Okerrena pasata, arnasa hartzen hasiak dira osasun arloko langileak

Maialen Santos 2020ko mai. 8a, 17:26

Debagoieneko Ospitaleko osasun langileak, babes neurri guztiak hartuta, lanean.

Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuko zenbait langilerekin izan da GOIENA, koronabirusaren krisiari aurre egiteko nola antolatu diren, ezohiko egoera lehen lerroan nola bizi duten eta izandako bizipenen berri jasotzeko helburuarekin. 

Koronabirusaren krisiak gogor lan egitera behartu ditu EAEko osasun arloko langileak; tartean, Debagoieneko Ospitalekoak. Izan ere, azken asteetan Arrasaten ere artatu dituzte COVID19an positibo ziren gaixoak. Hala eta guztiz ere, martxo hasieratik gaur arte egoera "progresiboki hobetuz" joan da Debagoieneko Ospitalean; eta zehazki, apirilaren 27az geroztik "ospitale garbia" dela eman zuen aditzera joan den astean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Federico Melgosa bertako larrialdietako mediku eta zerbitzuburuak azaldu duenez, ospitale garbia izateak ez du esan gura gaitza duen pazienterik artatzen ez dutenik, koronabirusagatik ingresatutako gaixorik bertan ez dagoela baizik: "Larrialdietara etortzen dira sintomak dituzten pazienteak, baina ez ditugu hemen ingresatzen. Ospitale handiagoetara bideratzen ditugu; gehienetan, Gasteizko Txagorritxura".

Debagoieneko osasun langileek oro har "aste gogorrak" pasa dituztela aitortu diote GOIENAri, euren bizipenen eta egindako lanaren berri jasotzeko egindako elkarrizketan.

Zailena, berrantolaketa

Langileak bat datoz: zailtasunik handienak ospitalea berrantolatzeko orduan izan dituzte. Barne-medikuntzako erizain gainbegiralea da Miren Ezenarro, eta dio antolaketan egin behar izan zutela lanik sakonena: "Koronabirusaren krisia iritsi bezain pronto hasi ginen ospitalea egokitzen: alde batetik, kutsatutako pazienteak jartzen; eta, bestetik, kutsatu gabekoak. Garrantzitsua zen bi gune horiek ondo bereiztea". Gaineratu duenez, egoera "aldatuz" zihoan egunetik egunera, eta, beraz, protokoloak ere bai.

Miren Ezenarro, Debagoieneko Ospitaleko barne-medikuntzako erizain gainbegiralea: "Ospitalea berrantolatu behar izan genuen, kutsatuak eta gainontzekoak ondo bereizita egon zitezen"

Solairua egokitzeaz gain, langileak kudeatzen ere aritu da Ezenarro: "Pertsona bakoitzari nola lan egin behar den jakinarazten, prebentzio neurriak zeintzuk izan behar ziren esaten, protokoloen jarraipena egiten…". Naiara Agiriano barne-medikuntzako erizaina ere buru-belarri aritu da lanean, eta, bere hitzetan, "egoera berrira ohitzea" kosta zitzaion gehien: "Hasieran, kaos momentuak bizi izan genituen, lan egiteko modua guztiz aldatu behar izan baikenuen. Hori gutxi balitz, eguneroko beharretara egokituz joan behar genuen".

Larrialdi zerbitzua, bitan banatuta

Nabarmendu gura izan du koronabirusa espero gabe iritsi dela, eta, beraz, inor ez zegoela prest egoera honi aurre egiteko. Hala eta guztiz ere, uste du gogor lan eginda "egoera kontrolatzea" lortu dutela.

Igone Heriz, Debagoieneko Ospitaleko Zerbitzu Orokorretako arduraduna: "Ospitaleko garbitasuna zehatz-mehatz zaindu dugu. Hondakin kopurua ere izugarri handia da"

Ospitaleratzeak ez ezik, larrialdi zerbitzua ere "goitik behera" aldatu behar izan dute denbora honetan guztian. Bertako zerbitzuburu Melgosak aitortu du egunero edo ia egunero aldatu behar izan dutela larrialdien unitatea, azkenerako, bi gune bereizi zituzten arte: "Bata, koronabirusa izan zezaketen susmagarri zirenentzat; eta bestea, beste edozein larrialdirengatik zetozenentzat. Helburua kutsatzeak ekiditea izan da, momentu oro". Hori gutxi balitz, dio kontuan hartu behar dela susmagarri izatearen definizioa "aldatuz" joan dela.

Federico Melgosa, Debagoieneko Ospitaleko larrialdietako medikua eta zerbitzuburua: "Larrialdietan egokituz joan gara, bi unitate sortu arte: positibo susnagarrientzat eta gainontzeko larrialdientzat"

Ospitaleko gainontzeko zerbitzuek ere izan dituzte aldaketak azken boladan. Zerbitzu Orokorretako arduradun Igone Herizek azaldu du garbitasuna eta hondakinen kudeaketa berrantolatu egin behar izan dituztela. "Lehen ere, garbitasun zerbitzuan buru-belarri egiten genuen lan, baina azken asteetan denbora gehiago eman dugu ospitalea garbitzen". Bestalde, arropa zuria delakoen garbiketak ere areagotu dituzte; esaterako, oheetako izarak "sarriago" garbitzen dituzte orain: "Batzuetan, egunean birritan aldatu ditugu". Azkenik, hondakinen bilketak ere gora egin du, Herizen hitzetan: "Hondakin askoz gehiago sortzen dira orain; gutxi gorabehera, eguneko 50 ontzi ateratzen ditugu, beteta".

Juan Jose Mujika, Arrasateko Iturbide egoitzan aritu den lehen mailako medikua: "Iturbiden hildakoen familiek osasun langileei zuzendutako mezuak jarri dituzte eskeletan. Hunkigarria da"

Berrantolaketaren barruan, ospitalea utzi eta beste nonbaitera laguntzera joan behar izan duenik ere bada. Juan Jose Mujika ibilbide luzeko lehen mailako medikua da, eta gaitzaren eraginez Arrasateko Iturbide adinekoen egoitzan eman ditu azken asteak, "bertan laguntza behar zutelako". Egoitzan ere beharretara egokituz joan behar izan dute, eta, horri lotuta, emaitzak lortuz joan dira pixkanaka. "Martxo hasierako argazkiak ez du zerikusirik egungo egoerarekin", aitortu dio GOIENAri.

Osasun zentroek ere lan gogorra

Osasun zentroetako lan-jarduna ere "ez da batere erraza izan", Oñatiko Osasun etxean erizain arduradun Kizkitza Alustizaren ustez. Bertan ere egokitu dute COVID-19 gaitza artatzeko gune bat, eta, beraz, langileak ere berrantolatu egin dituzte. Etxeetara ere "dezente" joan dira azkenaldian, eta telefono bidezko arreta ere "izugarri hazi da" azken asteetan, Alustizak azaldu duenez.

Kizkitza Alustiza, Oñatiko osasun zentroko erizain arduraduna: "Langileak berrantolatu ditugu; etxeetara gehiago joan gara, eta telefono bidezko arreta izugarri hazi da"

Telefono bidezko arreta bermatuta egon zedin lazken asteetan lanean aritu denetako bat da Carmen Jimenez, Debagoieneko Ospitaleko Bezeroaren Arreta Guneko arduraduna. Protokoloak martxan jartzen taldearekin elkarlanean aritu da, lehen mailako arreta ematen jarraitzea helburu; eta, besteak beste, call center-a jarri dute martxan. "Bezeroei telefono bidezko arreta une oro eman ahal izateko sortu dugu, euren beharrak asetze aldera", argitu du. Izan ere, ospitaleko bisita guztiak murriztu egin dira –bai pazienteekikoak, baita kontsultetakoak ere–, eta, arrazoi horregatik, telefono bidezko arretak "inoiz baino garrantzi handiagoa" hartu duela uste du. Azken asteetan, baina, egoera "normalizatzeko" bidean doaz, eta zenbait zerbitzu errekuperatu dituzte; kirurgiak, esaterako.

Carmen Jimenez, Debagoieneko Ospitaleko Bezeroen Arreta Guneko arduraduna: "Telefono bidezko arreta bermatuta egon zedin aritu gara lanean. 'Call Center'-a sortu dugu, une oro arreta emateko"

Pazienteen lasaigarri

Osasun langileak eurak babesteko edota lan egiteko eskura izandako materialari buruz galdetuta, Debagoieneko Ospitaleko langileek uste dute orokorrean material faltarik ez dutela izan. Iñaki Peña bertako barne-medikuak azaldu du salbuespenak salbuespen material "nahikoa" izan dutela, eta hori ez dela izan orain artean izandako arazorik handiena. "Beste ospitale batzuekin alderatuta, hemengo egoera ez da hain gordina izan", dio. Are gehiago, ospitale handiagoetan "sekulako arazoak" izan dituzte, eta Arrasaten ere izan dituzte, zeharka bada ere: "Zainketa berezietako unitaterik ez dugu Debagoieneko Ospitalean, eta, beraz, horiek behar dituzten pazienteak Txagorritxura bideratzen ditugu, normalean, hori baita gure lotura naturala". Ezohiko egoeraren eraginez, baina, Txagorritxu "zenbait astetan gainezka" egon da, eta, horrenbestez, ezin izan dituzte pazienteak bertara bideratu. Ate horiek "itxita" izateak bereziki kezkatu du Peña, baina "okerrena pasata" egoera hobetu egin da, eta Gasteizko lotura hori berreskuratu dute jada.

"Hurbileko" tratua

Arrasaten ingresatuta egon direnak ahalik eta ondoen egon zitezen saiatu dira, gainera, eta tratua "ahal bezain hurbilekoa" izan dela dio barne-medikuak: "Gaixo terminalekin lan egitera ohituta nago, eta besarkada edota musuak ematen dizkiet sarri, askok behar izan dituztelako. Ahalik eta kontaktu gutxien izan behar genuen pazienteekin, eta tratua hotzagoa izatea ekarri du horrek". Hori gutxi balitz, Miren Ezenarrok azaldu du "babes neurri guztiak" jarrita artatu dituztela gaixoak, eta horrek ekarri du praktikoki "ahotsaren bitartez soilik" komunikatu behar izatea. Hala ere, Naiara Agirianok azaldu du egunero hartzen zutela "tartetxo bat" gaixoekin hitz egiteko: "Eta, behar izanez gero, eskua ere ematen genien".

Iñaki Peña, Debagoieneko Ospitaleko barne-medikua: "Kontaktua murritza bazen ere, gaixoekin izan dugun tratua ahalik eta hurbilekoena izaten saiatu gara"

Pazienteekin ez ezik, senideekin harremanetan egoteaz ere arduratu dira osasun langileak. Melgosaren iritziz, "gogorra" izan da gaixoari jakinaraztea egun batzuetan "guztiz bakarrik" egon beharko zuela, senideekin inolako harreman fisikorik izan gabe. Egoera hau arintze aldera, baina, erizainak arduratu dira gaixoak familiakoekin harremanetan jartzen. "Deiak edo bideo-deiak egin ditugu sarri", azaldu du Ezenarrok.

Esker mezuekin eskertuta

Senideen jarrerarekin "oso eskertuta" azaldu da Iturbiden aritu den Juan Jose Mujika medikua, eta dio une oro "oso ona" izan dela senideekin izandako tratua. Horren harira, senideen esker onean jarri gura izan du fokua: "Iturbideko egoera gogorraren jakitun izan dira, eta, hala eta guztiz ere, bertako langileek egindako lana baloratzen jakin dute".

Naiara Agiriano, Debagoieneko Ospitaleko barne-medikuntzako erizaina: "Esker mezuak ondo daude, baina langile moduan gure betebehrra da koronabirusari aurre egitea; beti egiten dugunez"

Hori gutxi balitz, hildakoen senideek egindako "keinua" nabarmendu gura izan du: "Zoritxarrez, zaharren egoitzan dezente hil dira. Eskeletan osasun langileei zuzendutako esker mezuak irakurri ditugu, eta horrek izugarri hunkitu nau". Senideen jarrera ez ezik, mediku gazteena ere goraipatu gura izan du. "Nora Urbieta eta Ihara Varilla, besteak beste, mediku egoiliarrak dira. Inork ez die agindu laguntzera etortzeko, eta, ikasketak amaitu berri, euren kabuz etorri dira ahal izan dutenean laguntzera. Eskertuta behar dugu egon", azpimarratu du.

Azken asteetan asko izan dira osasun arloko langileek jasotako elkartasun mezuak, eta "eskertuta" hartu dituztela azaldu diote GOIENAri. Kizkitza Alustizak, adibidez, egunero hitz egiten du lagunekin, eta "babestuta" sentitzen dela aitortu du. Iluntzeko zortzietan osasun langileen lana eskertzeko jotzen diren txaloei dagokienez, "gustura" hartzen dituztela azaldu dute gehienek. Iñaki Peñak dio sarritan txaloek "lanpetuta" harrapatu dutela, eta horiek entzuteak lanean jarraitzeko indarra eman diotela. Naiara Agirianoren ustez, langileen lana "errekonozitzea" ondo dago, baina dio bere "betebeharra" dela koronabirusaren krisiari aurre egitea, "beste edozein birusekin" egin ohi duten modu berean.

Etorkizunerako irakaspena

Osasun langileak ados daude koronabirusak "espero gabe" harrapatu dituela esateko orduan. Eta hori, hein batean, "ezjakintasunari" lotuta dagoela uste dute: "Martxo hasieran, ez genuen espero krisiak horrelako hedapena izan zezakeenik, eta, beraz, logikoa da osasun arloa prestatuta ez harrapatu izana". Miren Ezenarroren aburuz ere, "zaila" izan da hori: "Lanetik irteten ginen, hurrengo egunean zer geratuko zen jakin gabe. Ziurtasunik ezarekin lan egitea itzela izan da". Hala ere, askok diote koronabirusaren krisia ez dela izan bizitza profesionalean jasandako okerrena. Juan Jose Mujika lehen mailako medikuak atentatuetako biktimak artatu izan ditu noiz edo noiz, eta egoera hori "ondo gogoan" du, "benetan gordina" izan zela aitortu du eta. Oñatiko osasun etxeko erizain arduradunak, Alustizak, dio trafiko istripuetako biktimak artatu izan dituela, eta maila horretako biktimekin lan egitea ere ez dela "erosoa" izaten. Guztiek ere argi dute etorkizunean beste agerraldi edo brote bat egongo balitz "askoz ere gertatuago" harrapatuko gintuela –osasun arloko langileak, baita gizartea ere–. Hala eta guztiz ere, argi dute koronabirusaren krisia oraindik ez dela bukatu, eta uste dute "arduraz eta erantzukizunez" jokatzen jarraitu behar duela gizarteak.

Erreportaje osoa, Goiena telebistan

Datorren eguaztenean, maiatzaren 13an, izango da osasun langileekin egindako erreportajea osorik ikusteko aukera: 21:00etan, Goiena telebistan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak