Nekane Murga: "PCR probak ez du huts egiten, baina bi egun behar ditu"

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko mar. 26a, 15:30
Nekane Murga Osasun sailburua prentsa agerraldian (Argazkia: Irekia.eus)

Gaurko agerraldian Nekane Murga Osasun sailburuak PCR proben eta test azkarrak moduan ezagutzen direnen arteko ezberdintasuna argitu nahi izan du. Momentuz, Euskadin PCR testa erabiltzen dihardute, eta "oso fidagarria" bada ere, "sintomekin bi egun" egon arte itxaron behar da proba egiteko.

Osasun sailburuak adierazi du gero eta detekzio-proba gehiago egiten dihardutela; dagoeneko 10.000 proba baino gehiago egin dituztela jakinarazi du. Horietatik 1.511 atzo bertan egin zituzten eta kopuru hori "duela bi eguneko zifraren hirukoitza" dela zehaztu du.

Test azkarra deritzonei buruz galdetutakoan, Murgak esan du Espainiako Gobernuak iragarritako test horiek ez dituztela jaso oraindik. Hala ere, PCR Polimerasaren kate-erreakzioa metodoa eta test azkar horien arteko diferentziak argitu nahi izan ditu. Azaldu duenez, PCR testak "birusa identifikatzen du; birus-karga". Metodo horrek oso aukera gutxi du huts egiteko, "% 1 baino gutxiago" Osasun sailburuaren hitzetan, baina proba egin ahal izateko sintomekin 2 egun egon behar da pazientea. "Hau da egiten ari garen testa; ez du huts egiten, baina bi egun behar ditu", esan du Murgak. Datu horiek kontuan izanik, Osasun sailburuak argudiatu du testa "modu indiskriminatuan" egiteak ez duela "inolako zentzurik".

Bestalde, test azkarrek "antigorputzak" neurtzen dituela argitu du; "pertsona batek birusa duenean sortzen duena da, baina antigorputzak pertsonaren arabera aldakorrak dira", eta gainera, "pertsona ahulenek antigorputzak sortzeko gaitasun gutxiago" daukatela nabarmendu du. Beraz, azkarra bai, eta positibo ematen duenean ziurra, baina kasu guztietarako ez dela PCR proba bezain fidagarria esan du, eta dena den, oraindik ez dituztela jaso.

Test azkarrak denen ahotan

Test azkarrak gaurko albiste izan dira Espainiako medioetan ere; izan ere, batetik, mikrobiologiako laborategiek ohartarazi dute proba horiek ez direla fidagarriak. Bestetik, Espainiako Gobernuak iragarritako 340.000 testetatik soilik 9.000 heldu direla zabaldu da. Eta ez hori bakarrik, Txinako enbaxadak Twitter bidez esan baitu Espainiako Gobernuak lizentziarik gabeko enpresa txinatar bati erosi dizkiola testok.

Koronabirusari buruzko webguneak

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak koronabirusari buruzko webguneak dituztela gogorarazi dute. Diputazioaren webgunean Gipuzkoako azken datuak eta albisteak jaso dituzte. Jaurlaritzaren koronabirusari buruzko orrialdean, orain arteko gomendio eta informazioaz gain, hiru gune berri argitaratu dituzte:

  • Zaindu zure osasuna etxean: ongizate emozionalari, elikadurari, ariketa fisikoari edo loaren higieneari buruzko ikus-entzunezko laguntza-edukiak, aholkuak eta gomendioak jasotzen dira, bizi dugun egoeran osasuna zaintzen laguntzeko.
  • Informa zaitez ziurtasunez: koronabirusari buruzko informazio fidagarria eta zehatza bilatzeko jarraibideak biltzen ditu, sarean dabilen gezur-mukuruari aurre egiteko.
  • Mapa interaktiboa: EAEko datuen jarraipena egiteko orrialde interaktiboa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak