COVID-19ari buruzko datuak ematen hasi zenetik, Osasun sailak hainbat bider aldatu du informazioa emateko modua; kasu batzuetan Espainiako Gobernuak hala eskatuta. Orain PCR testak eta test serologikoak edo azkarrak bereizita ematen dituzte, baina soilik EAEko eta probintzietako positiboetan. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoak gainera, gaur bertan hasi dira lehenengo aldiz bereizita ematen txostenean. Baina herrien kasua oso bestelakoa da, udalerrietako datuak modu metatuan adierazten dituzte, eta beraz, ezin da jakin herrian emandako positibo berriak zein probaren bidez baieztatu dituzten; PCR edo serologikoa. Hori dela eta, datu orokorren eta herrietakoen arteko konparaketak nahasmena sor dezake.
Herrietako datuetan gaitzak kutsatutako pertsona kopuru totala ematen dute, test moten arteko diferentziarik egin gabe. Positibo berriak zenbat izan diren jakiteko aurreko egunarekin alderatuta diferentzia atera behar da, baina jakin gabe kasu berri horiek noiz kutsatu diren, ezta zein proba motarekin baieztatu dituzten ere.
Zergatik da garrantzitsua PCR testak eta test serologikoak bereiztea?
Jaurlaritzak azaltzen duen moduan, PCR testarekin neurtzen da "pertsona batek une horretan bertan birusa duen". Test serologikoak aldiz, "pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen ditu", unean bertan birusa duen edo ez zehaztu gabe; eta honenbestez, "iraganeko infekzio bat adieraz dezake". Hau da, PCR testaren bidez jakin daiteke pertsona batek proba egiteko momentuan birusa daukan edo ez; eta beraz, beste norbait kutsatzeko arriskua daukan. Test azkarrarekin aldiz, pertsona batek birusa izan duela jakin daiteke, baina ez une horretan duen edo ez. Gainera, testek ez dute argitzen pertsonak noiz kutsatu diren.
Osakidetzako bideo honetan azalpen zehatzagoa:
Herrietako positiboak testaren arabera bereizteko aukerarik ez denez eskaintzen, goiena.eus-en argitaratzen diren albisteetan zein koronabirusaren azken datuak jasotzen dituen orrialdean, positiboak test azkarren zein PCR proben batura adierazten dute.
Komunikabide orokorretan PCR test bidez baieztatu positiboak zenbat izan diren jakinarazten da, eta Debagoienarekin konparaketa egiterakoan, zifretan akatsen bat dagoela eman dezake. Aurrez esandako moduan, GOIENAn eskaintzen diren datuetan bi test moten batura da agertzen dena, informazio zehatza jasotzeko aukerarik ez dagoelako momentuz.
Modu baten edo bestean, goiena.eus-en egunero argitaratzen diren datuen albisteetan agertzen diren positiboak berriak dira, hau da, ordura arte zenbatu gabeko kasuak dira, eta positiboa aurreko egunean egiaztatu da; test mota batekin edo bestearekin baieztatu bada ere.
Berdina gertatzen da osatutakoen edo hildakoen datuekin ere. Informazio hori ez da herriz herri eskaintzen, eta ondorioz, ezin da jakin Debagoienean gaur gaurkoz, zenbat pertsona zendu diren COVID-19aren eraginez, edo zenbat dauden guztiz sendatuta. Honenbestez, une honetan Debagoienean birusa dutenak –positibo berriak eta oraindik ez direnak osatu– zenbat diren ere ezin da jakin.
Nondik hartzen ditu datuak GOIENAk?
Datuen orrialdean zehazten den moduan, Eusko Jaurlaritzak Opendata Euskadi bidez ematen duen informazioa erabiltzen du GOIENAk. Jaurlaritzak egunero argitaratzen duen informazio txostenean ere datu berdinak agertzen dira. Horrez gain, Osakidetzak erreferentzia moduan erabiltzen duen GEO Euskadik erakusten duen informazioak eta GOIENAn erakusten dena bat datoz. Gainera, Jaurlaritzak ia egunero eskaintzen duen prentsa agerraldiko informazioa ere kontuan hartzen du GOIENAK.