Ikasle gehienek irailera itxaron beharko dute ikastetxera itzultzeko

Maialen Santos 2020ko mai. 1a, 09:08

Xubane Garai, batxilergoko bigarren mailako ikaslea, selektibitatera begira ariketak prestatzen.

Eguaztenean egindako agerraldian Pedro Sanchez Espainiako presidenteak iragarri zuen eskola jarduera irailean itzuliko dela, salbuespen batzuekin. Horrenbestez, ikasleek etxetik jarraitu beharko dute lanean, eta nola diharduten jaso du GOIENAk.

Koronabirusaren krisiaren eraginez martxoaren 12an iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak ikastetxe guztiak itxi egingo zituela, eta, horrenbestez, haurtzaindegietatik hasi eta unibertsitatera bitarteko eskola presentzial guztiak bertan behera geratuko zirela. Hasiera batean, hamabost egunerako hartu zuten neurria, baina denboran luzatuz joan da eta ikasleak oraindik ez dira ikastetxeetara itzuli. Etxetik irten gabe, online bidez eskolak jasotzen jarraitu dute ikasle gehienek orain artean, eta Pedro Sanchez Espainiako presidenteak eguaztenean egindako agerraldian adierazi zuen –salbuespenak salbuespen– "eskola-jarduera irailean" itzuliko dela. Gauzak horrela, kasu zehatz hauetarako zabalduko dituzte ikastetxeak ikasturte amaiera baino lehen: errefortzuak behar dituzten ikasleentzako, gurasoen zaintzapean geratu ezin diren 6 urtez azpiko umeendako, eta selektibitatea egingo duten ikasleentzako. Horretaz gain, agerraldian azaldu zuen ikastetxeen irekiera "baimendu egingo dela" ziklo itxierak dituzten ikasleek "boluntarioki" itzultzeko aukera izan dezaten, betiere baldintza zehatz batzuetan. Horren adibide dira DBHko 4. mailan dauden ikasleak, batxilergoko bigarren mailakoak eta erdi edo goi mailako Lanbide Heziketako bigarren urtea ikasten ari direnak. Hezkuntza bereziko zentroetako ikasleek ere izango dute itzultzeko aukera.

Ikasturte amaierarako plana

Une honetan ez dago argi Eusko Jaurlaritzak ikasturte amaierarako prestatutako hezkuntzaplanarekin aurrera jarraitu ahal izango duen, ala Espainiako Gobernuak egindako agerraldian esandakoek plana baldintzatuko duten.

Joan den astean eman zuen planaren berri Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek, eta gaineratu, dagoeneko ikastetxe guztiek jaso dutela horren berri. Bertan, besteak beste, irakasle-taldeak koordinatzeko orientabideak, metodologiak, curriculum-egokitzapenak, hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei eman beharreko erantzuna edo ebaluazio irizpideak jasotzen dira. Sailburuak azaldu zuenez, "ikastetxe bakoitzaren zeregina" izango da ikasturte amaierako ebaluazioa egiteko kontuan hartuko diren irizpideak zehaztea. Hori eginda, ikastetxeko zuzendaritza taldeak eta ikuskatzaileak maiatzeko lehen hamabostaldian bilera egingo dute, ikastetxeak proposatutako ebaluazio-irizpidea aztertu eta baloratzeko. Hain justu, hirugarren ebaluazioari dagokionez ikastetxeek bi aukera izango dituzte: batetik, hirugarren ebaluazio espezifiko bat gauzatzeko aukera izango dute, –hirugarren hiruhileko helburuak lortu diren baloratzeko–; bestetik, amaierako ebaluazio integratua aurrera eraman ahal izango dute, lehen bi ebaluazioetako emaitzak soilik kontuan hartuta. Bi aukera horien harira, Debagoieneko Euskal Eskola Publikoa Elkarteko (Goieskola) koordinatzaile Lukene Igartuak GOIENAri adierazi dio plana "zehatzmehatz" irakurri eta "erabakiak hartzeko" prozesuan daudela. "Egoeraren eboluzioari eta ikasleen eta familien iradokizunei esker sistema berri honetan aldaketak egiten ari gara", azpimarratu du. Ikastolen Elkarteko Hezkuntza arduradun Zigor Ibarzabalek, bestalde, azaldu du "kasuan kasu" ebaluazio prozesu berri bat diseinatu beharko dela; zer eta noiz ebaluatu, irizpideak egokitu, feedbacka nola egin… aztertu eta definitze aldera, eta, gainera, hirugarren hiruhileko ebaluazioak azken ebaluazioan izan beharreko eragina dela ikastolekin landu eta garatuko dutena, "ikastola bakoitzak egiten ari denari lotutako ebaluazio eredua definitu beharko du eta". Halere, irakasgai bakoitzaren beharretara egokituz joango direla diote biek.

Zigor Ibarzabal: "Hirugarren hiruhileko ebaluazioak azken ebaluazioan izan beharreko eragina da ikastolekin landuko duguna"

Lukene Igartua: "Plana zehatzmehatz irakurri eta erabakiak hartzeko prozesuan gaude"

Aukera guztiak "zabalik"

Pedro Sanchezek eguaztenean aitortu moduan, ikastetxeetara itzuli ahal izango diren kasuetan, ikastetxeak ez dira zabalduko maiatzaren 25a baino lehen. Ibarzabalek eta Igartuak azaldu dute Sanchezen agerraldiaren ostean Hezkuntza Sailaren "berriren baten" zain daudela, Sanchezen erabakia irmoa ote den ziur jakin eta edozein eratan ere, "lanean jarraitzeko". Edozelan ere, Ibarzabalek azaldu du "argi" duela ikasleen zein irakasleen ongizatea dela lehentasuna: "Horiek bermatzeko neurri eta erabakiak hartu behar ditugu". Igartuak dio eskola presentzialetara itzultzea "oso zaila" izango dela, baina aukera guztiak "zabalik" daudela.

Miren Santos: "Online bidez jardunda lan karga handiagoa dugula uste dut"

Ikasleei eurei galdetuta, gehienek ikastetxera itzuli gurako luketela jaso du GOIENAk. Oñatiko Txantxiku Ikastolan DBHko 4. maila ikasten diharduen Miren Santosen ustez, "komenigarria" litzateke "denbora gutxirako bada ere" eskolara itzultzea; ziklo baten itxieraren aurrean dago eta bera. Arizmendi Ikastolan batxilergoko bigarren maila egiten dihardu Xubane Garaik, eta dio selektibitatea "hobeto" prestatze aldera eskolara itzuli gurako lukeela. Lanbide Heziketako Tafyd zikloa ikasten ari den Jon Diaz ere iritzi berekoa da. Bere kasuan, dio alde teorikoa etxetik egiteko arazorik ez duela izaten, baina kirolarekin harremanduriko zikloa ikasten ari den heinean, atal hori egin ahal izatea "ezinbestekotzat" jotzen duela.

Jon Diaz: "Zikloak berarekin dakarren alde praktikoa egin gurako nuke"

Unibertsitateen kasuan, erabaki irmoa da ikasturtea etxetik amaitu beharko dutela, eta horrek abantailak eta desabantailak dakartza Euskal Herriko Unibertsitatean Ingeniaritza Informatikoa Gradua ikasten ari den Andoni Olabarria bergararrarentzat: "Ikasgaiaren planteamenduaren arabera errazagoa edo zailagoa da online jardutea". Dioenez, "ohituta" dago autonomoki jardutera. Hala ere, azterketak mantendu egin dizkiote, eta, kasu batzuetan, "ez da erraza" horiek etxetik behar moduan egin ahal izatea.

Andoni Olabarria: "Unibertsitatean nahiko ohituta nago autonomoki lan egitera"

Gailu teknologikoak lagun

DBHtik unibertsitaterainoko ikasleak laguntzea helburu, Ikasle Babes Sarea jarri berri du martxan Unibertsitateko Indar Batasuna taldeak. Saioa Galarraga taldeko kideak GOIENAri esan dionez, laguntza partikularra eskainiko diete "beharra dutenei", eta apunte-bankua ere sortu dute: "Batxilergoko bigarren mailako ikasleei zuzendutako eduki asko daude bertan, selektibitatera begirakoak". Gaineratu du unibertsitateko ikasketetara begirako apunteak ere erabilgarri daudela MEGA plataforman.

