Sarasuak Lan eremuko uhinaldiaz hitzaldiaren eskutik hasiera eman zion jardunaldiari eta aretxabaletarrak, lan eremuan euskarari espazioak zabaltzeko eskala handiko uhinaldi bat hasteko oinarriak landu zituen. Ondoren, Leire Cancio, Agirre Lehendakaria Centerreko transferentzia eta ezagutza kudeatzeko arduradunaren txanda izan zen eta honek, erakundeak berrikuntza sozialaren marko teoriko eta praktikoaren arloan egindako ekarpenak azaldu zituen.
Hitzaldien ostean, mahai-inguruaren txanda izan zen. Bertan, Pilar Kaltzadak (idazlea eta kazetaria), Bingen Zupiriak (Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburua), Leire Okarantzak (Fagor Kooperatibako Gestio Sozialeko ordezkaria) eta Kike Amonarrizek, (Topaguneko presidentea) hartu zuten parte, eta bi gai izan zituzten hizpide: Sarasuaren gogoeta eta testuinguru ekonomiko berrian euskarak presentzia gehiago izateko gakoak. Horrez gain, mahai-ingurua amaitzeko, jardunaldia etxetik jarraitzen ari zirenen galderak erantzun zituzten.
Jardunaldiarekin amaitzeko, krisi egoeran euskara tresna gisa erabilita jarduera arrakastatsuak aurrera eramaten ari diren hainbat enpresen esperientziak ezagutzeko aukera izan zuten parte-hartzaileek, Aritz Martinez de Lunaren (Alea proiektua), Kemen Goitiandiaren (Maier S. Kooperatiba) eta Peio Etxelekuren (Agour gaztaindegia) testigantzekin.
Datorren astean hamabigarren edizio honetako ponentzia guztiak Udaltopen atarian argitaratuko dira.