Konfinamendutik, arnasa euskarari

Mireia Bikuña 2020ko api. 24a, 17:00

'Etxealditik Euskaraldira' kanpainako borobiletako bat, balkoian

Koronabirusak eragindako itxialditik hasi gura dute udazkeneko Euskaraldia prestatzen. Horretarako, askotariko ekintzak proposatu dituzte. Hasteko, koloretako borobila balkoian ipintzea, 'Etxealditik Euskaraldira' kanpainarekin bat egiteko.

Eta nola egingo da kanpaina hori? Dagoeneko martxan dago. Bost fase ditu, eta gaur, apirilak 24, hasiko da laugarren fasea. Hain zuzen, Proposamen fasea. Horren baitan, astebetez, hilaren 30era arte, egunero ekintza-proposamen bat zabalduko dute antolatzaileek. Zenbakituta, herritarrek ordena jakin dezaten. "Egunerokotasuneko egoerei lotutako proposamenak izango dira: Whatsapp taldeetan euskaraz egitea, euskaraz afaltzea, euskaraz telebista ikustea...". Ekintzak egin ostean, horiek sare sozialen bidez partekatu beharko dira, ahalik eta oihartzun handiena eduki dezan kanpainak. Horretarako, Euskaraldiarendako sortutako Instagram, Twitter eta Facebook kontuak, Telegram kanala eta herri batzordeekin osatutako Whatsappeko difusio taldeak erabili daitezke. Publikazio guztietan @euskaraldia gehitu beharko zaio. Era berean, proposamenarekin zerikusia duten argitalpen guztiak jarraitu ahal izateko, horietan guztietan #etxealditikeuskaraldira ipini behar da.

Koloretako puntua

Proposamen Fasea deigarriagoa egite aldera, Hausnarketa Fasean –hirugarrena–, kanpainan parte hartzen dihardutenek koloretako borobila ipini dute balkoietan. Eta eurena izango da azken fasea. Bosgarrena. Maiatzaren 3an egiteko asmoa dute, kanpainari borobiltasuna emateko, parte-hartzaileek sortutako zerbaiten bidez, komunitateari ikusgarritasuna emateko.

Iraupen mugatua

Hizkuntza-ohiturak euskararen alde aldatzeko hausnarketa pizteaz gain, Euskaraldiaren eta hizkuntza-ohituren aldaketaren pedagogia soziala sortu eta etxean eta etxetik egiten diren harremanetan euskararen erabilera sustatu gura dituzte. Itxialdia aprobetxatu gura izan dute ekimena martxan ipintzeko, eguneroko harremanak "mugatuagoak" direlako, eta, "erritmo pausatuagoan, hausnartzeko tartea hartzeko aukera handiagoak" egon daitezkeelako. Dena den, antolatzaileek garbi azaldu dute iraupen mugatua izango duen kanpaina dela honako hau. "Egingarria, ez itogarria eta parte hartzeko aukerak zabaltzen dituen kanpaina izango da, eta Euskaraldia prestatzeko lagungarri. Partidu bat izango balitz moduan: etxealdian beroketa ariketak egin eta jokaldiak entseatuko ditugu, entrenamenduetan egiten den bezala", diote antolatzaileek.

Azaroaren 20tik

Oraingo kanpainan egindako ariketa guztiek balioko dute udazkenean egingo den bigarren Euskaraldirako. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte. Entitateei eta horko kideei ariketan parte hartzeko gonbidapena egingo zaie, euren hizkuntza-ohiturak aldatzeko urratsak egiten has daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak