfinamenduaren aurretik botekin genbiltzan, eta, aurreko astean eguraldi ona egin zuenez, jendeak sandaliak gura zituen. Gainera, jende asko ibili zen. Zentzu horretan, nahiko kaos izan zen, baina ondo konpondu ginen, eta aste hau hobeto daramagu", adierazi du Ane Zumelagak, Sillero Oinetakoak dendako arduradunak.
Orain, gehienez, bi bezero sartu daitezke. "Gero, desinfektatu egiten dugu denda, egunean bi aldiz, eta mostradorea ere sarri garbitzen dugu. Batzuetan, ahaztu ere egiten zaigu oraindik, eta arreta hori mantentzea da zailena, ohitura falta daukagulako. Sarreran gelak ditugu, gu maskarekin eta eskularruekin ari gara, eta plastikozko galtzetin moduko batzuk ditugu, bezeroak babesteko".
Autoaren garbiketari, garrantzia
Apiril bukaeran ireki zuten Arrasateko Udalaitz auto tailerra, gutxieneko lanak egiteko. "Autoen higienea mantentzeko protokoloak denbora dezente kentzen digu, baina nahiko ondo hasi dugu berriro martxa".
Bezeroarekiko kontaktua ezberdina izaten ari dela onartu du tailerreko arduradun Jon Galdosek. "Saiatzen gara kontaktu hori ahalik eta txikiena izan dadin, gugatik eta haiengatik, noski. Autoaren garbiketari inportantzia ematen diogu, gehien ukitzen diren lekuei, batez ere: ateak, sarraila, bolantea, palanka, eta abar. Ozono-makina jarri dugu, auto guztia desinfektatzeko. Horrez gain, tailerrean maskarak, eskularruak eta EPIak erabiltzen ditugu prebentzio modura. Distantziak ere behar moduan betetzen ditugu".
Lan egiteko modua aldatu den arren, batez ere "ezjakintasun eta beldur puntu hori" nabarmendu du Galdosek. "Hala ere, bezeroek ondo jokatzen dute, eta ezarritako neurri guztiak ondo betetzen dituzte".
Bergarako IATn, ibilgailu asko
Martitzenean ireki zuten Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoa. "Gure lan egiteko modua aldatu behar izan dugu. Inspekzioari gehien eragin diona da lehen inspektoreak egiten zituen proba batzuk orain bezeroak egin behar dituela, inspektorea autoan sar ez dadin: gas emisioen proba eta frenoena", dio Fernando Legaz zuzendariak.
Eskaera guztiei zerbitzua eskaintzen ari dira, "kontuan hartu gabe bi hilabete hauetan pasatzekoak ziren autoak edota orain pasatu behar dutenak diren. Baina kontuan izanda ia bi hilabete itxita egon garela, autoak pilatzen ari zaizkigu, normala den moduan". Segurtasun neurriei dagokienez, sartzen diren pertsona guztiei tenperatura neurtzeko kamera bat jarri dute. Bestalde, langile guztiek dituzte eskularruak, maskarak eta gelak.
Legazek aitortu duenez, inspekzioak berak ez die zailtasun handirik eragiten. "Zailena da bezeroak ordenatzea eta bulegoan arreta eskaintzea, jende pilaketak ekiditeko. Izan ere, segurtasun distantziak mantendu behar izaten dituzte txanda eskatzera datozenean edota bukaerako txostena jasotzerakoan".
Errenta aitorpenaren kanpaina, geroago
Apirilaren 15ean zen hastekoa errenta aitorpenaren kanpaina, modu mekanizatuan, ogasuneko bulegoetan egiteko aukera eskainiz. Baina, egoerak baldintzatuta, eguaztenean zabaldu zituzten lurraldeko ogasuneko bulegoak; horien artean, Debagoienekoa, Bergarakoa.
"Sasoi normaletan, beste urte batzuetan, eguneko 200 bat errenta aitorpena egin izan dugu, baina oraingo egoeran %25 gutxiago egingo ditugu. Hasieran, mantsoago hasi gara, segurtasun neurri guztiekin", nabarmendu du Miren Pozuetak, bulegoko arduradunak. Halaber, derrigorrezkoa da txandak aldez aurretik hartzea, Gipuzkoako Ogasuneko telefonotik edo webgunetik.
Hamaika lagun ari dira lanean, babes neurriekin, eta bulegoa egokitu egin dute: "Mahaien artean egurrezko manparak jarri ditugu, batetik bestera bereizteko, eta teknikari eta herritarren arteko distantziak bermatzeko, kristalezko manparak jarri ditugu. Horrez gain, bulego kanpoan itxoin behar da eta behin barrura sartutakoan gelekin eskuak garbitu. Ez da beharrezkoa maskarekin etortzea, baina jende asko dator maskarekin".
Jauna, lekutik mugitu gabe
Neurri bereziekin hasi dituzte mezak ere. Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Gatzagako parroko Andoni Illarramendik dioenez, elizkizunetan ez diote elkarri bakea ematen, eta, herritarrak lekutik mugitu gabe, parrokoak ematen die jauna. Horrez gain, eserlekuetan markak ipini dituzte. "Lekuak bi metroko distantziarekin markatu ditugu, jendeak jakin dezan non eseri behar duen. Sarreran gelak ditugu eta ez dago ur bedeinkaturik". Elizkizunak pantaila batekin ematen ditu parrokoak.