"Aitortza egun bat ere bada, mundu hobea sortzeko borroka egiten duten milaka eta milaka langileren lana goraipatzeko eguna", azaldu du Amagoia Lasagabasterrek, ELAko eskualdeko arduradunak.
LABek, bestalde, Eibartik abiatu eta eskualdeko herri ezberdinetatik igaroko den auto karabana egingo du, "agintariek debekatzen ez badute, behintzat", Jon Kirru Iparragirre eskualdeko arduradunaren esanetan. 10:00etatik 11:30era izango da. "Mobilizazio hau ez da izango masiboa. Gehienez, 20 auto batuko gara, osasunari dagozkion neurri prebentibo guztiak hartuta". Horrez gain, streaming bidez hainbat eduki partekatuko dituzte: zaintzaren inguruko eztabaida bat eta Garbiñe Aranburu idazkari nagusiaren irakurketa politiko-sindikala, besteak beste.
ESK sindikatuko kide Felix Irizarrek azaldu duenez, leihora joko dute, "mundu berri bat ikuspegi feministatik eta naturarekiko errespetutik sortzeko uste sendoarekin". Gehiengo sindikalarekin bat eginez, egungo salbuespen egoera salatuko dutela gaineratu du.
Langile Komisioak eta UGT sindikatuek "manifestazio birtuala" egingo dute sare sozialen bitartez, 13:30ean, eta 17:00etan kontzertu birtuala ere egingo dute.
Garai zailei aurre egin guran
Lasagabasterrek azpimarratu du krisi ekonomikoa nabaria dela. "Kaleratze, ERTE eta bizitza normalak eragindako gastuei aurre egin ezin dieten langile klasea gara. Badakigu aurreko krisietan zein errezeta ibili duten gure agintariek, zerbitzu publikoetan murrizketak, gastu sozialaren jaitsiera, soldaten izoztea denbora luzean, eta abar. Horri aurre egin behar diogu, klase moduan eta nazio moduan". Modu berean, gaineratu du "osasun krisi honek" balio izan diela konturatzeko zer den benetan bizitzan garrantzitsua. "Amesgaizto honek balio behar digu gizarte moduan ikuspegi berria izan eta bestelako balio batzuk lantzeko: laguntasuna, elkartasuna, osasuna, ingurumenari errespetua, eta abar".
LAB sindikatuarentzat ere "garai zailak" dira. "Batzuk kaleratuak izan dira, beste batzuek eskubide murrizketak pairatu ditugu, askok ziurgabetasunez begiratzen diote etorkizunari. Salbuespen egoera honetan hamaika egoera latz bistaratu zaizkigu: Paristik eta Madrildik ezarritako dekretuen bidez lau paretaren artean zorrozki konfinatu gaituzten bitartean, prebentzio neurririk gabe lan egitera behartu gaituzte".
Irizarrek dio langileenak eta beste kolektibo ahul batzuenak beti izan direla garai zailak. "Baina garai hauetan, bereziki, pandemiak kaltetuak eta zigortuak izan direnei, gu zaintzeagatik, eta gure bizitza zaintzeaz arduratu diren langileei gure esker ona eta agurra egin nahi diegu", gaineratu du. "Langile gisa kokatu behar dugu gure burua, kapitala, pandemia aprobetxatuz eta indarrez, saiatuko baita sorturiko kalteak betikook ordain ditzagun. Eta gure klase-indarraz baliatu behar dugu kapitalak eta haren gobernu txotxongiloek inposatu nahi digutenari aurre egiteko".
Sistemaren aurkako borroka
Gaurkoan, ELAk gogoan izango ditu Euskal Herrian eta mundu guztian hil direnak. "Nabarmendu nahi dugu zer-nolako injustizia humanitarioa den milaka pertsonaren heriotza, behar bezalako osasun arretarik izan ez dutelako eta segurtasun neurririk hartu ez delako. Pandemiak argitan utzi duen krisia ez dela unean unekoa, estrukturala baizik".
LABek ere ildo beretik egin du aldarrikapena. "Ikusi dugu zer beharrezkoa den osasun eta zaintza sistema publiko sendoa izatea. Ikusi ditugu milaka lagun herri eta auzoetako elkartasun sareetan antolatzen. Ikusi eta ikasi dugu gure lanak mugitzen duela mundua eta, era berean, gure lanak eraldatu dezakeela mundua. Gehiengoaren interesak defendatuko lituzkeen herri eta eredu ekonomikoa da aldarrikatu nahi duguna".
ESKren iritziz, ahaleginak batzeko unea da. "Gehiengoak batzeko momentua da, pertsonen beharrak etekinen aurretik jarriko dituzten gehiengoak batzekoa, bizitza kapitalaren interesen aurretik jartzekoa. Bada garaia osasun eta hezkuntza publiko eta unibertsalak defendatzeko, etorkizunean interes orokorreko ezinbesteko ondasun gisa inbertitzeko".