Beste hamabost positibo Debagoienean, azken egunotako kopururik altuena

Mirari Altube Arrese 2020ko api. 25a, 14:52

Atzemandako kasu positibo berrien artean Arrasaten daude zortzi, Aretxabaletan lau eta Bergaran hiru. Aurreko egunean baino gehiago egin du gora COVID-19 gaitza dutenen kopuruak Debagoienean, eta horrenbestez, 363 dira guztira. 

Arrasatek jarraitzen du izaten kutsatu kopuru handiena duena, nabarmen gainera, eta dagoeneko 218 ditu guztira. Haren atzetik, Aretxabaleta dago 43rekin, eta Bergara eta Oñati berdinduta, 41ekin. Atzo eta gaur artean kurbak berriro goranzko joera hartu du; apirilaren 15etik ez da halako igoerarik izan.

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Datuak herriz herri

Kutsatze-tasa 100.000 biztanleko (2018ko INEren biztanleria datuetan oinarrituta):

Herria Positiboak 100.000 biztanleko kutsatze-tasa
Arrasate 218 990,05
Oñati 41 361,71
Aretxabaleta 43 615,43
Bergara 41 280,90
Eskoriatza 12 293,61
Antzuola 4 187,27
Aramaio 2 134,86
Elgeta 2 176,21
Leintz Gatzaga 0 0,00

Hego Euskal Herriko datuak

Beste 442 gaixo berri daude Hego Euskal Herrian. Positibo berrien banaketa lurraldeen arabera honakoa hau da: Gipuzkoan, 57; Araban, 102; Bizkaian, 189; eta Nafarroan, 94. Gainera, azken orduetan beste 31 pertsona hil dira. Datu metatuei dagokienez, dagoeneko 19.406 lagun daude kutsatuta COVID-19 gaitzaarekin Hego Euskal Herrian eta 1.641 dira hildakoak. Errekuperatuak, bestalde, 442 izan dira azken orduetan, eta ondorioz, guztira, 10.678 dira.

Atzo, 9.500 test inguru

Baikor agertu da Nekane Murga Osasun sailburua "gero eta jende gehiago ari delako sendatzen" eta egiten dabiltzan probek "gero eta kutsatu gutxiago" dagoela erakusten dutelako. Atzo hain zuzen, orain arte egin den test kopuru handiena egin zela jakinarazi du: 4.968 test PCR motakoak eta 4.441 serologikoak edo test azkarrak. Eta nabarmendu du atzokoan ere, positibo portzentaia baxua izan zela egindako test kopurua kontuan hartuta, %7 hain zuzen ere. Guztira, 78.896 proba egin dituzte.

Ospitaletako egoerak onera egin duela gaineratu du, 32 gaixo gutxiagorekin. COVID-19 gaitzak jota ZIUn zeuden hemezortzi lagun atera dituztela handik ere esan du, baina baita zazpi sartu direla ere azken orduetan. "Datuek erakusten dute beheranzko joera dagoela artatzeari dagokionez zein epidemiologiari dagokionez".

Test gehiago hurrengo egunetan

Gero eta test gehiago egiteko asmoa agertu du Murgak eta horretarako diagnostiko klinikoa egin dezaketen zentro pribatu zein publiko guztiak Osasun sailaren zerbitzura egongo direla adierazi du. Irizpide homogeneoak ezarriko dituztela test horiek egiteko gaineratu du, eta lehentasuna beti izango dela gaixoaren segurtasuna. Horretarako zentro horrek erakutsi beharko du probak egiteko akreditatuta dagoela. Eta gero, kasu positiboen berri eman beharko dute; hori, gaixoaren historia klinikoan sartuko du Osakidetzak. Abusurik ez dadin izan, test horien prezioa zehaztu ahal izango duela departamentuak ere esan du. 

Datorren astean bi ikerketa berri hasiko dituztela jakinarazi du: seroprebalentzia batetik, asintomatikoen berri izateko; eta bestetik, sintomak izan dituztenekin, kurba epidemiologikoa hobeto ezagutzeko. Sintomak izan dituztenak dagoeneko atzemanda dituztela esan du, 4.000tik gora, eta horietako 150 lagunekin dagoeneko hitzordua eginda dago probak egiteko.

Etorkinei "informazioa erraztu"

Etorkinei COVID-19 gaitzaren gaineko "informazioa errazteko" asmoarekin modu grafikoan eta sei hizkuntzatan emango ditu argibideak Jaurlaritzak ADI!-COVIDen bitartez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak