Etxean ariketa fisikoak egiten dihardute askok; zentzuz egin behar dira

Xabier Urtzelai 2020ko api. 24a, 17:37

Ibarreko hainbat profesional dabiltza egunotan ariketak sare sozialetara igotzen. Goiena.eus-en 'Kirol proposamenak' atalean aurkituko dituzue hainbat.

Konfinamenduan, sare sozialetara jo dute herritar askok etxean egiteko ariketa bila, baina denak ez dira egokiak, edo jakin egin behar da horiek ondo egiten, lesioak ager daitezke eta. GOIENAk hainbat adituren gomendioak jaso ditu.

Gorputza ez dago geldi egoteko diseinatuta, eta geldi egote horrek kalte handiak eragin ditzake, gainera. Horri aurre egiteko, konfinamendua hastearekin batera herritar asko hasi dira sare sozialetan ariketa bila, eta ondo aukeratu ez duenari eta norberaren maila zein den garbi ez duenari, berehala azaldu zaizkio minak eta lesioak. Hain zuzen, sare sozialen bidez ariketa mota ezberdinak proposatzen dabiltzan –euretako batzuk Goiena.eus atarian daude– Mondrako jokalari Mikel Gonzalezekin, Athlon bizkar klinikako kide Miren Larrañagarekin eta Aike zentroko fisioterapeuta Ibai Agirreurretarekin izan da GOIENA.

Ezkerretik hasita Mikel Gonzalez, Miren Larrañaga eta Ibai Agirreurreta.

MIKEL GONZALEZ, MONDRA FUTBOL TALDEA: "Ariketak egiteko orduan, arreta handia jarri behar zaie gorputzeko posturei"

Mondrako futbol jokalaria da Mikel Gonzalez, eta klubetik abian jarritako Mondragym ekimeneko protagonista da, berak egiten ditu-eta monitore lanak: "Ander Romero kirol zuzendariaren ideia izen zen. Ni taldeko jokalari naiz, baina Rome-k badaki, horrez gain, gimnasio batean egiten dudala lan. Geldialdi une honetan apropos jo zuen taldekideentzako bideo bat egitearena, eta nigan pentsatu zuen horretarako. Halaxe hasi ginen bideoekin". Hasiera batean, bideo bakarra igo zuten Youtube-n Mondra futbol taldeak duen kanalera, hainbat ariketa batzen zituena, baina orain, lan-saioak zatikatzen dabiltza, gorputzeko atal ezberdinak lantzeko. "Oraingoz, bideoak igotzen jarraitzeko asmoa dugu. Egia da ariketak egitea ona dela; betiere, ondo egiten baditugu. Eta egia da, baita ere, halako ariketak inoiz egin ez dituenarendako ez dela erraza posturak zaintzea, eta hori oso garrantzitsua da. Alde horretatik, Youtube-n bilaketa bat eginez gero eskaintza oso zabala izango dugu, baina minik ez hartzeko jendeak jakin behar du zein den bere maila, zer-nolako ariketekin hasi behar duen eta zelan egiten diren ariketa horiek ondo. Horrenbestez, nire gomendioa da oso-oso garrantzitsua dela ariketak egiteko orduan posturei arreta handia jartzea, hor egoten dira-eta akats handiak, eta poliki hasi behar dugu, lehenengo egunean ezin ditugu errepikapen mordoa egin, min hartu genezake eta".

Minik ez hartzeko, bestalde, ariketak egiten hasi aurretik beroketa egokia egin behar da: "Gorputza aktibatu egin behar dugu lehenago, horretarako ere bideo mordoa dago Interneten. Azken batean, guk ariketa posturalak proposatzen ditugu, eta egia da jendeari kosta egiten zaiola horiek ondo egiteko beroketa modu egokian egitea. Eta oso garrantzitsua da ondo berotzea. Alde horretatik, hobe da egunero apur bat egitea, egun batean gorputzari egurra eman eta astebete giharretako minarekin egotea baino. Garrantzitsua da gure mugak non dauden jakitea".

MIREN LARRAÑAGA, ATHLON BIZKAR KLINIKA: "Egin beharreko ariketak ondo aukeratu behar dira, gure mailaren arabera"

Miren Larrañagak Athlonek Aretxabaletako Ibarra kiroldegian duen bizkar klinikan egiten du lan. Zerbitzuko ateak itxita dituzte konfinamendu egoeran, baina zuzeneko saioak egiten dihardute bazkideekin, eta saio horiei esker monitoreek ariketak zuzentzeko aukera dute: "Guk ikuspuntu terapeutiko batetik egiten dugu lan, eta orain eskaintzen ari garen zerbitzua ere horrela oinarrituta dago". Hala, Hangouts aplikazioari esker zuzeneko saioak egiten dabiltza, eta, horrela, monitoreak aukera dauka saioa gehiago pertsonalizatzeko: "Sasoi betean dagoenari ariketa gogorragoa proposatzeko eta horren ondo ez dagoenari lasaiago joateko esateko".

Hala, bereziki bizkarra lantzeko ariketak egiten dituzte: "Hori da bereziki gure lan-esparrua, baina egin izan ditugu saio batzuk ariketa aerobikoetan oinarrituta, esaterako". Horren ildora, Larrañagaren proposamena da sare sozialetan ariketak egiten dituzten kanalak bilatzeko orduan "ondo filtratzea": "Izan ere, sare sozialetan denetik ikus genezake, eta guk jakin beharko genuke ze ariketa diren guk egiteko modukoak eta zeintzuk ez. Hau da, ondo aukeratzea oso garrantzitsua da; izan ere, ariketa guztiak ez dira guztiok egiteko modukoak, edo gorputzeko atal hori lantzeko alternatiba egokiak bilatu genitzake. Oso garrantzitsua da ondo berotzea eta zentzuz jokatzea". Izan ere, Larrañagak aitortzen du aste hauetan denetik ikusi duela sare sozialetan: "Inoiz kirolik egin ez duen jendea hasi da bat-batean crossfit-eko ariketak egiten. Edo inoiz bizikletan ibili ez direnak astakeriak egiten dabiltza arrabol gainean. Egiten dugun hori osasuntsua izan dadin kontuz egitea komeni da, eta zentzuz jokatzea".

IBAI AGIRREURRETA, AIKE ZENTROA: "Fundamentala da ariketak egiten hasi aurretik jakitea zein den gure helburua"

Ibai Agirreurretak zalantzak izan zituen bere bideoak Instagram-era igotzeko erabakia hartu zuenean: "Aitortu behar dut gai horrekin nire buruarekin borroka izan dudala. Izan ere, ariketak proposatuz bideoak Internetera igotzea ondo dago, baina ez dago jakiterik jendeak ariketa horiek zelan egingo dituen, posturak ondo zainduko dituen... Alde horretatik, jakin beharko genuke ariketaren batean ez bagara ondo moldatzen hobe dela bertan behera uztea". Hala, Agirreurretak garbi du gauzak ondo egiteko oso garrantzitsua dela helburuak garbi izatea: "Ez da gauza bera pisua galdu gura izatea, mantentze ariketak egitea ala gorputza indartu nahi izatea, esaterako. Hori da, besteak beste, gure egunerokoan bezeroei esaten dieguna.

Hala, galdetegia pasa genien gure bezeroei, eta jasotako erantzunetatik abiatuta egin ditugu bideoak". Amaitzeko, Agirreurretak dio aste hauek oso aproposak direla kirolariek izan ditzaketen hutsuneak indartzeko: "Aukera ezin hobea dugu gure ahulguneak indartzeko. Esaterako, mendi lasterketetan dabilen batek artikulazioetan defizita baldin badauka mugikortasuna landu dezake, eta orkatilen egoera hobetuko du, belaunena, aldakarena... Ohi baino denbora gehiago dugu normalean lantzen ez dugun hori lantzeko, gure defizitak txikitzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak