Gipuzkoako Foru Aldundiak, lurraldeko udalekin partekatutako azterketa bat egin ondoren, prestatu duen dokumentuan hainbat gako proposatzen ditu indarkeria sexistak gaur egungo osasun alertaren baitan izan duen bilakaera ulertzeko. Era berean proposatzen ditu jarraibide eta "jardunbide egokiak", erasoak eta indarkeriazko egoerak jasaten ari diren emakumeei arreta emateko.
Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak, Miren Elgarrestak, jakitera eman duenez, gida horrek "tresna baliagarria" izan nahi du, gaur egungo egoeran, emakumeen aurkako indarkeria lantzen dabiltzan tokiko erakundeentzat eta teknikarientzat.
Salaketa kopuruak "behera"
Indarkeria sexistagatik jarritako salaketen kopuruak behera egin du datu ofizialen arabera. "Beherakada hori ziurrenik elementu berriek eragin dute, eta elementu horiek indarkeria gertatzen den moduei eta kasuei eragiten diete", adierazi du Elgarrestak. Orain arteko bilakaeraren behin betiko zifrarik egon ez arren konfinamenduan zehar "erasotzaileen kontrol sentsazioa areagotu" egiten da lehen hipotesien arabera, eta areagotu egiten dira neurri berean, salaketak jartzerako orduan emakumeei atzera egin arazten dieten faktoreak ere.
Itxialdian, gainera, zailagoa da emakumeentzat laguntzen gaineko informazioa eskaintzen dieten zerbitzuekin harremanetan jartzea. Gida oso erabilgarria izan daitekeela uste du Elgarresteak, orain arte inoiz bizi izan ez den testuinguru honetan indarkeriaren bilakaeraren erradiografia zehatzagoa izateko, eta gaineratu: "Orain inoiz baino gehiago, indarkeria matxistaren aurka konprometitzeko unea da".
Arreta, detekzioa eta sentsibilizazioa
Indarkeria sexista osasun larrialdian. Tokiko administrazioentzako gida izeneko dokumentuak gomendio batzuk ematen ditu hiru mailatan banatuta.
Batetik dago, arreta, eta gidaliburuak dio jardunbide egokia dela telefono bidezko arreta eta berehalako mezularitza erabiltzea indarkeria jasaten ari diren emakumeei erantzuteko. Bestetik, detekzioa aipatzen da; osasun alarmaren aurretik (Emakumeen Etxeen edo Ahalduntze Eskolen eskutik) edo alarma egoeran zehar (elikagaien banaketa, zaintza sareak...) sortutako sare komunitarioen lankidetza balioan jartzen du, biktima izan daitezkeenak identifikatzeko. Eta hirugarrenik, sentsibilizazioari dagokionez, azpimarratu dute dokumentuan osasun alarmaren testuinguruan indarkeria matxistak premiazko gaia izaten jarraitzen duela eta, beraz, arreta zerbitzuak egokitzeko eta laguntza eskaintzeko ahalegina egiten ari dela.
Udalerri txikientzako aholkularitza
Berdintasun zerbitzuekin eta lurralde osoko udalekin partekatu dute dokumentua. Elgarrestak adierazi duenez, alarma egoera hasi zenetik, indarkeria matxistari aurre egiteko ardura duten erakundeek "lankidetza indartu eta osasun alarmaren aurrean eskaintzen dituzten zerbitzuak egokitu dituzte". Ildo horretatik, 10.000 biztanletik beherako udalerriei laguntza eta aholkularitza zerbitzua eskaini dietela ere esan du.