400 metro koadro arteko lokalak dituzten saltokiak lanean has daitezke aurretik bezeroei hitzordua emanda izanez gero; arreta banaka emango dute, gainera (bezero bat, langile bat). Haien artean gutxienez bi metroko distantzia gorde beharko dute eta egunean birritan desinfektatu beharko dira lokalak. Arropa edo zapata dendetan produktuak dendan bertan probatzeko aukera izango dute bezeroek; probatutako jantzi edota oinetako guztiak desinfektatu beharko dituzten ondoren dendaren arduradunek, baita probagela ere. Saltokietako komunak ezingo dituzte erabili bezeroek eta gel hidroalkoholikoa erabiltzeko banagailuak izan beharko dituzte dendan.
Lehentasuna izango dute 65 urtez gorako bezeroek, bai arretarako ordutegian –10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara–, bai artatzeko orduan.
Ile-apaindegiak ere ireki daitezke, beti ere aurretik hitzorduak ematen badituzte. Fisioterapiako profesionaleko, estetika-zentroetako eta ile-apaindegietako langileek babeserako ekipamenduak jantzi beharko dituzte eta bezeroen artean gutxienez bi metroko distantzia egotea bermatu behar dute.
Jatetxeak eta kafetegiak ireki daitezke etxera eramateko enkarguak hartzen badituzte; enkarguak aurretik egin behar dira telefonoz edo Internet bidez. Bezeroa jatetxe edo kafetegi horretatik pasatu ahal izango da enkarguaren bila, noiz eta nola zehaztuta.
Erosketak udalerrian bertan egin behar direla gogorarazi dute. Hala ere, produktu bat lortzea ezinezkoa denean, inguruko beste udalerri txiki batera joateko baimena dago.
Kirolari profesionalak entrenatzen
Kirolari profesionalak entrenatzen hasi ahalko dira, banaka, kanpoan eta euren probintzian. Entrenatzaile bat egon daiteke kirolari horrekin, baina ezin izango da 2 metro baino gutxiagoko distantziara egon eta maskara jarri beharko du. Kirola egiteko bizikletak edo patinak erabiltzen direnean, segurtasuneko distantzia 10 metrokoa izango da.
Federatuta dauden kirolariek ere entrena dezakete profesionalek lez, banaka eta kanpoan; baina egunean birritan irten ahal izango dute, 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara, beti ere udalerritik atera gabe eta entrenatzailerik gabe.
Maskarak derrigorrez garraio publikoan
Gaurtik, maiatzaren 4tik, derrigorrez erabili beharko dira maskarak garraio publikoan: autobusa, trena, taxia, metroa eta aire-garraioa. Eta etxetik kanpo egiten den edozein jardueretarako ere janztea gomendatu dute.