1. faseari dagozkion neurriak zehaztu ditu Eusko Jaurlaritzak

Miren Arregi 2020ko mai. 11a, 13:40

[EGUNERAKETA] Eusko Jaurlaritzak 1. fasean onartuta dauden neurrien berri argitaratu du dekretuan. Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, bestetik, hainbat zehaztapen egin ditu, besteak beste, oraindik ezingo direla etxeetan taldeak batu. Horrez gain, jarduera fisikoaren, komertzioen eta ordutegien nondik norakoak argitu dituzte.

Hego Euskal Herria lehenengo fasean sartuko da astelehenean. Madrilek lehenengo fasera pasatzeko irizpideak ezarri arren, "zorrotzagoa eta murriztaileagoa" den plan bat diseinatu dutela eman zuen jakitera atzo Jaurlaritzatik. Besteak beste, mugikortasuna norbere herrira mugatuko zen Ekonomiako sailburu Arantza Tapiaren esanetan, baina gaur aurreratutako zirriborroak jasotzen dituen aukeren artean dago kirola egiteko herritik atera ahal izateko aukera. Hala, mugakide diren herrietaraino joan ahal izango dira herritarrak korrika, bizikletan edo menditik oinez. Gainera, paseatzeko orain arte ezarrita zegoen kilometro bateko muga ere bertan behera geldituko da. 

Era berean, ondoan diren herrien arteko mugikortasuna baimenduko da "jarduera sozioekonomikoak" egiteko, baina "osasun arrazoiak medio, norbere herritik kanpoko mugimenduak ahalik eta gehien mugatzea gomendatzen da". Gainera, EAEko hiru lurraldeetara joan ahal izango da arrazoi sanitario edo profesionalengatik. Hala nola, adineko edo dependentzia zein ezgaitasun egoeraren bat pairatzen duten senitartekoak bisitatzera edo artatzera.

Aire libreko kirol instalazio pribatuak zabaltzeko aukera

Aire libreko kirol instalazio pribatuek ere izango dute irekitzeko aukera, ez horrela publikoek. Herritarrek horietara joan ahal izango dute euren herrian edo alboko baten badaude. Aurrez, txanda eskatuta egingo da hori. 

Kultur jardueretarako lokalak itxita

Dekretuak kultur jarduerei dagokienean jasotzen du, biblioteka, museo, zein kultur ekintzak garatzeko establezimenduek itxita jarraituko dutela. 

Familiak elkarrekin 

Bihartik aurrera, etxe berean bizi diren lagun guztiek batera ateratzeko aukera izango dute.

Kirola egiteko eta paseatzeko lehengo ordutegiak

Paseatzeko eta kirola egiteko ordutegiek berdin jarraituko dute:  6:00etatik 10:00etara, eta 20:00etatik 23:00etara, helduen kasuan; 10:00etatik 12:00etara, eta 19:00etatik 20:00etara, mendekotasunen bat dutenentzat eta 70 urtetik gora dutenen kasuan; eta 12:00etatik 19:00etara, 14 urtetik beherako haurrentzat. Azken horiek gehienez ordubete izango dute kalean egoteko, orain arte bezala. 5.000 biztanletik beherako udalerriek ez dute mugarik izango ordutegietan, orain arte bezala.

10 laguneko topaketak

Etxe barruan ezingo dira taldeak elkaatu, baina tabernetako terrazetan 10 pertsona arteko topaketak baimenduko dira bihartik aurrera. Terrazetan egoteko ez da denbora tarterik egongo. Ostalaritzako establezimenduetan %50eko aforoa baimenduko da. Mahaien artean bi metroko distantzia bermatu beharko da. Bestetik, Segurtasun Sailaren arabera, kafetegi-zerbitzua ematen den ookindegietan, eramateko salmenta bakarrik baimentzen da, establezimenduaren barruan kontsumitzeko baimenik gabe. Terraza badu, ostalaritza-zerbitzuetarako ezarritakoa bete beharko du.

Saltokiak irekiko dira

400 metro koadro baino gutxiagoko establezimenduak ireki ahal izango dira edukieraren herena izango dutelarik baimenduta. 0 fasean ere izan dute horiek irekitzeko aukera, aldatzen dena da, oraingoan ez dela beharrezkoa izango aldez aurretik hitzordua hartzea.

Bestelako merkatuak

Bestelako merkatuen inguruko zehaztasunak eman ditu Segurtasun Sailak ere. Kaleko salmentako azoka txikiak ere baimentzen dira 1.fasean. Udalek merkatuak mugatzeko baldintzak jarriko dituzte, langileen, bezeroen eta oinezkoen arteko segurtasuna eta distantzia bermatzeko. Bestetik, behar-beharrezkoak diren produktuak kalez kale saltzea ere baimenduko da, baldin eta Udalaren gaikuntza-ziurtagiria izanez gero. Osasun Agintaritzak zehaztutako higiene- eta osasun-neurriak gorde beharko dira, eta 08: 00etatik 15: 00etara egin ahalko da jarduera.

Kontzesionarioak eta azterketa teknikoak

Ibilgailuak saltzen dituzten kontzesionarioak irekita egongo dira astelehenetik aurrera, baina aldez aurretik ordua hartu beharko da. IAT ibilgailuen azterketa teknikoa egiteko guneak ere irekiko dituzte, eta beharrezkoa izango da aldez aurretik ordua eskatzea.

Ehorzketa eta beilatoki zerbitzuak

Beilak egin ahal izango dira instalazio publiko zein pribatuetan. Hori bai, asko jota 15 pertsona elkartu ahal izango dira aire libreko espazioetan eta 10 espazio itxietan. Kasu guztietan errespetatu beharko dira segurtasun eta higiene neurriak, hala nola, bi metroko distantzia eta eskuen garbiketa.

Gurtzarako tokiak

Gurtza guneak irekiko dira betiere edukieraren heren bat baimenduta. Segurtasun eta higiene neurriak bete beharko dira. Ur bedeinkatua erabiltzea ez da baimenduko eta ospakizun erlijiosoen iraupena murriztuko da. Gainera, ezingo da liburu edo eskuorririk banatu.

Hezkuntza zentroak eta Unibertsitateak

Ireki ahal izango dira desinfektatzeko, egokitzeko eta funtzio administrazioetarako.

Ikus-entzunezkoen produkzioa

Filmaketak egin ahalko dira betiere neurri higienikoak betetzen badira. Lan-taldeak gutxieneko beharrezko pertsona kopuruetara mugatuko dira. Grabaketak platoetan zein espazio pribatuetan egin ahalko dira, bai eta espazio publikoetan ere, tokian tokiko udalaren baimenarekin.

Hotelak ireki ahalko dituzte

EAEko hiru lurraldeen kasuan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak, soilik udalerri barruan dauden hoteletara joan ahalko dira, –mugikortasuna murriztuta baitago– eta era berean aukera egongo da apartahoteletara, landetxeetara, ostatu turistikoetara eta kanpinetara joateko ere Segurtasun Sailaren arabera. Bestelako kultur, aisialdi eta turismo establezimenduek itxita jarraituko dute, horrek probintzia barruko mugikortasunean eragina izatea saihesteko. 

Turismo mugatua

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, "turismo-aktiboa" eta "natura-turismoa" baimenduko dira, betiere, alor horietako enpresek antolatutako irteerak badira eta gehienez hamar pertsonako taldea bada. Lurralde-desplazamenduaren mugaren baldintzapean egin beharko da jarduera.

Eraikinetako obrak

Obraren jarduerarekin zerikusirik ez duten pertsonekin interferentziarik sortzen ez duten obrak baimenduko dira, hau da: inor bizi ez den lokal, etxebizitza edo bestelako eremu mugatuetan obrak egiteko baimena emango da. Halere, neurri bereziak bete beharko dira lanak egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak