Kirol jardueretara zentzuz itzultzeko gomendioa

Xabier Urtzelai 2020ko mai. 1a, 09:16

Zapatutik aurrera distantziak zorrotz neurtu beharko dira kirol jarduera egiterako orduan.

Herritarrek sei aste daramatzate konfinamenduan murgilduta, eta, zapatuan gorputzari egurra emateko tentazioa izango du batek baino gehiagok. Bada, kontuz: "Denbora asko egin dugu etxean, eta gorputzak pare bat aste behar ditu egoera berrira egokitzeko", dio Athloneko prestatzaile fisiko Kepa Larreak. 

Herritarrak kirola egitera irten ahal izango dira bihar, zapatua. Atzo, eguena, eman zituen Sanchezen Gobernuak azken xehetasunak [Hemen xehetasunak]. Egoera berri horren aurrean, eta askok kirola egiteko duten gogoaz, lehenengo egunean orain arte egin ez dena egiteko tentazioa izan dezake batek baino gehiagok, gorputzari egurra emateko gogoa, alegia. Eta, adituek diote ez dela komenigarria, lehenengo egunetako lan-saioekin kontuz ibiltzea komeni dela, denbora asko izan da-eta aire zabalean kirolik egin barik.

Egokitzapen fasea errespetatu

"Konfinamendua hasi genuenean indoor-eko kirolera edo kirola etxe barruan egitera ohitu behar izan ginen, eta orain, kontrako bidea egin behar dugu, outdoor edo kirola kanpoan egitera ohitu behar dugu. Bada, aste hauetan etxean kirola egiten fin ibili direnei esango nieke lehenengo egunetan lasai hartzeko, gorputzak pare bat aste behar ditu-eta egokitzapen faserako", dio Athloneko Kepa Larreak.

Izan ere, guztien abiapuntua ez da berbera izango: "Aipatu moduan, sei aste hauetan batzuk fin ibili dira etxean kirola egiten, prestatzaileek agindutakoa betetzen, eta horiek ez zuten askorik galduko. Baina egun batzuk beharko dituzte hezurdura, tendoiak, gorputzaren estruktura ostera ere kanpoko kirolera egokitzeko. Hala, arrabola egiten ibili den mendi lasterkariak, esaterako, denbora apur bat behar du ostera ere egokitzeko, eta horregatik diot hobe dela lasai hastea, lesionatzeko aukera txikiagoa izango da eta".

Kirol ohiturak hartzeko aukera

Larreak, baina, nabarmentzen du konfinamendua aukera ederra izan dela kirol ohiturak hartzeko: "Ea aste hauetan etxean kirol apur bat egin dutenek jarraitzen duten, orain motibazio handiagoa dute kanpora irten ahal izango direlako. Gainera, normalean arlo aerobikoa lantzeko joera izaten dugu, oinez paseatu, korrika egin, bizikletan ibili... Baina konfinamenduan indar ariketa gehiago egin dugu etxean, eta horiei ere jarraipena eman behar zaie".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak