Ohiz kanpoko maiatzaren 1a

Maiatzaren lehen hau ezohikoa da, ohiz kanpoko maiatzaren 1a, Covid-19aren pandemiak gure etxeetan sartu gaitu, eta ezin ditugu kalean gure aldarrikapenak adierazi, ezta mundu osoko langileekiko gure elkartasuna azaldu ere.

Gaur pentsiodunak gara, atzo langile kotizatzaileak izan ginen. Belaunaldi askok, langileen belaunaldiek, izugarrizko borroka egin dute, eta horrekin lortu zen lanaldia murriztea, soldatak hobetzea, generoagatiko desberdintasunak murriztea, laneko baldintzak hobetzea, osasun-sistema publiko eta unibertsalak izatea eta, halaber, pentsioen sistema publikoa eraikitzea.

COVID-19aren pandemiak agerian utzi ditu osasun-sistemaren eta mendekotasunaren arretaren gabeziak, eta sektore horietan bizitzen ari den tragediaren neurriek zerikusia dute krisi ekonomikoaren aitzakian azken urteotan egindako murrizketekin. 2008an ezarritako austeritate politikek aberatsak aberatsagoak izatea lortu dute, enpleguaren prekarietatearen eta gizarte-desberdintasunak areagotzearen kontura. Kapitalaren helburua osasuna, hezkuntza eta mendekotasuna pribatizatzea izan da eta da, haien onura maximizatzeko, eta horrek kalte egin die pertsonen osasunari eta bizitzari.

Ekonomiak interes kolektiboaren zerbitzura egon behar du; gaur egun, inoiz baino gehiago, arlo publikoa defendatu behar dugu, eta ez dugu onartu behar erakunde publikoek, guztion diruarekin, batez ere enpresa pribatuei mesede egitea; ezta politika horiek, egoitzen kasuan gertatu den bezala, pertsonen bizitza arriskuan jartzea, milaka langileren lan-baldintzen narriadura sustatzea, eta, horren guztiaren ondorioz, adineko pertsonen behar integralak ahultzea eta apaltzea.

Maiatzaren lehen honetan nabarmendu nahi dugu lehentasuna pertsonak erreskatatzea dela, bizi-baldintza duinak bermatzeko, eta gizarteko pertsona guztiek beren oinarrizko beharrak aseta izan ditzaten. Aberastasuna modu askoz bidezkoagoan banatuta baino ezin da egin hori. Era berean, gure konfinamendutik pentsiodunok, maiatzaren lehena baliatu nahi dugu irmo azaltzeko, gure aldarrikapenen alde borrokan jarraituko dugula orain arte egin dugun bezala, pentsio publikoen alde bere osotasunean, hain zuzen ere.

Azkenik, Langileen Nazioarteko Egunean, hildako guztienganako atsekabea adierazi nahi dugu, beste une batean merezitako agur kolektiboa eskaintzeko aukera izango dugulakoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak