Euskal Editoreen Elkarteak adierazitakoaren arabera, sektorean %20-25eko galerak izango dira. "Aurreikusitako salmentak 67.000.000 euro dira, eta 13.400.000 euroko galerak kalkulatzen ditugu; eta euskarazko salmentei dagokienez, 38.100.000 euro zen aurreikusitakoa, eta 7.620.000 euroko galera izango dela uste dugu. Liburuaren Eguneko datuak ez ditugu oraindik bildu; Liburu Ganbara eta liburu-denden elkartearekin lanean ari gara galera zehatzak zenbatzeko. Aipatutako kopuru horiei soldatak eta gastu orokorren galerak ere gehitu behar zaizkie; eta alarma egoera luzatzen bada, jakina, handiagoak izango dira", azaldu du elkarteko idazkari tekniko Ana Urrestarazuk.
Egoerak lehendik ere ahula zen kulturaren sektorea oraindik ere gehiago kolpatuko duela dio Elkar argitaletxeko Olatz Osak: "Seguru eragingo diola hainbat proiekturi. Eginahal guztiak egingo ditugu estrategikoak diren proiektuei eusten eta berriak abian jartzen, baina horretarako ezinbestekoa izango da ekoizleon ekimena, instituzioen babesa eta laguntza, eta gizarteak, oro har, kultur eta hezkuntza proiektuei lehentasunezko balioa ematea".
Liburu-bonuaren eskaera
Euskal Editoreen Elkartea gremio elkartea da, baina enpresaz osatuta dago; argitaletxeak dira euren bazkideak, handiak zein txikiak. "Gurean, euskaraz argitaratzen duten argitaletxeak daude, guztira argitalpengintza komertzialaren %95".
Elkartearen helburu nagusia "euskal liburuaren defentsa eta sustapena eta bazkideen babesa ordezkaritza eta elkarren arteko koordinazioa" da. Lanik ez zaiela falta erakutsi du Urrestarazuk: "Bazkideei helarazteko ahalik eta informazio zabalena biltzen ari gara, batetik, eta baita hain- bat txosten ekonomiko egiten ere, administrazioarekin hitz egiteko eta laguntza moduak elkarrekin bilatzeko"; eta hauxe gaineratu du Elkar argitaletxekoak: "Pentsatu behar dugu sektoretik egindako eskariak aintzat hartuak izango direla, ezinbestean beharko ditugulako aurrera egiteko, bai sortzaileentzat, nola argitaletxe eta liburu- dendentzat ere".
"LIBURU-BONUA ESKATU DIOGU EUSKO JAURLARITZARI, PIZGARRI MODUAN"
(Ana Urrestarazu, Euskal Editoreen Elkartea)
Eusko Jaurlaritzari Liburu-bonua eskatu diotela azaldu du Editoreen elkarteko idazkariak: "Oso lagungarria izan daitekeelako eskatzen dugu, beste sektoreetan egiten duten moduan. Beharrezko pizgarritzat jotzen dugu pixkana-pixkana normaltasunera itzultzeko kontsumoari dagokionez, bai liburu-dendetan, bai liburuaren balio-kate osoan. Ekarpen kulturalaz gainera, Liburu-bonuak bere ekarpena egingo lioke Euskal Herriko ekonomiari, lanpostuak mantentzen lagunduko luke eta zerga bidezko diru-sarrerak sortuko lituzke administrazio publikoentzat.
Edizio planak berregiten
Itxialdia hasi zenetik telelanean ari dira Elkar argitaletxekoak: "Oso denbora laburrean antolatu behar izan genuen guztia etxetik jardun ahal izateko; eta etengabe egiten ditugun bilerak, koordinazio lanak eta bestelako egitekoak online egitera ohitu behar izan dugu, pixkanaka".
Aurtengo lehen liburu batzuk argitaratuta edo argitaratzear zituzten. "Inprentatik jasota eta aurkezteko prest, eta horiek arlo komertziala martxan jarri bezain pronto plazaratuko ditugu. Gainerakoan, hartutako konpromisoei eusten saiatuko gara; beraz, gure asmoa argitaratzea da, baina aurrerago, liburu-dendak eta arlo komertziala itxita dauden bitartean ez baitu zentzurik ekoizpena plazaratzeak".
"UDAZKENEKO ETA DATORREN URTEKO EDIZIO PLANA BERRIZ EGITEN ARI GARA"
(Olatz Osa, Elkar argitaletxea)
Proiektu nagusiei eusteko ahaleginak egiten ari direla gaineratu du Osak, baina "ezinbestean" edizio planak moldatzen eta berregiten ari direla gaineratuta: "Uda aurretik argitaratzeko asmoa genuen ekoizpen batzuk ezingo dira orain argitaratu, eta, beraz, aurreragorako utzi beharko ditugu, ezinbestean. Honek guztiak udazkeneko edizio planean ez ezik datorren urtekoan ere eragingo du".
Euskal Editoreen Elkartea ere urteko plangintza moldatzen ari dela kontatu du idazkariak: "Aurrez aurre egiten ditugun ekintzak bertan behera gelditu dira, eta aztertzen ari gara formula berriak. Beste batzuk erori egin dira; adibidez, Bolognako Liburu Azoka. Ikusiko dugu zer gertatzen den guretzat hain garrantzitsuak diren Frankfurt eta Guadalajarakoekin. Zer esanik ez Durango Azokarekin".
Julen Ribas ilustratzaile arrasatearrak ere aurkezteko puntuan zuen lana atzeratu egin dela kontatu du: "Frantziako argitaletxe batendako Frantziako Iraultzari buruzko komiki trilogia bat egiten ari naiz beste ilustratzaile batzuekin batera; marraztea eta tinta ematea da nire lana. Bi liburu eginda daude, bigarrena zen orain aurkez- tekoa, baina atzeratu egin dute; hala ere, lanean jarraitzen dugu, hirugarrenarekin ari gara, irailerako amaitzeko esperoan".
"BERBA EGINDAKO PROIEKTUAK DITUT, BAINA IKUSI BEHAR LOTZEN DITUDAN"
Julen Ribas, ilustratzailea
Dirulaguntzetarako zailtasunak
"Finantza laguntzak badaudela baina ez dela erraza horiek eskuratzea" dio Urrestarazuk: "Enpresa txikiek –argitaletxe eta liburu-denda– dute arazo handiena, eta beldur gara horiekin. Bestetik, kulturako autonomoentzat badira laguntzak ere, baina bakarrik epigrafe batzuk onartzen ari dira. Zaila da hau guztia".
Langile autonomoendako dagoen poltsatik jasotzen ari dela dio Ribasek, baina aurreragoko proiektuekin arduratuta dagoela gaineratuta: "Orain, lana dugu, eta lasai nago alde horretatik, beste batzuk okerrago daude; baina zer gertatuko da aurretik berba eginda baina sinatu barik dauzkagun lanekin?".
Osak ere sortzaileak babes barik daudela berretsi du: "Kez- kaz bizi dute egoera, nola ez. Honek guztiak oraindik ere beraien etorkizuna gehiago zailduko duen beldur. Bada garaia, gizarte bezala, horien guztien ekarpena balioesteko".
Idazleen artean egoera ezberdinak daudela dio Eneko Bar- berenak: "Idaztea, niretzako, afizioa da; euskara teknikaria naiz ogibidez, baina arduratuta nago idazteaz bizi direnekin eta literaturaren inguruan dagoen lanpostu horiekin guztiekin zer gertatuko den, ea laguntzarik izango den horiendako guztiendako; izan ere, euskal literatura eusten duen jende kopurua ez da horrenbeste, asko dagoeneko esfortzu handia egiten ari dira mantentzeko dagoen apur hori, eta haize bolada batek kalte egi- teko aukera du".
Atzerrira begira
Beste erkidego batzuetako elkar- teekin harremanetan daudela dio Urrestarazuk. "Galeusca osatzen dugunon artean, bereziki. Egoera antzerakoan daude; hizkuntza gutxituetan argitaratzen dutenen panorama beltza da. Adi gaude beste herrialde batzuetan nola jokatzen ari diren: Belgikan ez dira liburu-dendak itxi eta Frantzian ireki egingo dituzte. Herrialde aurreratuetan sektoreari lehentasuna ematen diote".
Eneko Barberena (Idazlea eta literatura-zalea): "Superbibentziatik badu eta baita liburu pilarekin adiskidetzea ere"
Goiena.eus atariko blogen atalean Sagasti Etxea izenekoa dauka Eneko Barberenak, eta han idazten ditu literaturarekin eta liburuekin lotutako iruzkinak.
Zerk bultzatuta hasi zinen egunero bloga elikatzen?
Esango nuke bulkada bat, barrutik irtendako zerbait, izan zela; hortaz, alde batetik, badu superbibentziatik apur bat, eta, bestetik, nire liburu pilarekin adiskidetzeko ariketa bat ere bada; liburu batzuk berriz hartu eta irakurri bakoak irakurri eta komentatzea idazle batendako sasoian egoteko ariketa bat da.
Denerako liburuak aukeratu dituzu. Zelakoak, esaterako?
Gehienak euskarazkoak eta gaztelaniazkoak dira, baina katalanez idatzitakoren bat ere komentatu izan dut; katalana ikasten ari naiz eta nire burua irakurtzera behartzen dut.
Eta zelako esperientzia ari da izaten?
Ariketa interesantea da, bai; batetik, irakurlearendako pasarteren bat edo beste hautatzen dudalako, eta, era berean, eguneroko gaiekin edo nire bizipenekin lotzen saiatzen naizelako. Ariketa xumea da, badaude Euskal Herriari kritika egiten dioten adituak, baina nik beste liga baten jokatzen dut. Nirea entretenimendua eta iritzi terrenoa da gehiago.
Irakurle zehatzik izaten duzu buruan?
Batzuetan, bisualizatzen duzu; eta beste batzuetan, gehiago da norberak interesante uste duen gogoeta bat botatzea. Azken finean, zentzu horretan, irakurle batek testu bat, zorionez, modu askotan interpreta dezake, eta nik egiten dudana da niri piztu didan hori komentatzea.
Ze maiztasunekin idaztea da zure asmoa?
Nahiz eta ia egunero egin dudan berri bat, ez diot nire buruari zama hori jarri gura; izan ere, bestela, ikus zaitezke edozer gauza idazteko beharrean. Bi eguneko etena egin nuen aurreko astean, sortzaileek deitutako grebarekin bat egiteko, baina, bestela, ia egunero idazten ahalegintzen naiz.
Blogaz gainera, beste idazlanik baduzu orain?
Zerbait badaukat idatzita, eta ari naiz sortzen ere, ikusiko da argitaratzerik izango den gero. Alarma egoerak asko korapilatu du dena, zertan gauzatuko den inork ez daki; egoera serioa da.