Osasun-larrialdiak EAEn izan duen bilakaera ezagutzeko txostena aurkeztuko die Jaurlaritzak alderdiei, bihar

Mirari Altube Arrese 2020ko api. 29a, 17:33

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak agerraldia egin du, Arantxa Tapia, Iñaki Arriola eta Nekane Murga sailburuekin batera, gaur, eta Gobernu Kontseiluan hartutako hainbat erabakiren berri eman du.

Gobernu Kontseiluan landutako gaien berri eman du Erkorekak, besteak beste, Urkullu lehendakariak biharko deitutako Alderdi Politikoen Mahaia. Osasun larrialdiak izan duen bilakaeraren, egungo egoeraren eta aurreikuspenen gaineko txostena aurkeztuko dutela mahai horretan adierazi du eta asmoa dela hauteskundeen gaineko gogoeta partekatua egitea: "Alderdiek euren ikuspuntuaren berri eman ahal izango dute, erabaki egokiena hartzeko".

Banda zabala beste 58 gunetara

Bestetik, banda zabala EAE osora hedatzeko asmoarekin Gobernu Kontseiluak elkarlan hitzarmena onartu duela Itelazpirekin aditzera eman du. Eta zehaztu du, Jaurlaritzaren helburua dela pertsona eta enpresa guztien %100eko konektagarritasuna lortzea. 2017tik 473 populazio-guneetan hedatu dela banda zabala adierazi du. Orain, beste 58 gunetara zabaldu gura da, hain zuzen ere, "eremu zuri" izendatutako horietara, hau da, populazio murritza eta telekomunikazio enpresek inbertitzeko interesik ez duten guneetara.

Etxebizitzaren errenta ordaintzeko laguntzak

Talka Plana ere izan du hizpide Erkorekak. Orain dela hilabete jarri zuen abian Jaurlaritzak eta orain arte emandako laguntzak gogorarazi ditu: enpresa txikiei laguntzeko 1.025 milioi euroko lehen funtsa; 30 milioi euro autonomoei eta mikroenpresei zuzendutako zuzeneko laguntzetan; eta ondoren, beste 500 milioi euro enpresei zuzendutako zirkulatzaileko finantzaketa-lerroa. 

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak azaldu du EAEko alokairu libreko etxebizitzaren errentariei laguntza zuzenak ematea arautzen duela programa horrek. Eta izango da langabezian geratu direnendako, aldi baterako enplegu-erregulazioa jasan dutenendako edo diru sarrerak murriztu zaizkienendako, besteak beste.

Proiektu "berritzailea"

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak bere aldetik EAEn jarduera suspertzeko eta COVID-19ari aurre egiteko proiektua aurkeztu du.  Tapiak azaldu duenez, lan-jarduerari berriro ekitean eta txertorik ez dagoen bitartean COVID-19 gaitza zabaltzeko eragozteko oinarri teknologikoko azpiegitura bat erabiliko du Eusko Jaurlaritzak. Horretarako maiatzean zehar lehen proba pilotua egingo dute, 2.000 lagunekin; 1.000 izango dira BRTAko langileak eta beste 1.000 garraio publikoko profesionalak. Adimen Artifiziala aplikatuz Euskadiko laborategi-sarean kudeatutako test estentsiboen prestaketan oinarrituta izango da proba pilotu hori.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak