Enpresa txiki eta ertainek Bideratu izeneko programako laguntzak eska ditzakete gaur goizeko 09:00etatik. 20 milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak laguntzotara, eta eskaerak iritsierako hurrenkeran aztertuko dituzte.
Enpresa txiki eta ertainak berregituratzera eta berpiztera daude bideratuta laguntzok: epe ertain edo luzerako bideragarritasuna berreskuratzea helburu duten berregituraketa edo bideragarritasun planak aurkezten dituzten enpresek eskuratu ahal izango dute laguntza, 800.000 euro artekoa, gehienez; bideragarritasun planok enpresa batzordearen adostasuna izan beharko dute, eta, horien baitan, enpresak ezingo du langilerik kaleratu.
20 eta 250 langile arteko enpresentzat dira, eta negozio bolumenak ezingo ditu 50 milioi euroak gainditu, edo 43 milioi euroak balantzearen kasuan.
Bideratu egitasmoko aparteko deialdia da hau, ohikoarekiko desberdina, koronabirusaren pandemiaren eraginez krisian dauden enpresek soilik eska dezakete-eta. Kapital osoa Eusko Jaurlaritzak jarriko du kasu honetan, enpresen ekarpenik gabe.
Lanbideren autonomoentzako laguntzak, berriz, alarma egoeragatik jarduera eten behar izan dutenei daude zuzenduta. Gehienez 3.000 euro jasoko du eskatzaile bakoitzak, eta Jaurlaritzak hiru milioi bideratuko ditu, denera, laguntzotara. Kasu honetan ere, eskaerak, egiten dituzten hurrenkeran aztertuko dituzte; hain zuzen ere, gauerdian ireki dute laguntza hauek eskatzeko epea, eta Lanbideren webgunea blokeatu egin da eskaera erauntsiagatik –eskaerak iritsitako hurrenkeran aztertuko dituztenez gero–. Denbora batera konpondu dute arazoa.