Bilboko bere etxean konfinatuta dagoela, gehien gustatzen zaion horretaz jarduteko aukera izan dugu Mari Carmen Gallastegirekin aste honetan. 1945ean Bergaran sortua, Ekonomian doktorea eta katedraduna da. Irakaskuntzari eskaini dio bereziki bere jardun profesionala, EHUko irakasle izan baita urte luzez. Hala ere, beste egiteko batzuk ere izan ditu, hala nola Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Planifikazio kontseilari ere izan zen, EAren izenean. Egun, Jakiundeko kide da. COVID-19 krisitik eratorritako krisi ekonomikoaz aritu gara harekin.
Zer iruditzen zaizkizu egiten ari diren konparaketak? II. Mundu Gerratik bizi izan dugun krisirik gogorrena ei da...
Ez zait gustatzen konparaketa hori. Baliteke ordutik gaur arte bizi izan dugun krisi handiena izatea, baina ez du orduan bizi izan zenarekin zerikusirik eta, beraz, ez zait zentzuzkoa iruditzen. Sistema ekonomikoak zailtasunak izan ditzake, bai, baina esango nuke normalean sistema horrek nahiko ondo funtzionatzen duela. Egia da, baita ere, zailtasunak datozenean geldialdi bat egon daitekeela, baina nik ez dut une honetan horrela ikusten egoera. Hau bukatzen denean, berriro ere hartuko du martxa ekonomiak.
Hala ere, dagoeneko jende asko dago langabezian, beste asko ERTEan...
Beti gertatu izan da gertakari batek ekonomia eragiten duenean. Noski, ondorioak ditu eta jende batek gaizki pasatuko du, baina ez dut beste krisi ekonomiko batzuekiko desberdina izango denik uste. Baliteke apur bat gogorragoa izatea, baina ez dut uste beldurtu beharko ginatekeenik.
"Ez dut beste krisi ekonomiko batzuekiko desberdina izango denik uste"
Europak joan den astean onartu zuen errekuperazio fondo bat sortzea, baina zalantza asko daude poltsaren nolakotasunaz. Formula bat edo beste, oso desberdina izango da?
Europako Batasunak fondo bat sortzea behar-beharrekoa da. Zalantza da nola egingo den eta nola finantzatuko den. Europako Batasunak beti du dirua lortzeko aukera eta beste askotan ere ipini du mahai gainean. Diru-laguntza eran edo kreditu eran etortzea, azken finean, antzerakoa da. Kasu bietan esango dizute non dagoen jasotako dirua behin dena amaitzen denean; ez dago desberdintasun handirik.
Europako Banku Zentralak zein paper jokatuko du?
Lagungarri izango da. Sarri protestatzen dugu uste dugulako ez duela nahikoa egiten, ez duelako berdin jokatzen guztiokin edo ez dagoelako presente zirkunstantzia guztietan, baina nik uste dut azken finean Europako Banku Zentralari esker denok sentitzen garela seguruago.
Transferentzia zuzenak dira bidea?
Horiek dira modurik egokiena, zalantza barik. Azken finean, horrek bermatuko lukeelako prozesuaren transparentzia. Sarri gertatzen da ez dugula jakiten zer ari den gertatzen, nahiz eta jakin-mina duen jendeak azkenean jakiten duen.
Europak izan duen jokabidea egokia iruditzen zaizu? Bakoitzak bere interesen alde egin du hasieratik.
Bai, noski, denok egiten dugun moduan. Edo etxean ez al gara haserretu anai-arrebon artean? Ez al ditugu guk ere gure interesak defendatzen? Azkenean, hori bera da Europan gertatzen dena; alegia, estatu bakoitzak bere interesak defendatzen dituela, familia guztiek egiten duten bezala. Horrek esan gura du gertu gaudela gure ingurukoak erortzen ikusteko? Ba, ez, noski. Azkenean, hausnartu egiten dugu eta logikaz jokatu. Herrialde bakoitzak bere interesak defendatuko ditu beti, baina ez dut uste elkar laguntzeari utziko diotenik. Inori ez zaio interesatzen ondokoei gaizki joaterik eta kasu honetan ere Europako estatuei ez zaie interesatzen kide den herrialde bati gaizki joaterik.
