Trantsizio planaren prestaketa
Erkorekak adierazi du, Jaurlaritza "buru-belarri" ari dela trantsizio plana prestatzen eta gehitu du, sail guztiak dihardutela deseskalatze faseetan lan egiten. Jaurlaritzaren helburua "gizarte-ohitura mailakatuta eta berme osoz" berreskuratzea dela ere aitortu du, baina horretarako hiru baldintza bete beharko direla aipatu du: urruntze fisikoa, maskaren erabilera eta eskuen garbiketarako eta espazio partekatuen higienerako neurriak.
Prentsaurrekoan herritarrei egiten ari zaizkien proben inguruan ere hitz egin du Erkorekak: "Proba gehiago egiteak kutsatzearen mapa erreala eta kasu positiboen tasaren mapa erreala egiteko aukera emango digu. Helburua da hilabete honetan, milioi biztanleko 20.000 proba egitea".
Maskaren erabileraren harira, Erkorekak honako hau azaldu du: "Lanean ari gara gizarte osoak maskarak eskuragarri izan ditzan, modu orokor eta eskuragarrian".
Apirilaren 27a
Egun horretan hasiko da Normaltasun berrirako Trantsizio plana, neska-mutilek irteteko baimena izango dutelako. Horren harira, Erkorekak azaldu du, umeak denbora-baldintza mugatuetan, urruntze fisikoa gordez eta taldekatu gabe irten ahal izango direla. Umeek kalera irteteko hartutako neurriaren atzetik, beste neurri batzuk abiatuko direla adierazi du bozeramaileak eta Jaurlaritza horiek zehazten ari dela azaldu du: helduek banaka eta denbora tarte batez jarduera fisikoa egin ahal izatea, saltokien eta denda txikien irekiera mailakatua eta industriaren eta eraikuntzaren jardueraren gehikuntza.
Ikasgelara itzultzeko agertokiak
Hezkuntzaren inguruan ere mintzatu da bozeramailea. Esan du asteon hezkuntza eragileekin hiru alderdi kontrastatuko dituztela: funtsezko hezkuntza-edukia, irakasleentzako tresnak ebaluatzeko eta abian jartzeko irizpideak, eta ikasgelara itzultzeko agertokiak.
Aisialdia eta jaiak
Erkorekaren esanetan, aisialdia izango da normaltasunera itzultzeko denbora gehien beharko duen esparrua. Hala ere, lanean ari direla eta proposamenak aztertzen dihardutela azaldu du. Azkenik, udako jaien, ekitaldien eta bestelako kultura-jardueren inguruko aurreikuspenak jorratzeko, ahaldun nagusiak eta Eudelen lehendakaria bilera batera deituta daudela, ekarri du gogora bozeramaileak.