Hainbat kulturgile debagoiendarrek bat egin dute gaurko eta biharko deituta dagoen greba digitalarekin

Maialen Regueiro 2020ko api. 21a, 08:01

Euskal kulturgintza osatzen duten eragileek greba digitala egingo dute gaur eta bihar, gogoeta eta eztabaida soziala eragiteko, besteak beste. Debagoieneko kulturgileen artean ere badago aipatutako grebarekin bat egingo duenik.

Hiru helburu

Greba digitalak hiru helburu nagusi ditu: gogoeta eta eztabaida soziala eragitea, premiazko neurriak hartu behar direla exijitzea eta ekosistema hau osatzen duten guztiontzat elkargunea izango den mahai, bilera edota topaketa antolatzeko lanean hastea. Izan ere, kulturgileek azpimarratu dute, kulturgileen, sortzaileen zein artisten egoera nahiko prekarioa zela eta jazoera berri honek larrialdia areagotzea ekarri duela. Gehitu dute gainera, emanaldiak eta bestelako kultur lanak bertan behera utzi behar izateak modu latzean zigortzen ari dela euskal kulturgintzaren ekosistema.

Ane Zuazubiskar bertsolaria eta Potx pailazoa, atxikimendua eman duten Debagoieneko bi kulturgile.

Debagoieneko kulturgileak

950 atxikimendu baino gehiago jaso ditu greba digitalak, eta horien artean Debagoieneko kulturgileak ere badaude, Ane Zuazubiskar, Assata, Dorleta Kortazar, Ines Osinaga, Irazan Antzerki Gunea, Kepa Errasti, Edu Muruamendiaraz, Miren Manias eta Oñatz Dantza Taldea dira horietako batzuk.

Ane Zuazubiskar arrasatearrak esate baterako, kulturatik bizi diren horiekin bat egiteko batu da greba digitalera, nahiz eta bere ogibidea beste bat den. Izan ere, bertsolariak uste du, kulturaren egoera "prekarioa" dela eta erakundeek honen berri izan behar dutela, ostean beharrezkoak diren neurriak hartu ahal izateko. Potx eta Lotx eta Irazan Antzerki Gunea ere greba digitalera batu dira, deialdiaren helburuekin bat datozelako. Josu Zubiak, sortzaile den aldetik adierazi du, kulturgintzak "sekulako prekarietatea" pairatzen duela etengabe eta koronabirusak prekarietatea handitu besterik ez duela egin. Horrekin batera, Zubiak azaldu du, egoera honen aurrean "agerian" geratu dela erakundeek –Debagoieneko udalek baita ere– kulturarekiko duten ikuspegia eta berau "oso murritza" dela gehitu du. Oñatiarrak uste du, kulturarena esparru zabala dela eta erantzunak ere halakoak izango beharko luketela eta azkenik, aitortu du, "aro baten amaiera" etorriko dela eta egoera hau birpentsatzen hasi beharko direla.

Zuazubiskarrek uste du, ikuspegi aldaketa egon beharko litzatekeela erakundeen aldetik eta kulturari merezi duen garrantzia ematea beharrezkoa dela. Izan ere, arrasatearrak adierazi bezala, herritarren ohitura kulturalak izugarrizko garrantzia du gizartean. Zubia berriz, erakundeek gai honen inguruko hausnarketa sakon bat egin beharko lukeelakoan dago eta kulturak udalentzat estrategikoa izan behar duela uste du. Oñatiarraren esanetan, kulturak duen balio soziala kontuan hartu beharko litzateke, errentagarritasuna ekonomikoari begira egon gabe. Azkenik, kulturgileen lana egiteko baldintza duinak eskatu ditu.

Greba digitalarekin, bi egun hauetan ezingo da kultura kontsumitu eta era horretan, kulturak duen garrantziaz kontziente izatea lortuko delakoan dago Zuazubiskar. Gainera, esparru ezberdinetan banatuta badago ere, kulturak pertsona asko mugitzen dituela aitortu du. Oñatiarrari ordea, egoera honi buruz hitz egitea eta herritarrek hamar segundoz hausnartzea gustatuko litzaioke. Horrez gain, erakundeek "oso serio" landu beharreko gai bat dela uste du eta presazko arlo bat delakoan dago. Hala ere, erakundeekin elkarlanerako, hitz egiteko edota iritziak partekatzeko prest azaldu da Zubia.

Kultura, sarean

Beste hainbat kulturgilek bezala, Potx eta Lotxek ere "ahal izan duten guztia" egin dute sarean, "herritarrekin harremanetan jarraitzeko": bideoak erakutsi, abestiak grabatu, etxean jolasteko jolasak helarazi... Zubiak aipatu du, egiten dakitena herritarrekin partekatu dutela, egoera honi buelta emateko asmoz, baina argi utzi nahi izan du, partekatu duten hori beraien lana dela eta beraiek horrela erabaki dutelako, doanik elkarbanatu dutela, funtzio soziala betez. Horregatik, gogora ekarri du, beste lanbide batzuetan ez dela gauza bera exijitzen, salbuespenak salbuespen eta hori gehien bat, kultura arloan dihardutenei gertatzen zaiela, eta horrek arduratu egiten du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak