Alarma egoera hilaren 24ra arte luzatzea erabaki dute Madrilen

Uxue Igarza Loiola 2020ko mai. 6a, 18:40

Larunbatean bukatzekoa zen alarma egoera atzeratu du Sanchezen gobernuak, eta horretarako, besteak beste, EAJren babesa izan du Diputatuen Kongresuan. EH Bilduk bestalde, abstentzioaren bidea hartu du.

Konfinamendua arintzeko plana bere horretan mantenduko da, baina alarma egoera, –eta beraz, orain arteko konfinamendua– maiatzaren 24ra arte luzatuko da. Sanchezen gobernuak EAJ eta Ciudadanos alderdiekin egindako akordioa eta PPren abstentzioa erabakigarriak izan dira bozketan.

Koronabirusari aurre egiteko "erabaki zuhurrena" alarma egoera luzatzea dela iritzi dute baiezko 178 botok; 75 izan dira ezezkoak eta 97 abstenitu egin dira. Sanchezek eskerrak eman dizkie erabakiaren alde egin duten alderdiei, eta alarma egoerak beharrizanari erantzuten diola azaldu du: "Egin dezagun parentesi bat, utz ditzagun alde batera maximalismoak eta lagun diezaiogun elkarri".

EAJk konfinamendua luzatzearen alde bozkatu du Kongresuan eta, era berean, onartu egin da EAJk luzapena babesteko aurkeztu duen proposamena: deseskaladaren erabakiak erkidegoekin batera hartzea –aldeko 181 boto, kontrako 150 eta 18 abstentzio izan ditu–. Atzo akordioa adostu zuten jeltzaleek Madrilgo gobernuarekin, eta azaldu dutenez, hiru baldintza jarri zituzten Sanchezen proposamena babesteko. Alde batetik, pandemiari aurre egiteko neurriak erkidegoekin adostea; bestetik, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egitea erraztea; eta bukatzeko, Trebiñuk Arabako trataera jasotzea. Bestetik, Kongresuan, Estebanek lurraldeen "berezitasunak" kontuan hartzeko eskatu dio Sanchezi: "Madrildik denak laua dirudi, baina mundua biribila eta konplexua da. Horregatik egin dugu zuzenketa; enklabeen kasuan hurbiltasun geografikoa lehenesteko". Gainera, "Euskadin dagoen anomalia politikoa" ere izan du hizpide EAJko diputatuak, eta "hori konpondu beharra" dagoela gehitu du; horretarako, esan bezala, hauteskundeak "oztoporik gabe" egin ahal izatea da EAJren eskarietako bat.

Mertxe Aizpuruak bestalde, EH Bilduren abstentzioa aurkeztu du. Orain arte Gobernuak hartutako erabakiek jarrera hori hartzera bultzatu dutela azaldu du Aizpuruak. Madrilgo "zentralizazioa" eta Ciudadanosekin egindako akordioa Gobernu "plurinazional eta aurrerakoi" baten jardunarekin bateraezinak direla azaldu du. Halere, Aizpuruak argi utzi nahi izan du “arduragabekeria” litzatekeela luzapenik ez egitea, eta planari egindako zuzenketak aurkeztu ditu. EH Bilduk ere deskonfinamendu-plana "lurraldeen gidaritzapean" egitea proposatu du: "Konfinamendua arintzeko planak herritarrengandik gertuen dauden tokiko erakundeen adostasunarekin diseinatzea proposatu dugu". Ezkerreko abertzaleen iritziz, erakunde horiek ezagutzen dituzte ondoen haien lurraldeko errealitate sanitarioa eta sozioekonomikoa: "EAEko eta Nafarroako erakundeek planifikatu eta garatu beharko lukete prozesu hau, horretarako nahikoa gaitasun eta adimen baitute". Bukatzeko, erabakiak Madrilen hartzeak "zentzurik ez duela" gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak