Diseinu horrekin, makina Europan eskaintzen hasi ginen, Txinan konpetentzia oso gogorra geneukalako eta aukera gutxi ikusten genuelako hemen. Gure ideia zen diseinu hori Europako estandarretara egokitzea. Segurtasuneko CE ziurtagiria lortu eta zerbitzu lokala eskaintzea bezeroei, Aretxabaleta, Alemania edo Frantziako planten bitartez. Batez ere, kontaktu eta ezagunen artean banatzen hasi ginen; tartean, Oiarso kooperatibara [Bexen Medical] ere helarazi genuen eskaintza, interesik baldin bazuten. Hala, martxoaren 10etik 13rako egunetan, Espainiako Industria Ministerioa Mondragon Taldearekin jarri zen harremanetan, maskarak egiteko aukerez berba egiteko. Mondragonek Oiarso enpresarekin kontaktatu zuen, hauek Espainia mailan dauden gela zuri bakarrenetakoa zeukatelako, maskarak fabrikatzeko beharrezko azpiegitura bat, eta maskara kirurgikoak fabrikatzea eskatu zioten.
Kointzidentzia edo zortea, ez dakit, baina momentu hartan Oiarsok gure makinen aukera mahai gainean zeukan, eta bat-batean, bizpahiru egunetan operazio osoa argi geratu zen. Espainiako Gobernuak Oiarsori prezio jakin baten maskara kopuru handi bat erosteko konpromisoa hartu zuen. Oiarsok azpiegitura, baliabideak eta esperientzia jarriko zituen maskarak produzitzeko, eta Mondragon Assembly-k makinak egingo zituen. Gogoratzen dut martxoaren 13an gerentearen, Luis Mari Imazen, dei bat jaso nuela operazio honen aukeraz hitz egiten. Asteburuan, dei piloa egon ziren: Gobernua, Oiarso, Mondragon Assembly, Euskadi, Txina… Astelehen hartan, fabrikazioa martxan jarri genuen. Eta 25 egunetan, makinak egiteko konpromisoa hartu genuen. Hori Txinan bakarrik egin daiteke.
Ez. Lehenengo, injinerutza azkar bat egin genuen segurtasuneko CE ziurtagiria lortzeko. Aldi berean, diseinu elektrikoa egokitu eta kontrol programak egin genituen gure estandarrean. Diseinua eman zigun hornitzailearekin pieza mekanizatuak egin genituen. Honek ere 7 edo 10 egunetan egin zituen pieza guztiak, eta bere lantaldea ere izan zen muntaian laguntzen… Elkarlan polita egin dugu hauekin ere. Baina, egia esan, zoramena izan zen, dena aldi berean egin behar, denborarik ez, azken bi asteak muntaia eta puntuan jartzea, egunero 14-16 ordu lanean… Zapatuak eta domekak barne, gure jendea, hornitzailearena, ni neu ere egun askotan… Baina lortu genuen makinak irten behar ziren egunean prest egotea.
Bidalketa ere ez zen erraza izan. Baina hemen, egia esan, Espainiako Gobernuak asko eta modu efikazean lagundu digu, benetan oso ondo eta azkar egin dira gauzak. Bai gure teknikariek bidaiatzeko bisa lortu eta aireportuetan arazorik izan ez zezaten beharrezko kontaktu eta dokumentuak helarazten; baita makinen bidalketa kudeatzen, Shanghaitik Markinaraino…
Bai, bai. Gure lantaldeak zuen guztia eman du proiektu honetan, izugarria izan da konpromisoa. Egia esan, harritu egin nau. Denek kooperatu dute, gogoz, gainera: erosketa, muntaia, injinerutza, giza baliabideak… Une batzuetan, gure taldeko 30 lagun genbiltzan lanean makinetan. Aretxabaletatik ere laguntza handia jaso dugu, injineruen aldetik, kudeaketan, koordinazioan Oiarso kooperatibaren eta Gobernuaren artean… Estres askokoa baina polita izan da.
Ez, ez, hori kointzidentzia izan da. Kointzidentzia polita, baina besterik ez. Espainiako Gobernua Oiarsora joan zan lehenengo eta Oiarsok justu gure proposamena bazeukan ordurako. Kointzidentzia, zortea, ez dakit zer den; hemen, Txinan mugitu izanak, diseinua lortu izanak eta makina hori eskaintzeko atrebentzia apur bat eduki izanak ere lagundu du zortea izaten uste dut.
Hiru Oiarso enpresaren eskuetan daude, Etxebarrin, Cikautxok utzitako instalazioetan, eta bat Espainiako Armadaren Farmaziako unitatean, Burgosen.
Bai, Txinatik joandako lau teknikari eta Aretxabaletako beste 8 edo 10 teknikari ari dira makinak puntuan jartzen bezeroen etxeetan. Egia da hemen, Txinan, makinak produkzioak probatzeko denborarik apenas izan genuela. Hortaz, orain, lan apur bat badaukagu makinak adostutako produkzioan jartzen, baina lortuko da. Gainera, Mondragon Assembly aukeratzearen abantailetako bat da guk zerbitzua eskain dezakegula Euskal Herrian edo Espainian, eta gure filosofia da makinak soilik saldu beharrean makina horiek produkzioan jarri eta fidagarritasuna ziurtatzea gure bezeroei. Horretan gabiltza orain.
Ezin jakin, baina ikusi dut jada bideo baten gure makina bat maskarak ekoizten, oraindik erritmo geldoan, baina martxan. Ez dakit ziur, baina astebetean edo bitan egon beharko lirateke martxa onean.
Bai. Orain, beste 10 makina egiten gabiltza. Materialen zain gaude, baina aste honen bukaeran hasiko gara muntaketarekin. Hala ere, gehiago egongo direla nahiko ziur gaude. Eskaintza piloa daukagu. Interes eta behar handiak daude. Pentsa, hemen, Txinan, egunero erabiltzen ditugu maskarak lanean, garraio publikoan, dendetan… Derrigorrezkoa da. Espainian ere berdin egiten bada eta pertsona bakoitzak 2 edo 3 maskara behar baditu astean, behetik jota, astean 100-150 milioi maskara beharko dira. Hori dena produzitzeko makina piloa bihar dira. Hasi gara pentsatzen makina hauek Aretxabaletan fabrikatu ahalko diren, behar diren epeetan eta behar den kopuruari aurre egiteko.
Maiatz bukaera eta ekain hasiera artean prest egongo dira hemen, bidalketarako.
Lantegi berria eraikitzen aurreko ekainean hasi ginen eta espero dugu uztailerako bukatuta izan eta bertan kokatzea. Lantoki berria gaur egun gauden lantokitik 500 bat metrora dago, Kunshaneko Mondragon Parke Industrialaren pare-parean. Txinara planta zabaltzera 2013an etorri ginen. Orduan, Orklik utzi zigun errentan bere plantaren zati bat eta hor gaude oraindik, baina jada leku falta sumatzen dugu azken urteetan izandako hazkundeagatik.
Muntaia automatizatzeko lerroak edo makinak egiten ditugu, diseinutik hasi eta bezeroari makina instalatu arte. Makinak pertsonalizatuak dira, produktu bakoitzerako espezifikoak. Batez ere, automozioko osagaiendako egiten ditugu lerroak; baina baita eguzki plakak muntatzeko, osagai elektrikoak muntatzeko edota osasun arloko produktuak muntatzeko ere, azken hauek gutxiago izan arren.
Orain, 85 bat lagun gabiltza. Erdia baino gehiago injineruak dira. Ari dira makinen diseinu mekanikoa, elektrikoa eta kontrol programak egiten, eta baita proiektuen kudeaketan ere. Horretaz gain, baditugu giza baliabideak, erosketak, kalitatea eta biltegia, muntaietako jendea… Bezeroei balio-kate osoa eskaini ahal diogu. Mondragon Assembly-ren matrize edo beste lantegiekiko era independentean. Egia esan, lantalde ederra daukagu eta, orokorrean, konprometitua eta oso-oso langilea. Hemen ez dago kexurik ordu estrak edo jaiegunetan lan egitea eskatuz gero. Jendeak badaki lanaren garrantzia eta aurrera egiteko esfortzuaren balioa. Azken bi urteetan, gainera, errotazio oso-oso txikia izan dugu eta horrek konfiantza ematen digu aurrera egiteko eta hazteko.
Hemen nahiko egoera normalean gaude orain. Fabrikak eta komertzioak zabalik daude orain eta kalean nahiko lasai ibil gaitezke gora eta behera. Ikastetxeak ere aste honetan eta hurrengo asteetan hasiko dira irekitzen eta eskolak berriz ematen. Halere, kontrol eta prebentzio neurriak asko dira. Besteak beste, maskarak eroan beharra; gorputzaren tenperaturako kontrolak lantegi, garraio eta komertzioetan; lantegietan kontrolak sarrera eta irteeretan, zein datorren erregistratzeko. Hemen, Txinan, telefono aplikazio baten bidez ere QR bat erakutsi beharra dago leku askotan sartzeko. QRa berdea bada, arazorik ez, baina arriskugune baten edo atzerrian egon bazara, QRa laranja edo gorria izan daiteke, eta orduan, zure mugimenduak mugatuta daude. Gainera, oraindik Txinara ezin da atzerritarrik sartu.
Notizietatik, familiarekin eta lagunekin kontaktuan jarraitzen dugu, bai. Apur bat kezkatuta eta harrituta be bai. Hemen, egoera, muga eta kontrol gehiago edo gutxiagorekin luzea izan da, eta hor itxialdia agindutako lehen astean jendea oso urduri eta kexaka sumatzen nuen. Hemen, ostera, jendeak oso zintzo jarraitu ditu Gobernuak emandako indikazioak. Ez da erraza, baina ez dago besterik, egoera larria da eta arriskua handia be bai. Pazientzia izan behar da eta prebentzio eta isolamendu jarraibideak bete.
Ba, egia esan, ez nuen pentsatu hasieran horrenbeste hedatuko zenik mundu osoan. Orain, ordea, ikusten dut uste duguna baino larriagoa, luzeagoa eta kaltegarriagoa izan daitekeela; oraindik luze joko du. Hego Amerikan, adibidez, oraindik ez dirudi horren gogor jo duenik, baina uste dut hara ere helduko dela, eta gero, agian, udazkenean berriz itzul daiteke Txinara edo Europara. Auskalo. Ez naiz horretan jakitun, baina kezkatuta nago.
Guztira, 30-40 pertsona egongo gara. Egia da oraingo egoeran batzuk Euskal Herrian gelditu direla harrapatuta Txinak ez baitu lagatzen atzerritarrik sartzen martxo hasieratik. Baina hemen lantegietan normal gabiltza lanean. Askok lan barik daude, merkatua ere motelduta dagoelako, baina lan egin ahal da.
2013ko otsailean etorri nintzen, Mondragon Assembly-ko planta irekitzera. Beraz, bai nik baita enpresak ere zazpi urte daroatzagu hemen. Urte oso intentsuak eta nekagarriak izan dira, lan asko egin dugu, baina, aldi berean, oso-oso interesantea izan da, asko ikasten da eta esperientzia desberdin asko bizi izan ditugu.
Batez ere, Txinako merkaturako lan egiten dugu. Gure bezeroak multinazional handiak dira, automobilgintzakoak, batez ere, eta hauek Txinan dituzten plantetan instalatzen ditugu makinak. Zerbait esportatzen dugu, Europara, Mexikora… baina gauza puntualak dira; gure salmenten %15 baino gutxiago da, normalean.
Langile guztiak dira txinatarrak, lau izan ezik: ni neu gerente, zaragozar bat operazio arduradun, eta beste euskaldun bat eta beste mexikar bat proiektu arduradun.
Oraingoz, plana beste urtebete hemen gelditzea da, alabak batxilergoa bukatu arte, 2021eko udan; gero, nik bueltatu egin nahi dut, baina oraindik ez dago ezer ziur. Seguruen, bueltatuko gara, baina gauza asko lotu behar dira lehenengo: lanpostua Aretxabaletan, semearen eskola hor, emaztearendako lana…