Umeak kalera irteten edota saltokiak irekitzen hastea proposatuko dio Urkulluk Sanchezi

Goiatz Arana Begiristain 2020ko api. 17a, 15:00

Iñigo Urkullu lehendakaria, eguerdian egindako agerraldian.

Hilaren 26tik aurrera "deskonpresio sozial eta ekonomikorako hainbat neurri" abiatzea eskatuko dio Iñigo Urkullu lehendakariak Espainiako presidente Pedro Sanchezi: haurrak eta behar berezidunak kalera ateratzea eta saltoki eta negozio txikiak irekitzea, tartean. Horrekin batera, eguerdian egindako agerraldian iragarri du autonomoentzako eta enpresa txiki eta ertainentzako 30 milioi euroko partida berri bat sortuko dutela.

Bost dira "konfinamendua erlaxatu eta apurka-apurka normaltasunera itzultzeko" Eusko Jaurlaritzak proposatuko dituen neurriak:

  1. Haur eta behar berezidunak kalera ateratzea, denbora mugatuan eta distantziak mantenduta.
  2. Saltoki eta negozio txikiak irekitzen hastea, modu mailakatuan.
  3. Kirola egitera ateratzea, bakarka eta denbora mugatuan.
  4. Hezkuntza arlorako protokolo berezia egituratzea.
  5. Administrazio publikoan normaltasunerako itzulera antolatzea.

Eta "normaltasunerako itzulera hori baldintza egokietan" eman dadin, maskarillen erabilera orokortu egingo dela azaldu du Urkulluk, horiek lortzeko "euren eskuetan dauden bitarteko guztiak" jarriko dituztela gehituz.

Lana

Lan-jarduera berrabiarazteari dagokionean, esan du aste honetan ekin diotenen kasuan "ondo" funtzionatu duela eta "lana eta osasuna bateragarriak" direla frogatzen duela horrek. Datozen hiletan ere "trantsizioa modu egokian" egiten dela bermatzeko, garbiketa eta urruntze neurriak errespetatzea eta jendetza elkartzea saihestea ezinbesteko baldintzak izango direla adierazi du eta, eurei dagokienean, "protokoloak zorrotz eta derrigor betetzen direla zaintzeaz" arduratuko direla.

Autonomo eta enpresa txiki eta ertainekin lotuta, horientzako 30 milioi euroko partida berri bat iragarri du Urkulluk; datozen egunetan ezagutaraziko dute prozedura. Eta horri gehitu dio Jaurlaritzaren aurtengo urterako aurrekontua berrikusiko dutela eta, beharrezkoa bada, berrantolatu ere bai.

Hezkuntza

Ikasturtea berrekiteari buruzko erabakirik ez dago oraindik hartuta, baina Lehendakariak azaldu du Hezkuntza Saila plangintza bat zehazten ari dela, hiru arlo jasotzen dituen plangintza: lehentasunezko eduki edo ikasgaiak, ebaluaketa irizpideak eta ikasgeletara itzultzeko eszenatoki posible ezberdinak; azken puntu horrekin lotuta, itzulera adinaren arabera, era mailakatuan, egitea litzateke aukeretako bat.

Jaiak eta ospakizunak

Iñigo Urkullu lehendakariak berariazko bilera batera deituko ditu hiru lurraldeetako diputatu nagusiak eta EUDELeko presidentea, udako jaiei eta ospakizunei buruz hitz egiteko, batetik, eta COVID-19ak kaltetutakoei laguntzeko erakunde ezberdinetatik hartuko diren neurriak koordinatzeko, bestetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak