"Debagoieneko Ospitalean jada ez dago COVID-19a duen gaixorik"

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko api. 23a, 13:39

Nekane Murga Osasun sailburuak gaur eskaini duen agerraldian esan du ospitaletako egoera hobetzen ari dela EAEn. Hobekuntza horren adierazle moduan nabarmendu du COVID-19a duten pazienterik gabeko erietxeak daudela une honetan. Horien artean hiru aipatu ditu: Arrasatekoa, Lezakoa (Araba) eta Zaldibarkoa (Bizkaia).

Azken orduetan Debagoieneko ospitalean egon diren bi alten ostean, une honetan ez dago COVID-19 gaitza duen pazienterik. Zaldibarko ospitalean ere lau alta eman dituzte, eta Lezakoan, aurretik zeuden COVID paziente gabe.

Ospitaleen egoerari dagokionez, Murgak azaldu du egun bakarrean 63 pertsona gutxiago daudela ingresatuta EAEko ospitaletan, eta lau gutxiago ZIUn. Gainera, une honetan ZIU logelen okupazio maila "momentu kritikoenetan egon zenaren erdia" dela esan du.

Bi ikerketa "gako"

Eusko Jaurlaritzak EAEn bi ikerketa jarriko ditu abian astelehenetik aurrera. Nekane Murga sailburuak esan duenez, oso garrantzitsuak izango dira egungo egoera ezagutzeko.

Batetik, atzo aurreratutako moduan, astelehenetik aurrera Seroprebalentzia ikerketarekin hasiko dira. EAEn 5.000 pertsona baino gehiagori egingo dietela azterketa zehaztu du, etxebizitzako kide guztiei egingo zaie jarraipena sei astez, betiere, "modu boluntarioan". Ikerketa Carlos III unibertsitateak diseinatutakoa da eta espainiar estatu osoan egingo bada ere, Murgak zehaztu du Jaurlaritzako Osasun sailak eta Osakidetzak kudeatuko dutela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egingo diren azterketak.

Bestetik, arnas aparatuko sintomak izan arren PCR proba egin ez zitzaien pertsonak aztertuko ditu Osasun sailak. Murgak esan duenez, pandemiaren "momentu gogorrenetan" test hori egin gabe gelditu ziren herritarrei egingo diete, hau da, "koronabirus kasu posible" moduan zerrendatu zituztenei. Modu horretan, Jaurlaritzak baieztatu gura du ea pertsona horiek benetan koronabirusa izan zuten ala ez. Horretaz gain, pertsona horiek gaur egun immunitatea garatu duten ere aztertu gura dute. Probak odol analisiaren bidez egingo dira.

Osakidetza dagoeneko hasi da zerrendatuta dituzten pertsonei deitzen, astelehenetik aurrera egingo diren azterketetarako zita emateko helburuarekin. Seroprebalentzia ikerketaren moduan, bigarren azterketa honetan ere parte-hartzea boluntarioa izango da. Lehen fasean 4.147 laguni egin nahi dizkiete probak. Murgak argitu duenez, lehen sintomak agertu zirenetik, "gutxienez 40 egun" igaro dituztenei egingo dizkiete analisiak eta emaitza zuzenean jakinaraziko zaie pazienteei sms bidez eta "modu azkarrean". Bestalde, sintomak agertu zirenean testa egin zitzaien pertsonek ez dute azterketa honetan parte hartuko, ezta oraindik sintomak dituztenek ere. 

Aipatutako bi ikerketa horiei esker, "herritarren immunitatea" eta gaixotasunak lurraldean izan duen "benetako hedapena" ezagutzeko aukera izango dutela esan du Murgak. Gainera, pandemiaren aurrean eman beharreko pausu berriak zehazteko ere lagungarria izango dela aipatu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak