Gaur goizeko Diputazio Iraunkorraren agerraldian Urkulluk osasun-egoeraren berri eman du eta normaltasun berrirako trantsizio plana azaldu du. Lehentasunen artean jarduera ekonomikoa jarri du, lehendakariaren hitzetan ezin baita erabateko itxiera mugarik gabe luzatu: “Enpresak itxi eta geldiarazteak enplegua eta gizarteko sektore ahulenak zigortzen ditu”. Horri lotuta orain arte egin den lanera itzulerak "arazorik gabe" egin direla azaldu du, eta lantegietan eta enpresetan osasun-protokoloak betetzen ari direla. Hurrengo pausuei dagokienez, data zehatzik esan gabe, norbanakoen jarduera fisikoa baimentzea eta administrazioko langileen itzulera izan dira lehendakariak iragarri dituenak; beti ere, egunez egun egoera aztertu eta balioztatu ostean.
Horrez gain, maiatzaren bigaren hamabostaldirako, bestelako neurri batzuk ere balioztatuko direla iragarri du Urkulluk –esan bezala, betiere, egoeraren balantzea egunerokoa izango den arren–. Hezkuntzarekin lotuta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasleen eta baita batxilergoko eta formakuntza profesionaleko ikasleen eskola presentzialak egitea aurreikusten da, eta baita ostalaritzakoak ez diren komertzio txikien irekiera ere –adibidez, ile-apaindegiena–. Bestetik, eraikuntzaren industriaren garapenean ere jarri du arreta lehendakariak, eta kultura ere aipatu du; segurtasun neurriak hartuta, aretoak eta antzokiak irekitzeko aukera egon daitekeela azaldu du.
Bestetik, uztailean hauteskundeak egiteko proposamena egin die lehendakariak oposizioko alderdiei, eta aukera hori eztabaidatzeko apirilaren 30ean egingo den mahaira gonbidatu ditu. Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak ordea, zalantzan jarri du ea gaurko agerraldia hauteskundeez hitz egiteko momentua ote den: “Haurrak kalera irten ez diren honetan ez dakit herritarrak hauteskundeei buruz hitz egiteko prest dauden”. Oposizioak irtenbideen inguruan hitz egin behar dela gaineratu du, eta hori dela momentuko lehentasuna. Urkulluk bere aldetik Uztaila estrategikoki "garai aproposena" dela azaldu du: alde batetik, epidemiologoen arabera, kutsatutakoen tasa baxuena izango delako uztailean, eta udazkenean pandemia bizituko dela aurreikusi dutelako.
Laguntza ekonomikoak
Jaurlaritzak autonomoentzako emandako laguntzak ez direla nahikoak aitortu du Urkulluk, eta COVID-19ari aurre egiteko autonomoentzako eta enpresa txiki eta ertzainentzako laguntzak 500 milioi eurotan areagotuko dituztela jakinarazi du. Modu horretan, Jaurlaritzako Covid diru-funtsa 1.555 milioi eurokoa izango da guztira.
Pedro Azpiazu ekonomia sailburuak azaldu duenez, egoera kudeatzea ez da erraza Eusko Jaularitzak duen aurrekontuarekin, eta Europan hartzen diren erabakiak funtsezkoak izango direla azaldu du.
Pandemian egiten den gastua finantzatzeko bestalde, “bide guztiak” erabili beharko direla azaldu du Azpiazuk, eta oposizioko alderdiek hartuko diren neurriak zeintzuk izango diren jakin nahi izan dute. Sailburuak neurri garrantzitsuena berregokitzapenarena izango dela adierazi du eta datorren astean sail guztiek berregokitzapena planifikatuko dutela.
Osasun alorreko erantzuna
Urkulluk Osakidetzaren eta euskal osasun sistemaren lana goraipatu du, eta profesionalak eman duten erantzuna “kalitatezkoa eta serioa” izan dela adierazi du. Testei dagokienez, egunean 4000 PCR froga eta 3000 test azkar egiten dira EAEn, eta orain arte bezala, zaurgarrienak diren pertsonak izango dute lehentasuna. Gaur arte, osasun sailburuaren esan duenez, test gehien egiten diren herrialdeen parekoak dira EAEko datuak. Hala ere, Iriartek gehiago ere egin daitekeela esan du, eta EHUko testen inguruan galdetu du –EH Bilduko legebiltzarkidearen ustetan denbora gehiegi ari baita igarotzen–.
Bestetik, adinekoen egoitzetako egoeraz ere jardun du lehendakariak, eta atzo hildako langilea izan du gogoan. EAEko erresidentzietan 1690 kasu positibo egon dira guztira eta 499 lagun hil dira dagoeneko. Datuek erresidentzietako egoera lehentasunezkoa bihurtu dute gonernuarentzat, eta indartu egingo dituzte babeserako eta segurtasunerako baliabideak. Horrez gain, enpatia eta elkartasunerako deia egin du lehendakariak, eta langileek egoiliarren familiekin komunikazio bideak errazteko egin duten ahalegina jarri du balioan.