Gainontzeko herritarren moduan, jarraian datozen lau lagunek sei aste egin dituzte konfinamenduan. Euren kasuan, baina, 2020 honetara begira kirol helburu eta erronka zorrotzak zituzten egutegian gorriz adierazita. Eta COVID-19aren erruz bertan behera geratu dira denak, edo gehienak. Euskal selekzioko mendi lasterkari Iñigo Alzolak Espainiako Kopa zuen begiz jota. Garazi Erostarbe Sopela Women's Team taldeko ziklistak lehenengo denboraldiari egin behar zion aurre talde berriarekin.
Valencia Sport taldeko atleta Malen Ruiz de Azuak aire libreko denboraldia zuen begiz jota. Eta Real Sociedad taldeko atleta Eneko Carrascalek ere asmo bera zuen, salto hirukoitzean ekain inguruan hegan egin gura zuen. Bada, beste urtebetez itxaron beharko dute. Ahaztu aurretik, lau kirolari horietatik Eneko Carrascalek bakarrik du edozein ordutan entrenatzeko baimena, elite mailako kirolari moduan kontsideratu duten bakarra izan da.
Eneko Carrascal, Real Sociedad taldeko atleta: "Oraindik ez dut aprobetxatu edozein ordutan entrenatzeko daukadan baimena, azterketei eman diet lehentasuna"
Eneko Carrascal da lau lagun hauen artean kirola edozein ordutan egin dezakeen bakarra, estatuko elite mailako kirolarien artean dago Realekoa: "Baimen horiek nahiko kontraesankorrak dira; pentsa, duela hiru urte junior mailako Europako Txapelketan lortutako zazpigarren postuagatik eman didate CSDkoek baimena [Espainiako Kirol Kontseilu Gorena], eta gaur egun puntaren puntan dabiltzan batzuek ez dute baimenik jaso".
Baina baimena izanda ere, arrasatearrak oraindik ez du kirola edozein ordutan egiteko aukera hori aprobetxatu: "Azterketetan buru-belarri nabil, MUn nabil Ingeniaritza Mekanikoa ikasten, eta Aste Santu ostean hasi genituen azterketak. Eta, gauzak diren moduan, orain ikasketak dira lehentasuna. Hori horrela, aste honetan kirol apur bat egiteko goizean goiz irten naiz etxetik, 07:00etarako. Ea datozen egunetan baimena aprobetxa dezakedan".
Arrasatekoak, baina, soinean eraman beharko du CSDkoen agiria: "Bai, atleten artean baditut zenbait lagun arazoak izan dituztenak. Valentzia aldeko lagunek anekdotaren bat edo beste kontatu didate, entrenatzera irten eta poliziak bost aldiz geratu... Edo herritarren haserrea agoantatu behar izan dutenak ere izan dira. Egubakoitzean [gaur] izango dut azkeneko azterketa eta ondoren hasiko naiz apur bat serioago entrenatzen, ea herritarrek ez didaten haserrerik egiten!".
Denboraldia amaituta
Arrasateko atletak amaitutzat eman du aire libreko denboraldia: "Badakit entrenatzailea Arrasateko Udalarekin jarri dela harremanetan Mojategin dugun materiala etxera eraman ahal izateko, pisuak eta beste. Baina instalazioek itxita jarraituko dute; horrenbestez… Mikel Uribesalgo entrenatzailearen asmoa da uztailean etxeko atleton artean Mojategin txapelketatxo bat antolatzea, salto egiteko ohitura ez galtzeko, eta motibazioari apur bat eusteko. Baina ez dakigu halakorik egitea posible izango ote den. Bien bitartean, kirola egiten jarraituko dugu, bizikleta apur bat, mendi buelta bat… Ni ez naiz geldi egotekoa".
Garazi Erostarbe, Sopela Women's Team-eko ziklista: "Aire librean egiten ditugun kilometroak izaten dira entrenatzeko emankorrenak"
Garazi Erostarbek aukera izan duen momentuan gogoz hartu du errepideko bizikleta: "Konfinamendua ahalik eta ondoen eramaten saiatu gara, ez zegoen beste aukerarik, baina egoera arraroa izan da. Bai eguneroko bizimodua, baina baita horrenbeste denboran etxean entrenatzea. Arrabolean ibili naiz asko, egun batzuetan ordu eta erdiko saio bakarra egiten nuen, eta beste batzuetan saio bikoitza izaten zen, goiz eta arratsaldez, bi ordu eta erdi inguru guztira. Entrenatzaileak esan zigun gehiago egitea ere ez zela komeni, eta horrekin batera indar ariketak egiten ere ibili naiz", dio oñatiarrak. Baina aitortu du ez dagoela aire librean entrenatzea modukorik: "Gu ohituta gaude kanpoan entrenatzera, orduak ematen ditugu errepidean, eta horko entrenamenduak izaten dira benetan emankorrak. Arrabol gainean ahalik eta gutxien galtzen saiatu gara".
Baimen berezi barik
Kontinental mailako taldea da Sopelakoa, eta emakumezkoen kategorian UCI World Tourrean dabiltzanei soilik eman diete aukera edozein ordutan entrenatzeko; hala, taldekide bakarrak ere ez du edozein ordutan entrenatzeko aukera, eta 10:00etarako etxean egon behar izaten dute denek: "Horrenbestez, bi orduko lan-saioa egin behar dudanean 08:00etan irteten naiz kalera, eta hiru ordukoa agintzen digutenean 07:00etan. Eta iluntzeko tartea paseatzeko aprobetxatzen dugu".
Hala, oñatiarrak Azpeitian bete du konfinamendua, bikotekidearen etxean, eta han ere errepide onak dituela aitortu dio GOIENAri: "Azpeitiko ingurukoetan ere badago bizikletan non ibili: Bidania aldera, Mandubira, Urrestillara, Errezil aldera… Hemen ez dut Udanara edo Arantzazura igotzerik, baina mendate politak ditut inguruan".
Iñigo Alzola, Euskal selekzioko mendi lasterkaria: "Ez dut giharretako minez egoteko batere gogorik; oraingoz, bizikletan ibili eta mendian paseatzerekin konformatzen naiz"
Iñigo Alzolak GOIENAri aitortu dio uste baino hobeto pasa duela konfinamendua: "Bikotekidea eta biok oso formal ibili gara, astean behin irteten ginen txandaka erosketak egitera, eta, bestela, ez dugu kalea ezertarako ere zapaldu; zaborra ateratzeko, besterik ez". Eta etxean kirola egitea ondo etorri zaie, baina ez kirol hitzordu konkretuak prestatzeko helburuarekin, arrasatearra segituan konturatu zen-eta horrek ez zuela inongo zentzurik: "Sikiera, egunari ordubete hori kentzeko ederto etorri zaigu kirola egitea. Egia esan, zorte galanta izan dugu, konfinamendua baino apur bat lehenago kasualitatez arrabol berria erosi genuelako, eta etxean bi arrabola izanda bikotekideak eta biok elkarrekin egin ahal izan dugu kirola". Eurek biak batera, eta sare sozialen bitartez beste hainbat lagunekin batera ere jardun dute: "Bai, arrabol saio batzuk lagunartean egin ditugu sare sozialen bidez, eta alde ona! Lan-saio horiek entretenigarriagoak ziren, eta elkarren berri ere izan dugu".
Hala, Zwift plataforma birtuala probatzeko tartea ere izan du Alzolak: "Arrabol berriarekin lehenengo hilabetea doan izan dugu, eta egia da lan-saioak errepikakorrak izan ez daitezen halako lasterketa birtualak eskertu egiten direla. Baina kontuz, egunen batean hamabost minutuko lan-saioaren ondoren uste nuen lehertu egin behar nuela! Sekulako erritmoa izaten dute proba horiek!", dio, barrez.
Espainiako Kopa, ahaztuta
Hala, mendi lasterketetan Espainiako Kopako probak begiz jota zituen korrikalariak arrabola bai, baina ez du batere korrikarik egin: "Hasieran ahalegindu nintzen garajean saioren bat egiten, baina segituan ikusi nuen ez zuela merezi. Arrabolean ibili naiz entretenitzeko, eta osasun mentalerako kirola egitea ona delako [Barre], baina mendi lasterketen denboraldia amaitu da, eta ez zuen merezi horiei begira entrenatzen ibiltzea". Hala, Alzolak aitortu du aste honetan aire librean ere ez dela animatu korrika egitera: "Egia esango dizut, ez dut korrika hasteko batere gogorik, edo korrika hastea baino giharretako minez ibiltzeko batere gogorik. Arrabola egiten jarraitu dut, baita indar ariketa batzuk ere, eta bikotekidearekin mendian paseo batzuk ematearekin konformatzen naiz".
Malen Ruiz de Azua, Valencia Sport taldeko atleta: "Aitaren bizikletan nabil, eta korrika apur bat ere egin dut, baina denbora pasako da berriz pertika esku artean hartu orduko"
Malen Ruiz de Azua gogotsu zegoen aire libreko denboraldiari begira. Pista estalian, neguan, ez zituen nahi moduko markak lortu, nahiz eta entrenamenduetan gozatu egin zuela aitortu. Ezin izan zuen Espainiako Txapelketa absolutua hirugarren urtez irabazi, baina horrek baino min handiagoa egin zion neguan egindako lan onari txapelketan etekinik ez ateratzeak –ezin izan zuen 4,32ko marka gainditu–.
Arrasatekoak, baina, segituan gainditu zuen Galiziako txapelketako zapore txarra, bazekielako neguko sentsazio onak udako sasoira eramaten bazituen markak etorriko zirela. Eta sasoi batetik besterako trantsizioan harrapatu zuen pandemiak: "Aspertu egin naiz, ez dizut gezurrik esango, bereziki asteburuetan; izan ere, aste barruan telelanean jardun dugu eta entretenigarriagoa zen. Baina asteburuak…", dio, barrez. "Ez dut balio etxean egoteko. Ikusten nituen elkarrizketak han eta hemen, jendea esaten ondo zeramala konfinamenduarena, eta ernegatu egiten nintzen [Barre]. Baina beno, egoera horretara moldatzea baino ez zegoen".
Mantentze ariketak egiten
Ruiz de Azuak egun hauek baliatu ditu sasoi punturik galdu duen ikusteko: "Orokorrean, nahiko formal ibili naiz. Egunen baten hozkailura joan-etorri mordoa egin dut [Barre], baina zaindu egin naiz, bai. Core ariketak egin ditut giharretako indarra ez galtzeko, eta etxean dugun bizikleta estatikoan ere ibili naiz. Tarteka, garajean ere ariketa batzuk egiten nituen… Ez dut uste giharretan indar askorik galdu dudanik, baina ez dut atletismoko pistan intentsitateko entrenamendu saiorik egiteko aukerarik; hortaz, ezin dut askorik esan".
Gobernuak aire librean herritarrei kirola egiteko aukera eman dien honetan, baina, 2020ko pista estaliko Espainiako Txapelketa absolutuan bigarren izan denak ez du kirola edozein ordutan egiteko baimenik: "Ibili naiz begira, eta atletismoan elite mailako kirolari moduan kontsideratzeko kontuan izan dute azken urteotan nazioarteko txapelketetan egindako lana". Hala, 2017an Polonian egindako 23 urtez azpikoen Europako Txapelketan izan zen Ruiz de Azua: "Baina txapelketara sailkatze hutsa ez da nahikoa izan, finalisten artean egon beharra zegoen; hau da, zortzi onenen artean sailkatu izan direnei eman diete baimena, eta ni bederatzigarrena izan nintzen", dio, barrez. "Zer egingo diogu, ba!".
Hori horrela, gainontzekoak bezala goizeko lehenengo orduak edo iluntzeak aprobetxatzen dabil arrasatearra: "Lehenengo egunean, aitaren bizikleta hartu nuen buelta bat emateko, eta ondoren, pare bat egunetan korrika egin dut lasai-lasai. Imajinatzen dut denboraldi-aurre luzea egingo dugula datozen hilabeteotan, eta ikusteko dago udazkenean kluben artean-edo txapelketaren bat egiteko moduan gauden. Baina, gauzak dauden moduan egonda, seguru nago denbora asko pasako dela pertika ostera hartzen dudanerako”.