Autonomoentzako diru-laguntzak ebazteko moduak haserrea piztu du eta Lanbidek barkamena eskatu du

Maialen Santos 2020ko api. 16a, 14:21

Diru-laguntza eskaerak egiteko administrazioak erabakitako prozedurak hautsak harrotu ditu autonomoen artean; besteak beste, epea hasi eta gutxira webgunea, eskaera erauntsiagatik, blokeatu egin delako. Lanbidetik barkamena eskatu dute "izandako arazoengatik", eta adierazi dute "diru partida hori zabaltzeko aukera" aztertuko dutela. 

Koronabirusak eragindako alarma egoeragatik jarduera eten behar izan duten autonomoentzat 3.000.000 euro bideratuko ditu guztira Jaurlaritzak; eta eskatzaile bakoitzak gehienez ere 3.000 euro jaso ahal izango ditu. 

Pasa den gauerdian ireki dute laguntzak eskatzeko epea Lanbideren webgunearen bitartez, baina martxan jarri eta gutxira webgunea blokeatuta geratu da jasotako eskaera erauntsiagatik –izan ere, eskaerak iritsitako hurrenkeran aztertuko dituzte–. Eskaerak egiteko prozedura horrek haserrea piztu du eskatzaile askoren artean. AUPA (Autonomoak Ekintzarako Elkarrekin elkartea) kexu azaldu da eskaerak hurrenkeraren arabera baloratzeko erabakiarekin, eta uste baitute ez litzatekeela kontuan hartu beharko "azkarrena nor den", baizik eta "behar handiagoa" nork duen. Horretaz gain, gauerdia horrelako eskaerak egiteko "ordu desegokia" dela ere uste dute. 

Horrez gain, AUPAtik eskatu dute, esaterako, lokalen alokairuen ordainketa eta autonomoen kuotak bertan behera geratu daitezela "gutxienez alarma egoera amaitu arte". 

Lanbidetik, barkamena

Diru-laguntza eskaerak egiterako orduan "sortutako arazoengatik" barkamena eskatu du gaur Lanbideko zerbitzu orokorren zuzendari Nestor Aranak, eta autonomoei laguntzeko nahia dutela ekarri du gogora: "Badakigu autonomoak gaizki pasatzen ari direla, eta horregatik jarri genuen martxan neurri hau. Bi eratan egin genezakeen: bata, eskaera guztien artean partida bat banatuz, hartara, inoren arazoa konpondu gabe utziz, edo, bestela, erabili dugun irizpidearekin, autonomo batzuei 3.000 euro arteko laguntzak esleituz".

Horretaz gain, azaldu du izandako eskaera kopurua "handia izan dela ikusita" diru partida zabaltzeko aukera aztertuko dutela. Hala ere, "partida zabalduko balitz, ez litzateke beste deialdirik hasi behar".

EH Bildu: "laguntzak ezin okerrago kudeatu ditu Jaurlaritzak"

EH Bilduko legebiltzarkide Iker Casanovak, bestalde, adierazi du autonomoendako Jaurlaritzak agindu dituen laguntzak "oso motz" geratu direla eta autonomoei Jaurlaritzak emandako tratua "iraingarria" izan dela.

EH Bilduk autonomoentzako diru-laguntzak "ezin okerrago" kudeatzea egotzi dio Urkulluren Gobernuari. Eta iragarri du bihar, egubakoitza, proposamen zehatza eramango duela Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrera. "Zerga moratoria, gastu finkoak ezabatzea eta galera ekonomikoak konpentsatzeko funtsa sortzea" da koalizioaren proposamena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak