"Egoera jasanezin" deritzona salatzeko eta "lehenbailehen umeek kalera ateratzeko baimena izan dezaten" jarri du martxan sinadura kanpaina Biltzarrek, burujabetzarako ekimenen bilguneak. Jasotako sinadurak Iñigo Urkulluri eta Maria Txibiteri helaraziko dizkiote datorren aste hasieran, "gai hau konpontzeko ahal duten guztia egin dezaten".
Urkulluri eta Txibiteri zuzenduta
"Konfinamendua aurrera doa eta harrituta gaude: langile asko berriz lanean hasi dira, nagusiak erosketak egitera atera daitezke, bederen, maskotak eta haien jabeak kalera atera daitezke, eta etxetik irten ezinik jarraitzen duten bakarrak haurrak dira, behar handiena duten gizakiak.
Iparraldeko gure nebarreben umeak arazo barik atera daitezke kalera, gurasoez lagunduta, ordu betez eta kilometro batera bada ere. Berdin Europako leku gehienetan.
Horregatik eskatzen dizuegu, enpresak zabaltzeko egin duzuen ahalegin bera egiteko, eta lehenbailehen haurrak ateratzeko baimena lortzea", adierazi dute.