Norbere ortuan prestaketa eta landaketa edo ereite lanak egitea ere baimendu dute orain

Julen Iriondo 2020ko api. 16a, 10:26

Herrizaingo Sailak plazaratutako eta osasun alarma egoeran egin daitezkeen eta egin ezin diren jarduerak zehazten dituen azken berrikuspenean dator aldaketaren berri; orain arte ez zen baimentzen baratzean produktu gehiago landatzeko prestatze lanak egitea. Horrek hainbat norbanako eta eragileren haserrea eragin zuen, urte amaiera arteko uzta garai honetako lanaren araberakoa delako.

Apirilaren 10ekoa zen irizpideen aurreko berrikuspena, eta bertan esaten zen autokontsumorako ortuetara joan zitekeela elikagaiak jasotzera edo baratzeko oinarrizko mantentze lanak egitera soilik: "Baratzean produktu gehiago landatzeko prestatze lanak ezin dira egin", zioen dokumentuak.

Azken berrikuspenak, ordea, aldatu egin ditu irizpide horiek: "Elikagaiak jaso ahal dira, mantentze lanak egin, eta lurra erein eta landatu aurretiko prestaketa lanak egin ahal dira, baita landatu, erein, ureztatu eta ongarritu ere", dio orain.

Dokumentuak zehazten du bigarren bizilekuan dauden baratzeak ez direla baimen honen barruan sartzen, eta lurzoruan bertan edo ondoko instalazioetan ezin dela inolako ekitaldirik edo ospakizunik egin.

Horrez gain, orain arte bezala, ortura joateko eta bertan egoteko behar-beharrezkoa den denbora baino ez hartzeko agintzen du, eta osasun agintaritzak ezarritako neurriak betetzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak