Gobernuak aurreko astean egindakoa "proposamena" dela esan du gaur Erkorekak. Ikastetxeetara era mailakatuan itzultzeko plana aurkeztu zuten maiatzaren 7an, eta bertan zehaztu zutenez, maiatzaren 18an, Batxilergoko 2. mailako ikasleak, Goi Mailako Lanbide Heziketakoak (1. eta 2. mailak) eta Erdi Mailako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako 2. mailakoak itzuliko dira jardun presentzialera. Astebete beranduago, hilaren 25ean, DBHko 4. mailako ikasleak, Batxilergoko 1. mailakoak eta Erdi Mailako Lanbide Heziketako 1. mailakoak itzuliko dira.
Egoeraren arabera "proposamena" aldagarria izan daitekeela esan du bozeramaileak, baina ikastetxe bakoitzaren esku utziko dute antolaketa, "betiere irizpide pedagogikoak jarraituz". Erkorekaren esanetan, ikastetxeek autonomia izango dute Gobernuaren proposamena nola gauzatu erabakitzeko. Aukera izango dute beraz, ikasturtea modu presentzialen bukatu edo ez adosteko eta erabakiak zein ikasleri eragingo dion erabakitzeko. Hala ere, Erkorekak adierazi duenez, adituek ikasturteak "modu presentzialean" bukatzea lehenesten dute, eta Jaurlaritza osasun-neurriak bermatzeko lanean ari da. Hortaz, modu presentzialean ez bukatzea erabakitzen duten ikastetxeek "azalpenak" eman beharko dituzte: "Ezezkoa erabakitzen dute, esan dezatela zergatik, beti ere osasun baldintzak beteko baitira".
Bestetik, proposamena hezkuntzako eragile guztiei bidali zaiela ere adierazi du Erkorekak, eta egunero biltzen ari direla azaldu du "kontraste eraginkorrak" lortzeko. Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioko ordezkariek pozez hartu zuten berria, eta "eskolen autonomiak" ikasleen beharrei erantzuteko balioko duela dio. Familiek ere haien autonomia izango dute bozeramailearen esanetan, eta beraz, seme-alabak ikastetxeetara joan edo ez erabaki ahalko dute.
Sindikatuen erantzuna
LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek ohar bateratua argitaratu dute Jaurlartizaren erabakia dela-eta. Ikasgeletarako itzulera ikastetxe bakoitzaren ardurapean uzteko erabakia salatu dute, eta hezkuntza sailari "bere ardurak" bere gain hartzea eskatu diote: "Ikastetxeekin landu gabe hartu diren neurri horiek abian jartzeko zentroetako zuzendaritzengan neurrigabeko ardura maila ezarri dute". Horri lotuta, ikastetxeetako langile eta ikasleen "osasuna bermatzeko baldintzarik" ez dagoela azaldu dute, eta maiatzaren 18an ikastetxeetara itzultzeak langile zein ikasleen osasuna, "arrisku larrian" jarriko lukeela. "Itzulera planaren ezaugarri nagusia inprobisazioa, prezipitazioa eta zehazgabetasuna direla esan dezakegu", diote sindikatuek.
Bestetik, plana hezkuntza eragileekin negoziatu eta landu gabekoa izan dela gehitu dute oharrean, eta hezkuntza-komunitateko gainerako kideak ere kontuan hartu behar direla esan dute: "Familien zein ikasleen iritzia, langileen ordezkariena bezalaxe, ez da inolako momentuan kontuan hartu eta osasunaren ardura ere haiengan jarri dute".
Planak Hezkuntza Komunitate osoaren "gaitzespena eta kritika" jaso duela salatu dute sindikatuek, eta horren egikaritzea “familien eta ikasleen gain” jartzea salatu dute: "Sailari dagokio osasuna bermatzeko irizpide zehatzak, protokoloak, neurriak eta hauek aurrera eramateko baliabideak plan egoki batean jaso eta aurreikustea, ondoren ikastetxe bakoitzak bere autonomiaren baitan aurrera eraman ahal ditzan".
- Ikasgeletara lehenbailehen itzuli behar dela uste dugu. Itzulera hori berme juridikoekin eta segurtasun-neurriekin egin behar da. Une honetan aipatutako baldintzak ez dira betetzen.
- Administrazioari eskatzen diogu prestatzen ari den segurtasuneko esparru-plana helarazi dezala lehenbait lehen ikastetxeetara, hauek beren errealitatera egokitu ahal izan dezaten. Ikastetxeko plan hori eskola-kontseiluak adostu behar du.
- Urrutiko irakaskuntzak ohiko bideari jarraitzen dio, alarma-egoera ezarri zenetik irakasleek eta ikasleek familien laguntzarekin egiten duten lanari esker.
EHIGEren iritzia
Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak bere aldetik adierazi du ez dela ikastetxeetara itzultzea planteatu behar berme juridikorik eta segurtasunik ez dagoen bitartean. Administrazioari eskatu diote prestatzen ari den segurtasuneko esparru-plana "helarazi dezala lehenbailehen ikastetxeetara, hauek beren errealitatera egokitu ahal izan dezaten". Ikastetxeko plan hori eskola-kontseiluak adostu behar duela diote.
Ikasgeletara lehenbailehen itzuli behar dela uste arren ez dute nahi edozein modutan izaterik hori: "Itzulera hori berme juridikoekin eta segurtasun-neurriekin egin behar da. Une honetan aipatutako baldintzak ez dira betetzen". Online irakaskuntzarekin "ohiko bideari" jarraitzen diotela gaineratu dute: "Alarma-egoera ezarri zenetik irakasleek eta ikasleek familien laguntzarekin egiten duten lanari esker".