Eskola presentzialak bertan behera geratu bezain pronto hasi ziren etxetik lanean maila orotako ikasleak. Goieskolako koordinatzaileak uste du ikasleen artean "gehiengoa ondo moldatzen dela", baina aintzat hartu beharrekoa zera dela: "Zailtasuna ez dator bakarrik online lana egitetik. Ikasleek autonomia gehiago behar dute lanean orain, eta ezin dugu ahaztu etxean konfinatuta daudela". Gainera, ikastetxe, ikasle eta familia bakoitzaren egoera "oso ezberdina" dela ekarri gura izan du gogora Igartuak. Ikastolen Elkarteko Hezkuntza arduraduna ere bat dator, uste du gehienak ondo moldatzen direla gailu teknologikoekin: "Ikasleen konpetentzia digitalaren lanketa egiteko urratsa eginda daukagu, eta gogoeta horren emaitza integratuta dago gure ikas-materialetan. Ikasleekin urtez urte lantzen aritu garen gaitasuna izan da honako hau; horrek asko lagundu du egoera berri honetan jarduteko". Ikasle askoren ustez, baina, online bidez jarduteak "ordenagailu aurrean ordu asko pasatzea" ekarri du, eta sarritan, lan karga "eskolakoa baino handiagoa" izan dela aitortu dute. Oro har, hasiera batean, "nahiko ondo" eraman dute etxetik lan egitea, baina asteak pasa ahala "astunago" bilakatzen ari da lana.

Selektibitatea, uztailean

Krisiaren eraginez, selektibitatea hilabete atzeratu behar izan dute; hain justu, uztailaren 6an, 7an eta 8an egingo dute. Xubane Garai Arizmendiko ikaslea proba prestatzen hasita dago dagoeneko, eta dio ezohiko egoera honen aurrean "hartu beharreko neurria" dela proba atzeratzea: "Hilabete gehiago egon beharko dugu ikasten, eta gogorra egingo zaigula uste dut. Era berean, prestatzeko tarte handiagoa izatea eskertuko dugu, ezohiko baldintzetan ari garelako lanean".

Xubane Garai: "Selektibitatea atzeratzea hartu beharreko neurria dela sinesten dut"

Horren harira, Ikastolen Elkartetik eta baita Goieskolatik ere diote ikasle guztien esku ari direla jartzen "beharrezko laguntza", baina selektibitatearen atarian daudenei "jarraipen berezia" ari direla egiten. "Azterketa horretan ere aldaketa batzuk egongo dira, malgutze aldera egindakoak", azaldu du Lukene Igartuak. "Egoera arruntean azterketak nahiko urduritasun eragiten badu, aurten atzerapenak eta etxetik prestatu beharra izateak urduritasuna areagotzen du", dio. Zigor Ibarzabal ere iritzi berekoa da: "Egoera berezia bizitzen ari dira eta horrek arreta berezia jartzera behartzen gaitu". Eta dio ikasarloetako edukiak lantzeaz gain ikasleen egoera emozionalaren "jarraipena egitea" beharrezkoa dutela irakasleek.

Ikasle Abertzaleak, neurri eske

Ikasle Abertzaleak erakundeak programa bat aurkeztu du ikasleek bizi duten egoera azaltzeko, uste baitute ikasleak "ziurgabetasun egoeran" daudela. Hala, zenbait eskakizun egin dituzte; online ikasketa plana "bertan behera uztea" eta jardun akademikoa ikasketa bakoitzean ezinbestekoa denera "mugatzea". Horrekin batera, eskatu dute online klaseak derrigorrezkoak ez izatea, baina edukiaren lanketarekin jarraitzeko "aukera izatea". Bestetik, selektibitatearen harira zera diote: "Ohiko eredua bertan behera geratzea eta azterketa horien ordez ikasleei erraztasunak emango dizkien ebaluazio modua aplikatzea". Hori gutxi balitz, unibertsitateak, Lanbide Heziketak edota ikastetxeak itxita egon diren epeko matrikulengatik "ordaindutakoa itzultzea" eta hemendik aurrerakoa ez ordaintzea eta ikasle pisu eta erresidentzien alokairua bertan behera uztea eskatu dute.

Arrasateko Ikasle Abertzaleak erakundeak Institutuko eta Arizmendiko Gaztelupe guneko zuzendaritzei mezu bana bidali die, hiru neurri exijituz, "ikasleen interesen defentsan". Hasteko, beharrezkoa den edukia bakarrik ematea eskatu dute; DBHko eta batxilergoko lehen mailetan "garrantzitsuena dena" eta bigarren mailakoentzat "selektibitatean sartuko dena". Ebaluazio irizpideak "egoerara egokitzea" eta zuzendaritza taldekoek "malgutasun handiagoz" jokatzea ere gura dute. Hala, zentroetan negoziazio-mahaia sortzea "beharrezkotzat" jo dute.

Unibertsitateko ikasleak ere etxetik

Koronabirusaren krisia izaten ari den eboluzioaren harira, Mondragon Unibertsitateak apirilaren hasieran eman zuen aditzera gradu eta masterreko ikasketak egiten diharduten ikasle guztiek "urruneko prestakuntzan" amaitu behar izango dutela aurtengo ikasturtea. Hala, gutxienez, datorren ikasturtera arte ikasleek ez dute ikasgeletara itzultzerik izango, eta etxetik jarraitu beharko dute lanean.

Mondragon Unibertsitateko errektoreorde akademiko Jon Altunak GOIENAri azaldu dio ikasleak martxotik ari direla online ikasketak aurrera eramaten, eta horretarako eragozpen handirik ez dutela izan: "Unibertsitatean online ikasketak garatuago daude, eta zentzu horretan prestatuta gaude; plataforma ezberdinekin lan egiten dugulako egunerokoan. Zentzu horretan, aurrerantzean ere hala jarraituko dugu". Gaineratu duenez, ikasgelatik etxerako aldaketa "oso azkar" gertatu zen arren, ikasle zein irakasleek "egoerara moldatzen" jakin dute.

Ikasketa-planari dagokionez, ebaluazio jarraituaren aldeko apustua "hasieratik" egin zuen Mondragonek, eta alde horretatik "eskertuta" azaldu da Altuna. Hala, aitortu du ebaluazio irizpideak ez direla asko aldatuko, baina zertxobait moldatu behar izan dituztela: "Beharraren arabera jardungo dugu, baina lanak eta proiektuak hartuko ditugu oinarri, ahal den heinean". Horrenbestez, ohi baino azterketa gutxiago egitea aurreikusten dute, "posible den kasuetan, behintzat". Hala ere, ikasgaiaren arabera egokitu egingo dira ebaluazio irizpideak, eta edukiek hasieran ezarritako pisu bera izaten jarraituko dute aurrerantzean ere.

Jon Altuna: "Hasieratik egin genuen ebaluazio jarraituaren aldeko apustua, eta eskerrak"

Errektoreordeak azaldu duenez, "kalte handienak" jasan behar izan dituzten ikasleak mugikortasun programetan parte hartzen ari zirenak izan dira. Zehaztu du Europan zehar egonaldia egiten ari ziren ikasleen artean batzuk Euskal Herrira itzuli behar izan dutela eta beste batzuek, aldiz, egonaldiarekin jarraitzeko aukera izan dutela. Etxera itzuli diren batzuek ikasketa plana moldatu behar izan dute, gainera: "Batzuek atzerrian egiten ari ziren ikasketekin jarraitu dute eta beste batzuek hemengo ikasketa planera egokitu behar izan dute". Egonaldia Europatik kanpo egiten ari zirenen egoera oso bestelakoa izan da: "Ikasle horiei etxera itzultzea gomendatu diegu, kasu guztietan".

kasturtearen itxierari buruz galdetuta, maiatzean zehar bukatuko dute ikasturtea ikasleek, eta, ildo horretatik, Jon Altunak azaldu du Aste Santutik bueltan ikasle zein irakasleek igarri dutela lan-karga areagotu egin zaiela. "Ondo moldatu arren, ez daude ohituta modu iraunkorrean etxetik lan egiten, eta dagoeneko nekeza egiten ari zaie", dio. Hala eta guztiz ere, azpimarratu nahi izan du unibertsitateko langile batzuk asteon hasi direla presentzialki lanera itzultzen, "protokoloari jarraituta eta segurtasun baldintza guztiak betetzen direla ziurtatuta". Eta datozen asteetan ere egongo da presentzialki lanera itzuliko denik.

Datorren ikasturtera begira jarrita eskolak noiz hasiko diren ezin dela jakin dio Altunak; izan ere, "faktore ezberdinak" hartu behar dira kontuan: "Esaterako, datorren ikasturtea Mondragon Unibertsitatean egingo duten ikasleetako askok selektibitatea gainditu beharko dute lehenengo; eta badakigu hilabete atzeratu dutela proba". Horrenbestez, sarrera proba egitearen jarraian datozen prozesu guztiak ere atzeratu egin beharko direla argitu du. Dagoeneko Mondragon Unibertsitatean ikasten ari direnen kasuan ere "ez dago jakiterik" ikasturtea noiz hasi ahal izango duten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak