Lanean hasiak dira komertzioak; tabernak izango dira hurrena

Maialen Santos 2020ko mai. 8a, 12:38

Beñat Zaitegi tabernaria, Taupa tabernako terraza prestatzen.

Konfinamendua arintzeko planaren baitan, mugekin lanean hasiak dira Debagoieneko komertzio txiki eta negozioak. Dena ondo bidean, astelehenean tabernetako terrazak irekitzeko aukera izango dute zenbaitek; baina itxaron egingo duenik ere badago.

Espainiako presidente Pedro Sanchezek joan den astean eman zuen konfinamendua arintzeko planaren berri, "normaltasun berrirako" bidea egiten hastea helburu. Hala, asteon, maiatzaren 4an eman diote hasiera prestaketa faseari –0. fasea–.

Hasierako fase honetan, besteak beste, komertzio txiki eta negozioek izan dute irekitzeko aukera, mugekin izan bada ere. Gauzak horrela, aste honetan bezeroei arreta indibiduala eskaintzen dihardute bailarako zenbait komertziok. Oñatiko Chic arropa dendan, esaterako, hasi dira lanean. Dendako arduradun Irma Juaristik GOIENAri azaldu dio komertzioetan "gogor" jo duela koronabirusaren krisiak, baina "gogotsu" itzuli direla lanera. Hain justu, astelehenean zabaldu zituen ateak, eta, berak aitortu moduan, normaltasun berrira bueltan "bezeroen erantzunak" kezkatzen zuen gehien. Hala eta guztiz ere, erantzuna "ezin hobea" izaten ari da, momentuz. Lan egiteko moduari dagokionez, bezeroei banaka ematen die arreta Juaristik, "aurrez telefonoz txanda hartuta". Eta batez beste hiru ordu laurdeneko tartea egiten du bezero bakoitzarekin. "Segurtasun neurri guztiak errespetatze aldera", bezeroek probatutako arropa guztiak desinfektatu egiten ditu, plantxa bertikal bat erabilita. Arrasateko Sikol Lentzeria dendan antzera ari dira lanean, bertako arduradun Yolanda Sanchezen hitzetan: "Bezeroak banaka sartzen dira dendara. Maskara jarri behar dute, eta sartu ahalaz bat eskuak desinfektatzeko eskatzen diegu".

Ordainketei dagokienez, "aurrezki eta maileguak" erabili behar izan dituela azaldu du Juaristik. Sanchezek, berriz, dio zenbait hornitzailek ordaintzeko epeak luzatu dizkiotela.

Arropa dendak ez ezik, bestelako komertzioak ere zabaldu dituzte asteon. Oñatiko IO ileapaindegia itxita egon bitartean 80 laguneko itxarote-zerrenda bete du bertako arduradun Izaskun Olabek, eta lanean hasita dago jada. Arrasateko Muxibar jatetxea ere itxita egon da azken asteetan; halere, janaria etxeetara eramaten aritu dira, "gainkosturik gabe". Osasun arloko langileei zein krisian laguntzen aritu direnei "keinu" egite aldera, "prezio bereziak" egin dizkietela ere azaldu du. Aste honetatik aurrera, etxera eramateko janaria jatetxean jaso daiteke.

Gomendioak bezeroei Interneten

Bergarako Felsinee fisioterapia zentroa bi hilabetez izan dute itxita, baina gutxieneko batzuk etxetik egin dituzte, Saioa Etxabarri arduradunak dioenez: "Gomendioak eman dizkiegu bezeroei, eta urgentziazko kasuak artatu ditugu". Egunotan, urgentziak bakarrik ari dira artatzen. "Zerbait beharrez gero, telefonoz deitu zentrora", dio.

Txapime auto kontzesionarioan ere maiatzaren 4an itzuli ziren lanera; ordura arte, "beharrezko zerbitzuak" soilik eman dituzte. Egunotan, aurretik egindako "itxarote-zerrendari segika" aritu dira lanean, Mikel Loiti arduradunak GOIENAri azaldu dionez. 

Astelehenean, terrazak ere bai

Dena ondo bidean, datorren astelehenean, hilak 11, ekingo diote konfinamendua arintzeko hurrengo faseari, 1. faseari; eta tabernari batzuek lanera itzultzeko aukera izango dute. Tabernetako terrazetan eman beharko dute arreta, ezinbestean, eta edukiera %50era mugatuta egongo da. Bailarako tabernari batzuek zabalduko dituzte terrazak, eta beste batzuek oraindik ez dute aukera hori izango.

Arrasateko Taupa tabernak, esaterako, astelehenean bertan zabalduko dizkie ateak bezeroei, Beñat Zaitegi tabernariak GOIENAri azaldu dionez. Arrasateko Udalak, ahal den kasuetan, terraza bakoitzak duen espazioaren bikoitza erabiltzea baimenduko du, eta, "horri esker", Zaitegik hamabi mahai inguru jarriko dituela aurreikusten du. Lan egiteko moduari dagokionez, zera dio: "Zerbitzari guztiak itzuliko gara lanera; gutako bat barran egongo da, eta beste bat edo bi kanpoan zerbitzatzen". Tabernariak uste du zabaltzeko aukera "aprobetxatu" egin behar duela, eta, hori gutxi balitz, dio bezeroei arreta emateko "gogoz" dagoela. Edozelan ere, pazientzia izan dezatela eskatu gurako lieke bezeroei: "Langileontzat berria da egoera, eta nahiko nuke bezeroek hori ulertzea". Izan ere, bezeroen "erantzunak" kezkatu egiten du Zaitegi. Aretxabaletako Orly tabernako terraza ere zabalik egongo da datorren astetik aurrera. Oraindik "zehaztapen guztiak" ezagutzeko esperoan dago Igor Ezkibel arduraduna; izan ere, uste du "zenbait arlo" ez daudela argi. Oraindik ez daki, beraz, zenbatentzako lekua izango duen terrazan, eta dio Aretxabaletako Udala "ahalegin bat" egiten ari dela, terrazako ezaugarriek uzten duten heinean, espazio gehiago hartu dezaten uzteko: "Pentsatzen dut datozen egunetan zehaztuko didatela noraino jarri ditzakedan mahaiak". Edozelan ere, mahaitik mahaira bi metroko distantzia utzi beharko dituela badaki. Langileei dagokienez, une honetan bera da langile bakarra, eta hala moldatu beharko dela azaldu du, neurriak hartuta.

Kajoi tabernako Antonio Murillok ere ireki egingo du terraza. "Orain arte jende asko egon da aurpegia ematen, dendariak edo zuek kazetariok, adibidez, eta orain guri ere dagokigu hori egitea. Hasiera batean, ez dugu espero jende asko etorriko denik, baina hor egongo gara. Terrazaren espazioa bikoiztu ahalko dugu, behintzat, eta ia mahai guztiak jarri. Hori albiste ona da".

Oñatiko Josu Aiastuik hiru taberna kudeatzen ditu egun, baina oraindik ez du "erabakirik hartu"; izan ere, zenbait faktore hartu beharko ditu kontuan: "Pako taberna badakit ezingo dudala zabaldu, ez baitaukat terrazarik. Beste bien kasuan, ez dakit zer egingo dudan". Edozelan ere, "nahiko argi" du tabernak zabalduko balitu, astelehena pasata izango litzatekeela, "baina datorren asteko eguraldi iragapenak ez du laguntzen", aitortu du. Uste du eguraldiak "eragin handia" duela terrazetan, eta euriak "kalte" egin dezake.

Ez dute zabalduko

Bergarako Depor eta Pol Pol tabernak ez dituzte zabalduko. Hala azaldu dute bertako arduradunek –Txus Iglesias eta Duni Olabarria, hurrenez hurren–. Deporren kasuan, taberna eta terraza elkarren artean banatuta daude, eta, beraz, ezingo luke "egoki lan egin". Horretaz gain, tabernaren edukiera kontuan hartuta, dio ezingo lukeela "probetxurik atera". Olabarriaren arazoa antzekoa da: "Terrazaren edukiera murriztuta dagoenez, lauzpabost mahai bakarrik jarri ahalko nituzke; beraz, ez du merezi taberna zabaltzea". Hori gutxi balitz, taberna barruko komuna premia handia dutenek soilik erabili ahal izango dute kasu guztietan, eta, hortaz, bezero batetik bestera desinfektatu egin beharko dute derrigor. Horren harira, Bergarako Udalari zera esan gurako lioke: "Hemen ondoko komun publikoak itxita daude, momentuz; agian, lehenengo, horiek ireki beharko lituzkete; eta gero, tabernakoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak