Espainiako Gobernuak zuzenketa egin du: lehen fasean, terrazen edukiera %50era mugatuko dute

Maider Arregi 2020ko mai. 3a, 15:48

Aramaioko terraza bat alarma egoera indarrean ezarri aurretik

Osasun Ministro Salvador Illak zuzenketa egin du eta zehaztu du, dena ondo bidean, maiatzaren 11n hasiko den lehen fasean, terrazen edukiera %50era mugatutako dute eta ez %30era. Hala, jatetxe, taberna eta orohar ostalaritzako erabiltzaileek distantzia eta higiene neurriak zorrotz bete beharko dituzte. Gainera, Espainiako Gobernuak ezarritako adierazleak betetzen diren erkidegoetan senideekin, auzokideekin edo lagunekin batzeko aukera izango da.

Lehen fasea, maiatzak 11

Lehen fasean, maiatzaren 11tik aurrera, produktuak terrazetan kontsumitzeko aukera izango dute herritarrek, baina, metroko distantzia bermatu beharko dute eta gehienez 10 laguneko taldeetan elkartzeko aukera izango dute. Jatetxeek gainera janaria eramateko zerbitzua abian jartzeko baimena ere izango dute. Era berean, bezeroak eta langileak manpara bitartez babestuta egon beharko dute. Lehen fasean, senitartekoei bisita egitera baimenduko duela iragarri du eta gehienez hamar laguneko taldean elkartzea. Espainiako Gobernuak ezarritako adierazleak betetzen diren erkidegoetan senideekin, auzokideekin nahiz lagunekin batzeko baimena izango da. 

Fase honetan ere ibilgailuetan bidaiatzeko aukera zabalduko dute honako baldintzarekin: autoetako bidaiari guztiak etxe berean bizitzea. Hori betetzen ez bada, ilara bakoitzeko bi jesarlekutan joan beharko dira, segurtasun-tartea gordeta eta maskarak jantzita.

Zero faseko arintze neurriak

Bihartik aurrera, maiatzak 4, denda txiki eta negozio batzuek irekitzeko aukera izango dute, baina mugekin: bezeroei arreta indibiduala eskaini beharko diete aurrez txanda eskatuta. 65 urtetik gorakoei lehentasuna eskainiko zaie ordutegi batzuetan. Gainera, etxera eramateko janaria prestatzen duten jatetxeak lanean hasiko dira, eta baita kirolari profesionalak eta federatuak. Hori bai, bakarka egin beharko dituzte entrenamenduak.

Etxebizitza eta lokalen obra txikiak eta birgaitze lanak egiteko aukera ere izango da bihartik; beti ere, osasun neurri guztiak bermatzen badira. Berdin kirolari profesionalen eta federatuen kasuan.

Maskara garraio publikoan, derrigor

Maskara janztea derrigorra izango da bihartik aurrera, maiatzak 4, garraio publikoan; gidaria tartean. Guztira 6 milioi banatuko ditu Espainiako Gobernuak. Hego Euskal Herrian, aldiz, 884.000 maskara banatuko dituzte: 104.000 Araban, 356.000 Bizkaian eta 224.000 Gipuzkoan.

Osasun Ministroak ohartarazi du birusa ez dela gaindituko bakuna ez badagoen bitartean: "Birusarekin bizitzen ikasi behar dugu, hori da normaltasun egoera berria".

16.000 milioi, autonomiendako

Defizitera gehituko ez zaien 16.000 milioi euroko zuzeneko transferentzia agindu die Pedro Sanchez presidenteak autonomietako presidenteei goizean. "Ez da mailegua, zuzeneko transferentzia da eta ez dute itzuli beharko. Diruaren banaketa COVID-19ak lurralde bakoitzean izan duen eraginaren araberakoa izango da", argitu du Sanchezek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak