Bigarren egunez jarraian, ez da positibo berririk atzeman Debagoienean

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko api. 28a, 14:24

Positiboen datu metatuak Debagoienean (Grafikoa: Tokikom)

Debagoienean, eta bereziki Arrasaten, positiboen igoera jarraitua izan da eguna joan eta eguna etorri, baina azken bi egunetan gorakada hori eten egin da; bailaran ez da COVID-19 gaitzak kutsatutako gaixo berririk agertu. Hego Euskal Herrian aldiz, positiboek nabarmen egin dute gora. 529 dira azken orduetan atzemandako kasu berriak, aurreko egunean 130 izan ziren. Gainera, EAEn egindako test kopurua ere bikoiztu egin da, 3.038tik 6.097ra.

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ematen dituzten datuek nahasmena sortu dute hainbat esparrutan. Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baieztatutako 385 kasu berri egon dira. Aldiz, Espainiako Gobernuak EAEri buruz emandako datuen arabera, 51 kasu berri egon dira. Diferentzia handia da, baina kontuan izan behar da 51 horiek soilik PCR test bidez baieztatutakoak direla.

Atzo EAEn 6.097 test egin zituzten: 2.298 PCR proba eta 3.799 test azkar. Horri lotuta, atzoko egunean zehar proba bat edo gehiago egin dizkioten pertsona kopurua 1.865 izan zen. Izan ere, Osasun sailburu Nekane Murgak hainbatetan azaldu duenez, test azkarrak ez badu positibo ematen baina pazienteak sintomak baditu, PCR proba egiten zaio emaitza ziurtatzeko. Orain artean, EAEn guztira 67.608 lagunei egin diete koronabirusa atzemateko testen bat. 

Lurraldeetako datuei dagokienez, Araban 140 kutsatu berri egiaztatu dituzte, Bizkaian 215, Gipuzkoan 30 eta Nafarroan 144. Gainera, azken egunean COVID-19 gaitzak jota hil direnak hamalau izan dira EAEn. Nafarroan ez da koronabirusak eragindako heriotzarik egon. Guztira, Hego Euskal Herrian 1.687 pertsona zendu dira orain artean, koronabirusaren eraginez.

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Datuak herriz herri

Debagoienean, bigarren egunez jarraian, ez dago positibo berririk. Honenbestez, 370ean mantentzen da bailaran egiaztatuko COVID-19 kasuen kopurua.

Kutsatze-tasa 100.000 biztanleko (2018ko INEren biztanleria datuetan oinarrituta):

Herria Positiboak 100.000 biztanleko kutsatze-tasa
Arrasate 219 994,60
Oñati 44 388,18
Aretxabaleta 44 629,74
Bergara 42 287,75
Eskoriatza 13 318,08
Antzuola 4 187,27
Aramaio 2 134,86
Elgeta 2 176,21
Leintz Gatzaga 0 0,00

 

Osakidetza berrantolatzen

Nekane Murga Osasun sailburuak Radio Euskadin eskainitako elkarrizketa batean jakinarazi duenez, Osakidetza berrantolatzen ari dira "asistentzia-jarduera pixkanaka berreskuratu ahal izateko". Hala, Jaurlaritzako Osasun Saila eta Osakidetza plan bat prestatzen ari direla esan du, Lehen Mailako arretaren, kanpo-kontsulten, proba osagarrien eta jarduera kirurgikoaren alorretan jarduerara itzultzeko.

Datuei dagokienez, COVID-19a duten pertsonen kopurua "nabarmen murrizten" ari dela esan du, eta herritarrei "erantzukizuna" eta "neurriak mantentzen jarraitzeko" eskatu die, hala nola urruntze soziala edo higienea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak