Lau Aretxabaletan, bat Arrasaten eta beste positibo bat Antzuolan; horiek dira atzo arratsaldeko 20:00ak arte jaso ziren datuek diotena. Horrela beraz, guztira 418 dira bailarako positibo metatuak.
Egiten diren test azkarren eta PCR proben zenbatekoak lurraldeka argitaratzen ditu Eusko Jaurlaritzak, eta horrenbestez, ezin izaten da eskualde edo herrietan egiten diren test azkar eta PCR kopurua ezagutu. Hala ere, Gipuzkoan kasu bakarra hauteman dute PCR probek azken orduotan, eta beraz, gainerako positiboak test azkarrek atzemandakoak izan dira.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Hego Euskal Herria
Lurraldeetako datuak aztertuta, gora egin dute kasu positiboek; 217 kasu berri daude Nafarroan, 179 Bizkaian, 107 Gipuzkoan eta 40 Araban. Guztira, Hego Euskal Herrian dauden 543 positibo berriek gaixotasuna jasan duten lagunen zifra 24.513ra igo dute. Bestetik, atzo Koronabirusa garaitu zutenak 565 izan dira; eta hortaz, guztira 16.367 dira dagoeneko errekuperatutakoak.
EAEko datuei erreparatuz gero, Eusko Jaurlaritzaren arabera, 3.600 pertsonari egin zizkieten probak atzo, eta horietatik 327 lagunek eman zuten positibo. 60 pertsonari PCR probaren bitartez atzeman zieten gaixotasuna, eta gainerakoei test azkarren bidez. Bestetik, azken orduetan hildakoak 7 izan dira, eta Nafarroan 4: guztira, beraz, 11.
Datu orokorrek erakusten dutenez, EAEn, guztira 95.121 pertsonari egin zaizkio probak –batekoak zein bestekoak–, eta guztira 17.286 gaixo egon dira. Koronabirusa izan duten horietatik %78,3 dagoeneko sendatu dira, %13,6 gaixorik daude oraindik eta %8 hil egin dira. Atzoko heriotzek EAEn hildako pertsonen zenbatekoa 1.390era igo zuten.