Agustin Agirre: "Kezkagarriena da koronabirusa gurekin geratuko dela"

Imanol Beloki Unamuno 2020ko mai. 15a, 09:00

Agustin Agirre, Debagoieneko Ospitaleko Koordinazio Asistentzialeko Area Medikoko zuzendaria.

Agustin Agirre Debagoieneko Ospitaleko Koordinazio Asistentzialeko Area medikoko Zuzendariak Debagoieneko Ospitalean bizitakoaz, osasungintzako langileen profesionaltasunaz eta etorkizunera begira pandemiak izango duen eraginaz mintzatu da, besteak beste.

Osasun zentroetako egoera normalizatzen ari da apurka-apurka, eta Debagoieneko Ospitaleko zerbitzuak errekuperatzen ari dira, koronabirusa atzean utzita. COVID-19 gaitzak eragindako une gogorrak, osasun langile taldeak izan duen jarrera eta erantzuna, eta etorkizunera begirakoak izan ditu hizpide Agustin Agirrek.

Arrasate da Gipuzkoako bigarren herria koronabirus kutsatu gehien izan dituena. Zein izan daiteke horren arrazoia?

Zaila da galdera hori garbi erantzutea. Atzera begira jarri behar dugu; lehenengo kasua Italiatik etorritako pertsona batena izan zen, eta lotura bat dago hor. Gure gaixo guztiak Gasteizera ere joan dira, eta handik ere etorri ziren hasieran zenbait kasu…

Zein izan da gestionatzeko zailtasun handiena?

Izan ditugun aldaketak. Egunetik egunera jaso ditugun informazioak ezberdinak izan dira. Medikuok ez genekien birusak zein portaera zeukan, diagnostiko batera heltzeko sintomatikoak eta asintomatikoak… Gaur egun, askoz ere gehiago dakigu. Martxo bukaeran gailur bat izan zen, eta paziente asko izan ziren egoera larrian. Hori kezkagarria izan zen, ez genekin oso ondo nola erantzun, eta une gogorrak bizi izan genituen.

Anbulatorioetan ere testak egiten hasi dira. Zein da proba hauen prozedura?

Madrildik protokolo batzuk jasotzen ditugu; horiek Osakidetzan pixka bat moldatzen dira, eta horrekin egiten dugu eguneroko lana. Aldatzen joan dira protokoloak, eta orain, proba batzuk eskatzen dira lehen eskatzen ez zirenak. Sintoma batzuekin proba eska dezakezu. Lehen, 15 egun etxean geratzea eskatzen zen sintomarik izanez gero. Aste honetan eta hurrengoan, bestalde, sintomak dituen biztanleria osoari probak egiten hasiko gara. Debagoienean 2.700 proba egin ditugu, gutxi gorabehera. Urgentzietan, ingresatutakoei, etxeko ospitalizazioan… Ahaztu barik nagusien egoitzetan egin ditugunak. Proba asko egin dizkiegu bai egoiliarrei eta baita bertako langileei, eta Osakidetzako langileei.

Material faltarik izan duzue ospitalean?

Arazoak izan ditugu; stock haustura deritzona ez dugu izan, baina justu-justu egon izan gara. Prebentiboko departamentuak asko lagundu digu, momentuan bagenekielako zein falta genituen, eta horiek ez ditugu bukatu. Ez dugu izan arazorik maskarekin, EPIekin… eta beti izan dugu materiala.

Lantalde handia duzu zure kargu. Zer jaso duzu egoera honetan beraiengandik? Zein erreakzio?

Hain zuzen ere, Debagoienean gure langile guztiekin zorte izugarria izan dutela beraiekin kontatzeko. Profesional handiak daude hemen, talde aldetik lan gogorra, bilera ugari egin ditugu; betiere, neurriak hartuta… Profesional aldetik, erantzunaren aldetik eta moral aldetik oso harro nago beraien jarrerarekin.

Krisi honetatik indartuta aterako gara?

Esaten dutenez, eta nik ere hala uste dut, koronabirusa gurekin geratuko da. Albiste oso kezkagarria da. Honek esan nahi du bakuna lortu arte gure bizimodu guztia aldatuta dagoela. Bestalde, ikusi dugu koronabirus momentu txarrenetan ere nahiko ondo egon garela. Udarako eta, bereziki, udazkenerako prestatuta egon beharko dugu. Izan ere, baliteke gripea eta koronabirusa batera etortzea. Gripearen txertoak hartu beharko ditugu sekula baino serioago, eta prestatuta egon beharko dugu.

Prestakuntza horretan, bereziki, zer beharko duzue?

Indarrak jartzea kasu bat identifikatu eta segituan zerbait egitean; hala, kutsadura ez hedatzeko. Hori izango da hemendik aurrera gure lanik garrantzitsuenetakoa. Biztanleriarekin ere landu beharko dugu, mila aldiz esaten ari garen hartu beharreko neurriak… helaraziz. Gainera, berriz ere hartu behar ditugu betiko gaixotasunen tratamenduak. Horiek ere hor daude, nahiz eta koronabirusaren kontra ari garen.

Zein izango da ikasgai nagusia? Zer erakutsiko digu krisi honek etorkizunera begira?

Osasunaren arlo guztiek indartsuago atera behar dute hemendik. Eta azpimarratzekoena egoitzak dira. Beste ikuspegi batetik begiratu behar ditugu. Oso ondo daude, baina koronabirusak toki bat bilatzen du kutsatzeko oso erraza dena. Komunitate bat da, bisita asko daude, denek batera bazkaltzen dute… Zaila da kontrolatzea hor sartzen bada.

Egoera normalizatuan ari zarete lanean?

Horretan gaude, baina ospitalea, kontsulta… ez da lehengo bera izango. Gaixoak bisitatzera lehen denak batera etortzen ziren; orain, hori moztu egin behar da. Urgentzietara ere garai batean orkatilan bihurritu txiki bategatik etortzen ziren asko, eta gauza horiek landu egin behar ditugu.

Bizitza profesionaleko une gogorrena izan da?

Urte batzuk baditut, eta ez dut nire bizitza guztian halakorik bizi izan. Bi-hiru hilabete hauetan, une gogorrena muin-muinean geundela bizi izan genuen egoera izan zen. Kutsatutakoak egoera larrian, ez genekin prest ginen egoerari aurre egiteko… sinestezina.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak