2,5 milioi euroko aurrekontua kultura arloko profesionalei laguntzeko

Maialen Regueiro 2020ko mai. 11a, 18:43

Odolkiak Ordainetan eta Unidad Alavesa taldeen kontzertua, Bergarako gaztetxean

Lanbidek eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diru-laguntza programa bat sustatu dute, kultura arloko profesionalak laguntzeko helburuarekin, eta horretarako, 2,5 milioi euro bideratuko dira. Laguntza hau COVID-19aren eraginez euren jarduna bertan behera utzi behar izan duten kulturako profesionalei zuzenduta dago eta bihartik hasita, 10 egun balioduneko epea izango dute eskabidea egiteko eta eskaera egiten guztien artean notario aurreko zozketa egingo da.

Laguntza eskatzeko baldintzak

Laguntza eskatzeko, kultura arloko profesionalek hainbat baldintza bete behar izango dituzte: egoitza pertsonala eta fiskala Euskadiko Autonomia Erkidegoan izatea, adinez nagusiak izatea, EAEn erroldatuta egotea eta bertan bizitzea, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean artisten jarduera profesionala izatea eta bertan behera geratutako kultura-jardueran modu esklusiboan aritzea –diru-sarreren %60a kultura-jardueratik etortzen denean ulertuko da modu esklusiboan aritzea–.

Kultura arloko profesionalen egoera gainera, hiru motakoa izan daiteke: norberaren edo besteren kontura aritzea lanbide-jardueran, alta emanda Gizarte Segurantzako Autonomoen Araubide Berezian edo Araubide Orokorrean (ikuskizun publikoetako artisten sistema berezian kotizatuz), eta jarduera eten edo bertan behera geratu izana alarma-egoera deklaratu delako; lanbide-jarduera kontratatuta eduki eta hura eten edo bertan behera geratu izana alarma-egoera deklaratu ondoren; eta 2019ko ekitaldian alta emanda egon izana Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide Berezian eta/edo Araubide Orokorrean, ikuskizun publikoetako artisten sistema berezian kotizatuz, gutxienez 3 hilabete edo 90 egunean.

Zozketa

Gainera, eskaera bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio eta haiek aurkezteko epea amaitzen denean, notario aurrean zozketa egingo da eta zenbaki bat aukeratu. Ondoren, eskabidetako ordena aztertu, eta deialdiko baldintzak betetzen dituzten guztiak esleituko dira, haiek finantzatzeko funtsak agortu arte. Behin aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa eman eta horren berri argitaratuko da EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

Laguntzaren zenbatekoa

Kultur arloko profesionalek hilero jasoko lukete diru-laguntza eta zenbatekoa, 2019an izandako diru-sarrera garbien hileko bataz bestekoaren %70aren baliokidea litzateke, jarduera gainera, kultura edo arteari lotutakoa izan beharko da.

Profesionalek, hilean, gehienez 1.200 euro jaso ahal izango dituzte, baina eskaera egiten duen pertsona 2020ko urtarrilaren 1etik martxoaren 13ra bitartean hasi bada arlo honetan lanean, hilero 950 euro jasoko ditu. Laguntza honek gainera, alarma egoera amaitzeko agindua izan arte edota kultura arloko ekitaldiak modu presentzialetan egiteko baimena izan arte iraungo du, gehienez, sei hilabete.

Eskaerak egiteko modua

Diru-laguntza jasotzeko eskaerak Lanbideren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira. Eskaera egin nahi duen pertsonak modu fisikoan egitea nahi badu, Lanbideko edozein bulegotan egin dezake.

Horrez gain, kultura arloko profesionalek aholkularitza pertsonalizatua eta bi gida jasotzeko aukera izango dute. Interesa dutenek, Kulturklik Pro-n eskuratu dezakete informazio hori. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak