Lehen kasuak agertzen hasi zirenetik, egunero konfirmatu dituzte positibo berriak Arrasaten, bitan izan ezik -martxoaren 30a eta apirilaren 12a izan dira salbuespenak- eta, orotara, 191 dira jada. Datu horiekin, kutsatu gehien dituen bederatzigarren herria jarraitzen du izaten, lurraldean; eta lehena, Debagoienean. 867,43 kasu ditu, 100.000 biztanleko; Aretxabaleta da zerrendako bigarrena, kopuru ia erdiarekin; eta Oñati, hirugarrena, herena pasatxorekin.
Herria | Positiboak | 100.000 biztanleko tasa |
Arrasate | 191 | 867,43 |
Oñati | 35 | 308,78 |
Bergara | 32 | 219,24 |
Aretxabaleta | 30 | 429,37 |
Eskoriatza | 11 | 269,15 |
Antzuola | 3 | 140,45 |
Aramaio | 2 | 134,86 |
Elgeta | 2 | 176,21 |
Leintz Gatzaga | 0 |
0,00 |
Kutsatze-tasa 100.000 biztanleko. 2018ko INEren biztanleria datuetan oinarrituta.
"Hildakoen kopuruak jarraitzen du izaten daturik txarrena"
Euskal Autonomia Erkidegoan, 54 heriotza berri erregistratu ziren atzoko 20:00ak arte eta horixe da, hain zuzen ere, "daturik txarrena", Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendari Miguel Sanchezen esanetan. Hildakoak, 956 dira, guztira, EAEn.
Hamar probetatik bakarrak eman du positibo EAEn
Baina badira "itxaropenerako bide ematen duten datuak" ere: azken egunetako joerari segika, beheranzko bidean jarraitzen du atzemandako kasu berrien portzentaiak eta, azken 24 orduetan, %13tik %11ra jaitsi da -egindako hamar probako, ia bederatzik negatibo eman dute-; eta hori, inoiz baino test gehiago egindako egunean -ia hiru mila guztira, bezperan baino mila gehiago-. 312 izan ziren atzo atzemandako positibo kasu berriak eta, horiekin, 11.790 dira kutsatuta dauden herritarrak; 1.213 daude ospitaleratuta. Kontrara, 5.813 pertsona dira COVID-19 gaitzetik errekuperatu direnak; eta 63 gutxiago, ospitalean daudenak.
Datu horiek eskuetan, ospitale eta osasun zentroetan egonkortze fasean daudela azaldu du Miguel Sanchezek eta bilakaera hoberakoa ari dela izaten. Horren erakusle da, esaterako, gaur bertan, Debagoieneko Ospitalean, Erditze, Obstetrizia eta Pediatria zerbitzuak berrabiarazi izana eta baita Ama-haurren unitatea 4.solairuan berriz zabaltzea ere.
Hego Euskal Herrian
Datuen azken eguneraketaren arabera, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, gehiago izan dira errekuperatu direnak positibo eman dutenak baino: 422 eta 414, hurrenez hurren; hildakoak, berriz, 63 izan dira.
Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.