"Herrialde bakoitzak bere interesak defendatzen ditu beti, baina ez dut uste elkar laguntzeari utziko diotenik"
Euroa inoiz baino arrisku handiagoan dagoela irakurri dut. Ados zaude horrekin?
Inolaz ere. Nik ez dut horrelako gauzetan sinisten. Euroa duela 10 urte baino askoz kontsolidatuago dago eta ez dut arriskurik ikusten.
Espainiako Bankuaren arabera, Espainiako BPG %6 eta %13 artean eroriko da. Zer esaten digu horrek?
Espainiako Bankua ez da batere zehatza izan, pentsa zenbat zenbaki dauden 6tik 13ra. Nik uste dut estimazio horiek ezin direla horrela egin, eskatuko nioke zehaztasun gehiagorekin egitea aurreikuspenak. Azterketa askoz ere zehatzagoa izan beharko litzateke, hori ez da serioa. Oso desberdina izango da eragingo duen kaltea erorketa %6koa bada edo %13koa. Ez dago konparatzerik.
Nola igarriko du herritarrak erorketa hori?
Azken finean, sektore publikoak pauso bat atzera ematen du erorketak daudenean. Konponketak auzo eta hirietan, inbertsioak...
Zor publikoa handitu beharko da?
Zor publikoa handitu egin beharko da, zalantza barik. Horrek dakar sektore publikoak diru gutxiago izango duela hango eta hemengo inbertsioak egiteko, eta Europak laguntzen badu, gutxiago igarriko dute merkatuek; izan ere, merkatuak tenkatu egiten dira zor publikoa handiagoa denean. Alderantziz, merkatuak lasaiago daude zor publikoa txikiagoa denean eta horrek jendartean eragina izaten du.
Enpresa txikiak eta ertainak izango dira gehien sufrituko dutenak?
Zerbait ikasi badugu urte hauetan eta batez ere sektore publikoak zerbait ikasi badu da enpresa txiki eta ertainek ezin dutela sufritu eta lagundu egin behar zaiela. Beraz, nik uste dut bide hori landuko dela.
Noiz hasiko gara errekuperazioa ikusten?
Ez dakit erantzun bat ematen, baina honek irauten duenaren araberakoa izango da. Asko hitz egiten da U formako errekuperazioaz, V formakoaz... Niretzat horrek ez du garrantzirik; azken finean, nik uste dut ez dela gauza larririk gertatuko eta errekuperazioa iritsiko dela; lasai egon behar dugu.
"Nik uste dut ez dela ezer larririk gertatuko eta errekuperazioa iritsiko dela; lasai egon behar dugu"
Hirugarren Industria Iraultzaz hitz egiten asi dira aditu batzuk eta ekonomia iraunkor batera trantsizioa ezinbestekoa dela. Orain dela unea uste duzu? Ez gabiltza berandu?
Eredu berderantz jauzi egin beharko dugu lehenbailehen. Mundua suntsitzen ari gara eta, azkenean, lurrak mendeku hartzen du. Nik lehenengoz gertatzen ari zenaren berri jakin nuenean pentsatu nuen: "Hara, hasi al da naturaren matxinada?". Gura dugun moduan erabili dugu planeta, suntsitu dugu abeltzaintza, nekazaritza, animaliak... dena. Ea behingoz konturatzen garen ez gaudela hemen lurra hondatzeko. Etorkizuneko belaunaldiek eskubidea dute mundu duin baten bizitzeko, eskubidea dute mendira joateko, hondartzara... eta dena ondo zainduta egoteko. Azken hamarkadetan lurrari egion diogunak ez du izenik.
Eta zuk uste duzu honek balioko digula horretaz jabetzeko?
Esango nuke konturatzen hasiko garela lurrarekin lotutako guztia ezinbesteko dugula. Beraz, nik uste dut zaindutako elikadura baten aldeko apustua egin behar dugula. Lurra zainduta eta planeta zainduta. Lurrak ematen duena aprobetxatu behar dugu, baina hura suntsitu gabe. Gure amek eta aiton-amonek ere jaten zituzten letxugak, eta bazituzten arbolak, eta ez zuten horrela suntsitu natura. Behar duguna hartu behar dugu, ez gehiago, eta zainduta. Nik uste dut orain dela unea aldatzen hasteko. Mentalitatez aldatu behar dugu. Umeek txiki-txikitatik ikasi behar dute animaliak ez direla zapaltzeko, natura gure alde dagoela eta la-gun izan behar dugula. Eta uste dut oso garrantzitsua dela umetatik ikastea gauzak nondik datozen, nola eta zeini esker ditugun eta prozesuak nolako diren. Gure zilborrera begiratzen erakutsi baino gehiago, irakatsi beharko ligukete gauzak baloratzen, ulertzen, kritikoak izaten eta, batez ere, zaintzen.
COVID-19aren krisiaren kudeaketan estrategia desberdinak defendatu dituzte batzuek eta besteek. Esaterako, Eusko Jaurlaritzak ekono-miaren jarraikortasuna defendatu du Espainiak ezarritako hibernazioaren kontra. Zein da bietan zentzudunena?
Asko gustatu zait Eusko Jaurlaritzak nola defendatu duen aktibitate ekonomikoaren jarraikortasuna. Espainiaren hibernazioa ez dut ulertu inondik inora eta uste dut Jaurlaritzak logikaz jokatu duela. Gauzak aztertuta eta ondorioetan pentsatuta.
"Espainiaren hibernazioa ez dut ulertu inondik inora"
Zerga-bilketa %20 jaitsiko da, Eusko Jaurlaritzaren esanetan.
Hori asko da. Gehiegi. Izan ere, zergabilketa oso garrantzitsua da enpresa, eskola edo bestelako aktibitate asko sustengatzeko. Azkenean, derrigorrezkoak diren aktibitateetarako %20 gutxiago egongo dela esan gura du eta hori ez zaigu inolaz ere interesatzen. Eusko Jaurlaritzak dirua aurreztuta badu, baliteke %20ko jaitsiera horrek horrenbeste ez eragitea.
Autogintzaren sektorean, berriz, eskariak %25 jaitsiko direla aurreratu dute. Zenbaki altua da gero.
Niri hori esajerazioa iruditzen zait. Irakurri nuenean ez nuen sinistu. Gure industriak dagoeneko badaki horretaz. Ez da krisi bati aurre egiten dion lehenengo aldia, ez eta bigarrena eta ezta hirugarrena ere. Nik uste dut ez gaudela horren egoera okerrean. Egia da zerbait eroriko dela, baina hori saihestezina da ekonomian, beti daudelako momentu okerragoak; hortik denok kezkatzera, uste dut ezetz. Nik uste dut oso enpresa kontsolidatuak daudela, egiten dakitenak eta eskaria ere badagoela. Zerbait tenporala izango da. Ez dut uste eraginak denbora askoan iraungo duenik. Gauza okerragoak pasatu ditugu ekonomiaren ikuspegitik.
Esaterako?
2008ko krisia okerragoa izan zen. Input produktiboak falta ziren eta orduan gaizki pasatu zuten enpresek. Azkenean, konpondu zen egoera.
Baikor ikusten zaitut.
Bai. Uste dudalako Euskal Herrian jendea langilea dela, enpresek badakitela zela egin behar diren gauzak eta konfiantza osoa dut gizartearengan. Ez dut uste ona denik gaizki pentsatzea, ez digu onik egiten.