Kultur ekosistema osatzen dutenak –sortzaileak, sektoreko bestelako langileak eta eragileak– "arduratuta" daude, lehenago ere "egoera prekarioan zegoen kulturgintzari etorkizun beltza" iragartzen diotelako, eta, gogoeta eta eztabaida soziala eragiteko helburuarekin, Ikusi gaitzazuen desagertuko gara, entzun gaitzazuen isilduko gara lelopean greba digitala egin dute martitzenean eta eguaztenean.
Hiru hartzaileri zuzenduta
Herritarrei, erakundeei eta, orokorrean, euskal kulturgintzaren ekosistema osoari sektorearen egoerari buruz hausnartzeko dei egin diete; hala azaldu du ekimenaren sustatzailetako batek, Gotzon Barandiaranek, Hemen Debagoiena saioan: "Itxialdian argi ikusi da kultura beharrezkoa eta oso baliagarria dela halako egoera zailak arintzeko edo goxatzeko, eta asmo horrekin sortzaile askok euren ekarpenak egin dituzte sare sozialetan kontzertuak edo bestelako emanaldi edo lanak musu-truk plazaratzeko; eta, horregatik, herritarrei eskatu gura diegu hausnartzeko kulturak egiten duen edo egiten dien ekarpenari buruz. Hau da, zer kulturgintza eredu nahi dugun, ze balio ematen diogun gure kulturgintzari, ze ekarpen egiten dion kulturgintzak gure gizarteari eta baita sortzaileen lan baldintza prekarioei buruz ere".
Koronabirusaren eraginez kalte ekonomikoak handiak dira, eta, horregatik, erakundeei ere zuzendu zatzaizkie ekimenaren sustatzaileak: "Martxoaren 13tik etenda daude zuzeneko emanaldi guztiak, eta ez dakigu horiek aurrerago egiteko modurik izango den, eta, egiten badira ere, ekitaldien pilaketa sortzeko arriskua ere badago; horregatik, euskal erakunde guztiei eskatu gura diegu proposatzeko gabezia horiei aurre egiteko neurriak guri eta elkarrekin adostu ditzagun zeintzuk diren neurri aproposenak".
Hirugarren hartzailea euskal kulturgintzaren ekosistema osoa dela gaineratu du Barandiaranek: "Hau da, sortzaileetatik hasita, antolatzaileak –herri mugimenduetakoak eta erakunde publikoetakoak–, enpresa moduan lan egiten dutenak –argitaletxeak, diskoetxeak, soinu enpresak, elkarteak, komunikabideak, hezkuntza arautua eta ez arautua...–. Gure deia zera da: elkartuko gara larrialdi egoerak ahalbidetzen digunean bakoitzaren proposamenak mahai gainean jarri eta adosteko, eta egingo dugu Euskal Herri osoarentzako den kulturgintza estrategia?".
Debagoiendarren sinadurak
1.100 atxikimendu baino gehiago lortu ditu ekimenak, eta horien artean badaude Debagoienekoen sinadurak ere. Andoni Urzelai Aretxabaletako idazleak hauxe dio: "Zerbitzu-alorrarekin batera, infernutik gertuen dagoen sektorea da kulturarena, prekarioena, eta erabat ahaztua eta abandonatua dago". Horregatik egin duela bat grebarekin. Eta zera gaineratu du: "Kultura herri baten hezurdura da. Hori barik, kuriositate eta norabiderik gabeko jende-saldoa ginateke. Eta jana eta dirua bezain garrantzitsua, berriz, norbanakoentzat, zonbi existentzial huts izatetik libratzen gaituen armazoia da".
Aritz Alustiza Bergarako musikariak ere bat egin du: "Kulturaz ideiarik ere ez daukaten politikariak dauzkagu, sentsibilitate oso gutxikoak. Komunikabide publikoen jarrera kulturarekiko negargarria da, eta kontsumitzaileak ere kultura balioan jarri beharko luke. Egunotan ikusten ari gara kulturgileak gizarteari egiten ari diren eskaintza, eta gai sozialetan hor gaude laguntzen, baina sortzaileak nork zaintzen ditu?".
Josu Zubia –Potx pailazoa eta Irazan Antzerki Guneko kidea– ere greba digitalera batu da, eta hauxe dio: "Egoera honen aurrean agerian geratu da erakundeek –Debagoieneko udalak baita ere– kulturarekiko duten ikus- pegia oso murritza dela. Uste dut kulturarena esparru zabala dela eta erantzunek ere halakoak izango beharko luketela; esango nuke aro baten amaiera datorrela eta egoera hau birpentsatzen hasi beharko dugula". Ane Zuazubiskar Arrasateko bertsolariak berretsi egin ditu Zubiak esandakoak: "Ikuspegi aldaketa egon beharko litzateke erakundeen aldetik; kulturari merezi duen garrantzia ematea beharrezkoa da".
Egoerak ikusarazi du kulturgintzaren sarean askotariko profesionalak daudela, horien artean soinu eta argi teknikariak, eta horretan jarduten du Bergarako Iñigo Herrerosek: "Kulturgintzako parte garrantzitsua gara, gu gabe ez dago ekitaldirik". Kontzertuak, jaiak eta askotariko ekitaldiak antolatzen eta hainbat musika talderen manager lanak egiten ditu Haritz Zubiate arrasatearrak beste kide batekin duen Bidean Produkzioak-ek: "Gure artean saretzea eta eztabaida soziala sortzea ezinbestekoa da egoerari buelta eman nahi badiogu".
Laguntza jasotzeko zailtasunak
Herrialde guztietan ez da egoera bera; Frantzian, esaterako, lan kopuru zehatz bat egiteagatik langabezia moduko laguntza jasotzen dute sortzaileek. "Talde ezberdinen management lanak eta kontzertu, jai eta jaialdi askoren produkzio lanak egiten ditugu; horrez gain, furgoneta batzuk ere baditugu eta talde batzuekin birak egiten ditugu. Martxoaren 13tik maiatz bukaera bitartean, bertan behera geratu da dena eta guk epe horretan 60 bat emanaldi genituen lotuta eta inongo irabazi barik geratu gara, baina gastuak berdinak dira; eta gurekin lan egiten duten sortzaileei egoerak sortu dien galera ekonomikoa eta sentimentala ere ikaragarria da. Ez da gauza erraza ikustea nola jausten ari den dena...", dio Zubiatek, eta hauxe gaineratu du: "Autonomoak gara bazkidea eta biok; hortaz, autonomo kuota ez ordaintzeko laguntza eskatu dugu, eta eman digute; alarma egoerak irauten duen bitartean jasoko dugu, baina gero ikusi egin behar nola egingo diogun aurre... Alokairuarekin lotuta beste dirulaguntza bat ere bazegoen, baina, horren- beste filtro eta baldintza daudenez, ezin izan genuen horretarako eskaera aurkeztu".
Iñigo Herrerosen enpresaren egoera bestelakoa da, ERTEa eskatu eta onartu egin dietela kontatu du: "ERTEak nominan gauden hiru langileei bakarrik eragiten digu".
Aurreko astean Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Sailak aurkeztu zuen kultura arloko profesionalen laguntzen inguruan ez dute esperantza handirik adierazi Zubiatek eta Herrerosek: "Oraingoz, ez dute ezer argitaratu BOEn; beraz, ez dakigu aurkezteko aukerarik ere izango dugun".
Egoera antzerakoa da sortzaileen kasuan ere; hala dio Andoni Urzelai idazleak: "Ni neu, iaz nobela bat garatzeko jasotako beka batekin, eta tarteka han eta hemen egindako lantxoekin –gidoiak, iragarkiak– bizi naiz, beste hainbat eta hainbat autonomo prekario lez. Eta guztiz txarto ere ez, gutxienik urte erdia salbatzeko aukera eman dit bekatxo horrek"; eta hauxe gaineratu du Alustizak: " Lerro hauen irakurleari eskatuko nioke hausnartzeko euskal sortzaileen egoeraz. Bejondeigula!".
Iñigo Herreros (R. Sound): "Zailtasun handiak izan ditugu ERTEa lortzeko, baina, azkenean, badugu"
R. Sound enpresako jabea da Iñigo Herreros bergararra. Soinu eta argiztapen lanak egiten dituzte Euskal Herriko toki askotan.
Zelan zaude?
Osasunez ondo nago, eta egunerokotasunean lasai, baina, denon moduan, arduratuta, zer etorriko den jakin barik.
Nolako enpesa da zuena?
Hiru langile gara nominan, baina guretako eta beste enpresa batzuendako lan egiten duten langile autonomoak ere baditugu urte osoan zehar. Udan, guztira, hamabi langile izaten gara, eta neguan bospasei. Sonorizazio eta argiztapen lanak egiten ditugu, kontzertuetan, batik bat, baina baita antzerkia eta dantza emanaldiak, bertso saioak... ere.
Zein da zuen egoera orain?
Orain dela astebete, ERTEan sartu ginen. Zailtasun handiak izan ditugu ERTEa lortzeko, dekretuak ez zuelako gure lana onartzen, eta paper pila aurkeztu behar izan ditugu lotuta zeuden kontzertu eta ekitaldiak COVID-19agatik egin ezin izan ditugula ziurtatzeko. Azkenean, onartu digute, eta, momentuz, hala gaude. Horrekin, enpresako langileen onurak jasotzen ditugu, gu hiruronak, baina enpresarendako, berriz, ezer ez dugu jaso. Ikusiko dugu dirulaguntzak lortzeko zelako baldintzak jartzen dizkiguten... Enpresa standby puntuan geratu da; hala ere, hilean 800 eta 1.000 euro arteko gastu minimoa dugu; alarma egoera altxatzen denean ikusiko dugu...
Eta zuen langile autonomoen egoera zein da?
Egoera txarragoan daude horiek; izan ere, gehienek maiatzean ematen dute alta uda sasoiko lanak egiteko. Une honetan alta emanda dutenek kotizatzen dutenaren araberako laguntza izango dute, baina autonomo ez direnak une honetan, maiatzean hasiko zirelako lanean, bada, langabezia kobratzeko aukera badute hori jasoko dute, eta bestela, bat ere ez.
Zenbat saio galdu dituzue?
Martxoaren 13tik gaur arte, 25 bat inguru, baina asteburu honetan hastekoak ginen gogorrago; hortaz, apirileko azken asteburua eta maiatza kontuan hartuta, beste 30 emanaldi genituen.
Eta kalte-ordainik edo beste konponbiderik jaso duzue?
Ezer ez dugu jaso. Nahi eta nahi ez, bertan behera geratu da dena; hortaz, ez daukate ezer ordaindu beharrik. Egoera normalean egonez gero, adibidez, euria egiten badu eta euriagatik ekitaldia bertan behera geratzen bada, erdia kobratzen dugu, edo aurretik, astebete lehenago-edo abisatzen badigute, gauza bera, hau da, erdia kobratzen dugu, eta ekitaldiko tokira bertara joaten bagara eta ekipoa deskargatzen badugu, hitzartutako kopuru osoa; baina kasu honetan nahi eta nahiez izan denez, ez dugu ezer jasoko.
Alarma egoeraren aurretik Zaldibarko erraustegiko istripuaren ondorioak ere izan zenituzten, ezta?
Bai, hala da; hainbat kontzertu genituen Eibarko Inauterietan, baina orduan ere nahitaez bertan behera utzi zutenez, horiengatik ere ez genuen ordainik jaso.
Uda sasoian izaten duzue lan kopuru handiena. Zer gertatuko da lan horiekin?
Urtean, gutxi gorabehera, azkeneko urteetako datuak oinarri, 300 emanaldi inguru egiten ditugu; horietatik 200 bat inguru uda sasoian eta urte osoan zehar gainontzekoak; hortaz, udako irabaziak ezinbestekoak ditugu urtea aurrera atera ahal izateko.
Zein zen enpresaren egoera alarma ezarri aurretik?
Nahiko ona. 2008ko krisialdia gertatu zenean, gorantz gindoazen, eta, enpresa handiek krisia bizi izan bazuten ere, gure kasuan ez zen horrenbestekoa izan, hasten ari ginelako. 2008tik 2013ra mantendu egin ginen; hau da, ez genuen pikorik jo, baina bai da egia 2015etik aurrera salto garrantzitsu bat egin dugula urteko emanaldien kopuruan. Azkeneko bi edo hiru urteetan pasatu gara urtean 100 ekitaldi egitetik 300 egitera. Hor dago, alde batetik, guk egindako lanaren fruitua, baina, bestetik, esango nuke igoera izan zela antolatutako ekitaldien kopuruan ere. Aurrekontuak igo egin dira, gauza gehiago antolatzen dira.
Aurrekontuak igo diozu?
Baietz esango nuke; esaterako, azkeneko urteetan, kontzertu gehiago egin izan dira... Bezero berriak ere baditugu, baina ohiko bezeroekin egiten dugu lan, bereziki, eta, azkeneko hiru urteetan, bezero horiekin igo gara 150 ekitalditik 300era.
Harremanik baduzue beste espresekin? Zer diote?
Antzera gaude, ERTEan, eta denok dugun kezka da noiz hasiko garen; izan ere, garai honetan tresnerian inbertsioak egiten ditugu; adibidez, guk dirutza gastatu dugu argiztapen ekipo berrian... Eta orain zer?
Kulturgintzan, egotetik egitera
Egiteko molde berriak asmatu beharko dira, luzeegi doa-eta euskal kulturgintzarentzat. Etxetik ari gara kulturgileen lanaz gozatzen, doan. Eta kobratu barik dabiltza kulturgileak beraien onena ematen. Eskatzen digute kulturgintzaz pentsatzea bai herritarrei, bai udal zein bestelako erakundeei, eta kultur ekosistema osoari.
Alde egotetik alde egitera pasatzeko unea da orain. Goienaren zerbitzuak eskaini nahi dizkiegu Debagoieneko erakundeei kultura hel dadin kalitatez etxe barruraino.
Eta, Debagoieneko kultura aretoak "itxita eta geldi" egotetik "itxita baina martxan" jartzera pasako bagina? Aukera daukagu kulturaren seinalea balkoietatik etxe bakoitzeko egongeletaraino sartzeko. Gertuko kulturgileak lehenetsiz eta euskal kulturgileak programatuz. Herri edo eskualdeko kulturgileak kontratatzea erabakiz eta horiek herritarrenganaino helarazi. Ez egonez, bai eginez.
Goiena telebistaren eta herrietako zein kulturgileen webguneen bidez egin ahal izango genuke zabalkundea. Gertuko edukia mimatuta eta bertako baliabideekin. Beharbada, tokatzen da denon diruetatik apustuak egitea egoera honetan ere euskal kulturgintza beharrezkoa dutelako herritarrek, ogia bezainbeste.
Iban Arantzabal Arrieta, Goienako zuzendari nagusia