Birusak eragindako amesgaiztoa gaindituta, aurrera egiteko gogotsu

Jone Olabarria 2020ko mai. 1a, 08:36

COVID-19a gainditu duten hiru lagun elkarrizketatu ditu GOIENAk asteon: Gipuzkoako lehen positiboa izan zen Eider Gabilondo aretxabaletarraz gain, Iturbide egoitzako erizain Ione Santos bergararrak eta arrisku taldearen barruan dagoen Jabier Altube oñatiarrak ere haien bizipenak kontatu dituzte.

Gero eta gehiago dira COVID-19a gainditu duten herritarrak eta gero eta gutxiago kutsatzen ari direnak. Egoera oraindik ere oso zaila izan arren, argi izpiak ageri dira tunelaren amaieran bereziki koronabirusa gainditu duten debagoiendarren artean.

Hego Euskal Herriko datuei erreparatuta, azken datua da azken 24 orduetan 612 positibo izan direla Gipuzkoan, Bizkaian, Araban eta Nafarroan; hildakoak 25 bat izan dira eguaztenetik eguenera bitartean eta errekuperatutakoak 493 izan dira.

JABIER ALTUBE: "Izan konfiantza profesional guztiengan eta medikuak esandakoa zorrozki jarraitu"

Martxoaren 30ean koronabirusaren proban positibo eman zuenetik, Arrasaten ospitaleratuta, etxeko ospitalizazioan eta koarentenan egon da Jabi Altube 69 urteko oñatiarra, atzora arte. Prozesu guztian zehar jasotako tratu "itzela" azpimarratu du.

Kalenturarekin hainbat egun eman ostean jakin zenuen koronabirusak kutsatu zintuela...

Bai, hala da. Sintrom medikamentua hartzera joan nintzen Oñatiko anbulatoriora, eta uste dut bertan kutsatu nintzela. Horren ostean, 8-10 egun egon nintzen etxean, kalenturarekin. Familiako medikuari deitu, eta Arrasatera bidali ninduten martxoaren 27an. Erradiografia bat egitearekin batera, koronabirusaren proba egin zidaten; pneumonia puntu bat izateaz gain, positibo eman nuen.

Nola joan ziren ospitalean eman zenituen egunak?

Martxoaren 30etik apirilaren 7ra arte, Debagoieneko Ospitalean ingresatuta egon nintzen. Sintomak gripe normal batenak ziren, ez nuen arnasa hartzeko arazorik ere. Oso ondo artatu ninduten, eta nire esker ona helarazi nahiko nieke bertan lan egiten duten profesional guztiei. Gaixotasuna azkar harrapatu eta sendatzen ederto asmatu zuten; gertuko tratu ezin hobea jaso nuen. Bertan egon nintzen lehen lau egunetan lortu zuten sukarra desagerraraztea, eta ordutik aurrera ez nuen sintoma berezirik izan. Lehen bi egunetan bergarar bat izan nuen ondoan, eta gerora, oñatiar bat; egoera berean geunden eta oso lagungarria izan zen.

Etxera bidali zintuzten ostean, etxeko ospitalizazioan...

Ospitalean alta eman zidatenean, etxeko ospitalizazioa egin nuen. Bi egunean behin etortzen ziren medikua eta erizaina etxera eta egunero telefono bidez egiten zidaten jarraipena. Oñatiko nire medikuak ere une oro deitu dit. Apirilaren 15ean eman nuen negatibo koronabirusaren proban, baina, hala ere, bi astez egon behar dut koarentenan, atzora arte. Aste hauetan zehar hainbat proba egin dizkidate; 2017an, giltzurruneko arazoekin ibili nintzen eta ordutik tratamendu berezi bat jarraitzen dut. Koronabirusak tratamenduari eragin ahal ziola-eta egin dizkidate proba horiek, dena kontrolpean izateko.

Beldurrik izan duzu prozesuan zehar?

Komunikabideetan hildako kopurua ikusita beldurra beti dago hor, baina ez nuen nire gorputza hain gaizki ikusten horretarako. Hala ere, ez nekien zenbaterainokoa zen, nahiko ezezaguna da gaitza denontzat eta ardura puntu bat banuen. Eman dezakedan gomendio onena profesionalengan konfiantza izatea da; medikuak esandakoa zorrozki jarraitu eta jarrera positiboarekin aurrera egingo dugu guztiok.

IONE SANTOS: "Egoitzako egoerak eduki nau bereziki kezkatuta"

Arrasateko Iturbide adinekoen egoitzako erizainen koordinatzailea da Ione Santos erizain bergararra. Koronabirusak kutsatuta 24 egun eman ditu etxean, isolatuta, joan den ostegunean alta eman eta ostiralean bertan lanera itzuli zen arte.

Lanean kutsatu zinen?

Bai, hori uste dut. Egoitzan lehen kasuak martxo erdialdera izan genituen eta hasieran ez genekien kasu horiek positibo zirenik ere. Orduan babes material ugari falta zen, bai gurean, baita leku guztietan. Ziur ez dakidan arren, lanean kutsatu nintzela uste dut.

Sintomak igarri zenituen ala proba eginda jakin zenuen?

Erresidentzian lehen hiru kasuak atzeman zirenean probak egin zizkiguten erizainoi, langile zuzen bezala eta arrisku gehien genuenetakoak ginelako. Positibo eman ostean etxera bidali ninduten eta hiru egunera igarri nituen izan ditudan sintoma bakarrak; usaimena eta dastamena galdu nituen. Bestelakoan, ez dut sukarrik izan, ez bestelako sintomarik ere.

Ordutik etxean egon zara, joan den astera arte...

Etxean egon naiz une oro, 24 egun eman ditut irten gabe. Zorionez, nahiko sintoma arinak izan ditut eta ez dut ospitalean egoteko beharrik izan. Etxean baina gelan egon naiz bakarturik; logelan bertan komun bat dugu, eta hori izan da nik erabili dudana. Bestelako neurriei dagokienez, arropak garbitzerakoan bi poltsatan sartu eta 60 gradura garbitu behar zituzten etxekoek nire arropak, horiek bakarrik. Mahai tresnak ere neureak erabiltzen nituen eta ostean garbiketa berezia egiten zuten.

Nola bizi izan dute egoera etxekoek?

Denak egon gara konfinatuta, ezin irtenda 24 egunez. Bizilagunen laguntzari esker jatekoak ekarri dizkigute edo zaborra atera ahal izan dugu. Etxean egotea gogorra izan da seme-alabentzat, baina, zorionez, ez dira kutsatu eta ez dute inolako sintomarik izan.

Medikuen jarraipena ere etxetik egin duzue?

Telefono bidez. Erizainak edo medikuak deitzen zidan Osakidetzatik, eta gerora ere prebentzio zerbitzutik deitzen zidaten, jarraipena egiteko.

Zer izan da egoera honetan gogorrena?

Niretzat, etxekoekin ezin egotea izan da gogorrena, gelan bakartuta egon behar hori. Positibo eman aurretik jada hartu genituen etxean hainbat neurri, eta erdi bakartuta nengoen, neure erabakiz, noski. Arriskua egon bazegoen, eta etxekoak babestu nahi nituen.

Erizainen koordinatzailea zara; etxean egonda ere, gertutik jarraitu duzu egoitzako egoera...

Egunero egon naiz harremanetan nire lankideekin, eta bertako egoera jarraitu dut etxetik. Amorru pixka bat ere sentitu dut, egoitzan hainbeste arazo egonda ezin nintzelako bertan egon, ezin nuelako lagundu. Fisikoki ondo nengoen etxean, ez zuen sintoma askorik, baina nire lankideen eta egoiliarren egoerak bereziki keztatuta eduki nau. Iturbide egoitzan erizainen lana indartu behar izan dute, Osakidetzako erizainak ari dira lan horretan. Hiru mediku ere egon dira une oro hemen, horietako bat Debagoienean COVID-19a koordinatzen duena. Alde horretatik, oso zaila egin zait; bestela, ondo, luze joan dira egunak baina irakurtzen pasa dut denbora.

Nolakoa izan zen negatibo eman zenuen une hori?

Hiru egun jarraian egin zidaten testa eta joan den ostegunean esan zidaten negatiboa eman nuela. Egun hartan bertan alta eman eta hurrengo egunean itzuli nintzen lanera. Oso pozik hartu nuen, baina, batez ere, lanean berriz ere asteko gogoz nengoen; erizaintza oso bokazionala da eta ni desiratzen nengoen Iturbidera bueltatu eta koronabirusaren aurka lanean jarraitzeko.

Egoitzara itzuli zinenean, nolako egoera aurkitu duzu bertan?

Esan beharra dut une oro harremanetan egon izanagatik oso gertutik ezagutzen nuela egoitzaren egoera, baina, hala ere, harritu egin ninduen apur bat; ospitale txiki bat ematen du Iturbidek. Gurean lehen kasuak atzeman zirenean egoitzatik atera zituzten eta Eibarko ospitalera edo Donostiako Gurutze Gorrira eraman zituzten. Egoiliarren gehiengo handi batek positibo eman zuela ikusita, erabaki zen hemendik ez atera eta Iturbiden zentralizatzea artatze-lan guztiak. Hein batean, horregatik ekarri digute errefortzua ere, guk normalean Iturbiden bertan egiten ez ditugun lanak hemen dabiltza egiten. Zorionez, poliki-poliki bagoaz argia ikusten.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak