Zerga alorreko neurri berriak
Diputatuen Kontseiluak Foru Dekretu-Arau proiektu berria onartu du gaur, COVID-19aren osasun krisia dela-eta zerga arloko neurri osagarriak ezartzen dituena. "Ezohizko egoera honek jarraitzen duen bitartean, gure araudia eta zerga sistema egokitzen jarraitu beharko baitugu”, aurreratu du Mendozak. Gaurko dekretuko erabaki nagusiak PFEZan eta Sozietateen gaineko Zergan kokatzen dira, eta oro har, zerga trataerak malgutzea dira.
Pertsona fisikoen kasuan, besteak beste, etxebizitza kontuen epea luzatzen da. Hau da, gaur egun etxebizitza kontua ireki eta bost urteko epea dago higiezina erosteko. Dekretu berriaren bidez, "urte bukaera arteko luzatu da epea, orain bukatzen zaien zergadunek hobariak galdu ez ditzaten". Etxebizitza salerosketen berrinbertsioaren kasuan ere antzerako neurria hartu dute: "Kasu hauetan, salmenta salbuetsita egoten da ohiko etxebizitza saldu eta beste bat erosi arteko bi urteko tartean. Orain egiten duguna da hau hiru urtera igo".
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, berrinbertsioen kasuan, epeak luzatzen dira, zergaduna ez kaltetzeko. Adibide batekin azaldu du aldaketa hori Mendozak: "Enpresa batek makina edo pabiloi bat saltzen badu gero beste bat erosteko, salbuespenaren epea luzatzen diogu. Salbuespen hori 2020 urtean amaitzen den kasuetan, urtebeteko luzatuko zaio".
Horretaz gain, Sozietateen gaineko Zergan, 64 bis artikuluaren epeak luzatzen dira. Foru bozeramaileak argitu duenez, artikulu horren bitartez, "enpresa batek zerga hobaria jaso dezake, beste baten proiektu berritzailea finantzatzeagatik". Horretarako finantzaketa kontratua formalizatzeko epeak luzatuko dituzte: orain arte, proiektu berritzailearen lehen hiru hilabetetan sinatu behar zen kontratu hori, eta "orain bederatzi hilabetera luzatzen da". Gainera, "64 biseko kenkaria urte anitzeko proiektuei aplikatu ahalko zaio finantzaketa kontratua sinatu aurretik exekutatzen hasi badira, eta kontratu hori 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldiko lehen bederatzi hilabeteetan sinatzen bada".
Lan Presentzialerako Kontingentzia Plana
Eider Mendoza foru bozeramaileak esan duenez, gaur egun langileen erdiak baino gehiagok telelana egiten du, eta "egoerak ahalbidetzen duen neurrian" lan presentzialera bueltatuko dira: "Azken egunetan egoerak nabarmen hobera egin du, eta badirudi azkenean bidearen amaieran argia ikusten hasiak garela. Horregatik, jada onartu dugu Lan Presentzialerako Kontingentzia Plana; hau da, normaltasunera egingo dugun bidea".
Mendozak zehaztu duenez, Aldundiak 1.800 langile ditu eta 900 baino gehiago dihardute etxetik lanean. Hala, Kontingentzia Planak hiru fase aurreikusten ditugu: "lehenengo fasea, orain gaudena, eta ezinbestekoak diren pertsonak bakarrik ari dira presentzialki lanean; tarteko fasea, zeinetan langileak modu mailakatuan beraien lanpostuetara itzultzen joango diren; eta azken fasea edo normaltasun egoera". Fase horietan zehar gainera, prebentzio neurriekin jarraituko dute.
Maiatzaren 11n abiatuko dute lehenengo fasea Foru langileek; "telelana lehenetsiko da, eta langileriaren zati batek aurrez aurre lan egin beharko du". Foru bozeramaileak zehaztu duenez, Diputazioko zerbitzuetan emango diren pausuek ez dute zertan Estatuaren faseekin bat egin beharrik, kontuan izango badituzte ere.
Gainera, Mendozak bere agerraldian azpimarratu nahi izan du, denbora honetan "zerbitzu gehienak" ematen jarraitu dutela modu telematikoan. Adibide moduan jarri du Errenta kanpaina eta "aurten inoiz baino telematikoagoa" izaten ari dela adierazi du.
Eusko Jaurlaritzak ere maiatzaren 11n ekingo dio lan presentzialerako itzulera prozesuari. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, langile publikoak "modu ordenatuan, mailakatuan eta segurtasun-baldintza zorrotzetan" itzuliko dira lan presentzialera. Hala ere, oraingoz, "ez dute lantokira itzuli beharko bereziki sentikorrak diren taldeetako pertsonek eta haien kargu bakarrera 14 urtetik beherakoak edo mendekotasuna duten adinekoak dituztenek". Gainera, Erkorekak aurreratu duenez, herritarrei aurrez aurreko arreta eskaintzen dieten zerbitzuak izango dira normaltasunera itzultzen azkenak. Arreta presentziala martxan jartzen denean, hitzordu bidez izango dela ere jakinarazi du.