Gomendioak ziren: adineko presoak, gaixotasun larriak dituztenak edo kondenaren zati handi bat beteta zutenak aske uztea, espetxeak mota honetako pandemia bati aurre egiteko lekurik egokiena ez direla iritzita. "Sarek irmo salatzen du Espainiako Gobernuak eta bere justizia administrazioak ez dituztela aintzat hartu gomendio horiek. Erresuma Batuak eta Kataluniak preso asko libre utzi dituzte, konfinamendua etxean pasa dezaten", esan du Sareko Bego Atxak. "Estatu frantziarra, espainiarra eta Turkia dira preso politikoei ate guztiak itxi dizkieten estatuak. Neurri hau erabat bidegabea, arbitrarioa eta zigortzailea da, eta garbi erakusten du hiru estatuen izaera ez aurrerakoia eta mendekaria", gaineratu dute.
Birusa espetxeetan
Sare Herritarrak, bestalde, salatu du Espainiako Gobernuak ez dituela espetxeetako kutsatuen datuak ematen. "Baditugu datuak esateko birusa gogor sartu dela kartzeletara, eta espetxe askotan COVID-19a dutela bizikide. Besteak beste, Picassenten, Briecan, Kordoban eta Estremeran. Horietan guztietan, euskal preso asko daude", dio Atxak. "Funtzionarioek neurriak gaizki eta berandu hartu dituzte, egoeraren larritasunaz jabetu barik edo ardura barik. Neurri oso gutxi hartu dira. Presoendako ez dago segurtasun babesgarririk, eta egoera horrek urduritasuna eta kezka piztu ditu presoengan. Kasu askotan, presoen arteko liskarrak egon dira", gehitu dute.
Alarma egoeraren ondorioz konfinatuta dagoen gizarteak bizi duen egoerak kartzeletan daudenek bizi dutenarekin zerikusirik ez duela azpimarratu dute Saretik. "Mundutik erabat isolatuta daude. Ez daukate komunikazio arruntik ez apartekorik. Euskal presoek, gainera, ez dute bideo-deirik egiteko aukerarik. Hori horrela, kezka eta larritasuna areagotu ditu barrukoen eta senideen artean".
'Ume motxiladun'-ak
"Isolatuta" egote horrek eragin zuzena dauka senideengan, eta ume motxiladun-engan. "Aita, ama edo biak etxetik oso urrun dituzten 100 umek baino gehiagok ez daukate komunikaziorik gurasoekin. Umezurtz daude. Alferrikako krudelkeria da, eta konfinamendu bikoitza dakarkie alde biei", esan du Bego Atxak.
Bailarako zortzi
Debagoieneko zortzi preso daude egun: Alizia Saez de la Cuesta gatzagarra; Marixol Iparragirre eskoriatzarra; Garikoitz Garcia aretxabaletarra; Unai Parot eta Josu Arkauz arrasatearrak; eta Angel Telleria, Xabin Usandizaga eta Joseba Arregi oñatiarrak. Joseba Erostegi Eltzikorta martxoaren 15ean aske geratu zenetik, ez dago gaixotasun larririk duen bailarako presorik. "Angel proba batzuen emaitzen zain dago. Besteak ondo daude osasunez, baina kondena luzeak eta gogorrak betetzen. Horrek eragina dauka egunerokotasunean", esan du Debagoieneko Sarek.
Pandemiarekin, 60 urtetik gorakoak arrisku taldean sartzen dira. Adin tarte horretan daude Arregi, Telleria, Parot, Arkauz eta Usandizaga. Bestalde, hiru laurdenak beteta, kalean beharko lukete Usandizagak, Arregik, Parotek eta Arkauzek. "Unairen kasua azpimarratzekoa da. 30 urteko kondena osoa bete arren, berriro zigortu eta beste 11 urte betetzea falta zaizkiola erabaki zuten. Bestalde, Josebari eta Josuri beste estatu batean betetako zigorra ez diete aintzat hartu. Neurri hori aplikatuta, kalean beharko lukete".
Martxoaren 15a ezkero ez dute senideen aurrez aurreko bisitarik jaso, eta ez dakite noiz arte luzatuko den debeku hori. "Bailarako presoen gurasoak adinean aurrera doaz eta bidaiatzeko arazoak dituzte. Orain, telefonoz ere ezin dute euren seme-alabekin berba egin", diote.