Koronabirusaren osteko egoerarako gertatzen dabil Aldundia. Krisi ekonomikoa ekarri du osasun krisiak, eta hala onartu dute Olanok zein haren alboan izan den Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatu Jose Ignacio Asensiok. Errekurtso gutxiago izango dela adierazi dute –%20 eta %25 artean gutxiago biltzea aurreikusi dutelako– eta "horiek ondo bideratu" beharko direla gaineratu. Horregatik, lehentasunak ezarri ditu Aldundiak, eta gizarte politikei eta sustapen ekonomikoari eustea izango dela garrantzitsuena argi utzi dute biek ala biek: "Hartutako erabakiekin partida horiei eutsiko diegu; baliabideak izango ditugu horiendako".
Honako irizpideei jarraituta egingo du doiketa Foru Aldundiak: gizarte politikaren eta babes sozialaren mantentze eta indartzea; ekonomiaren mantentze eta indartzea, eta honetarako datorren martitzenean Ekonomia Suspertzeko Plan berria aurkeztuko dute; garraio publikoaren mantentzea; Etorkizuna Eraikiz apustua mantentzea agertoki berrira egokituta; Aldundia bera prestatzea pandemiaren ondorengo agertokian funtzionatu ahal izateko; eta estrategikoak diren proiektu eta inbertsioen egutegiak berregitea, hauen prozesuak motelduz.
85 milioi euro murriztu beharra
Gipuzkoako Foru Aldundiak 915 milioi euroko aurrekontua du 2020rako eta, zerga bilketaren jaitsieraren ondorioz, bere baliabide erabilgarriak 200 milioi euro inguruan murriztuko dira. Horri aurre egiteko gerakina erabiliko du batetik, 70 milioi euro, eta bestetik, 45 milioiko zorra aurreikusi du –legeak baimendutako handiena–. Hala, 85 milioi euro murriztu beharko ditu aurrekontuan.
Murrizketa hori zelan egingo den ere zehaztu du Asensiok: 40 milioi euroko zuzkidura osoa duten inbertsioak atzeratuko dira, ohiko gastua 25 milioi eurotan jaitsiko da eta gainerako 20 milioiak exekutatu gabeko proiektuen bitartez hartuko ditu bere gain. Atzeratu egingo direnen artean daude Etorkizuna Eraikiz-eko proiektu estrategiko batzuk, Mubil, Adinberri eta Naturklima, esaterako, eta Errepide departamenduko hainbat inbertsio.
Aitortza osasun langileei
COVID-19 gaitzak jota Gipuzkoan hil direnak ere gogoan izan dituzte agerraldian, eta gertutasun eta babesa adierazi gura izan diete biktimen senitartekoei eta gaixotasuna jasaten ari diren herritarrei. Eta osasun arloko eta adinekoen egoitzetako langileei aitortza egin diete "gaixotasunari aurre egiteko bere onena" ematen ari direlako.