Autokontsumorako ortuen aldeko manifestua sinatu dute hainbat eragilek

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko api. 14a, 18:20

Autokontsumorako ortuak entretenimendurako eta aisialdirako lekuak izateaz gain, lurraldean duten eragina eta garrantzia nabarmendu dute; hori horrela, ortuetako jarduera oro baimentzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.  Hainbat eragilek egin dute bat eskaerarekin; tartean, Bergaran egoitza duen Biolur elkarteak.

Konfinamendu garaian zalantza sortu da baratzeetara lanera joaterik ote dagoen ala ez erabakitzean. Horrek hainbat kezka sortu ditu. Bada, Uliako Lore Baratzak elkarteak beste hainbat eragilerekin batera –tartean, Bergarako Biolur– adierazpen bat sinatu dute, eta sinadura bilketa hasi dute ortuetako jarduera oro baimentzea eskatuz.

Ortuak aisialdirako eta entretenimendurako lekuak bakarrik ez direla diote; "ortuek lurraldean duten eragina eta garrantzia" da eragile horiek nabarmentzen dutena. Zera diote:

  • Baratzeek milaka pertsona elikatzen dituzte, eta garaiko elikagai fresko eta osasungarriak eskaintzen dizkiete herritarrei.
  • Aukontsumorako baratzeak produktu freskoak lortzeko bide zuzenena dira.
  • Datozen asteetan udako baratzea landu ahal izatea oso garrantzitsua da.
  • Aukontsumorako baratzea Elikadura Burujabetzaren zutabeetako bat da.
  • Askoz ere seguruagoa da baratzera joatea supermerkatuetara baino.
  • Autokontsumorako baratzeak tokian tokiko bioaniztasuna bermatzeko ezinbesteko elementu dira.

"Goian aipatutako arrazoiak tarteko, ondorengoa eskatzen dugu":

  • Eusko Jaurlaritzak azter ditzala orain arte baratzeen erabilerari jarritako murrizketak: uzta jasotzeaz gain, sasoiko landaketak eta ereite lanak egin ahal izatea eskatzen dute.
  • Erabiltzaileen aitortza arduratsua kontuan hartzea eskatzen dute, baratzeen erabilera kontrolatzerakoan.
  • Autokontsumorako baratzeak lantzen dituzten pertsonek landare eta haziak erosi ahal izatea eskatzen dute.
  • Osasun alarmari buruzko irizpideak eskaerari egokitu ondoren, irizpide horiek publiko egin eta dagokion tokiko autoritateei jakinaraztea eskatzen dute.

Eragileen sinadurak Uliako Lore Baratzaren atarian bildu dituzte; eta, norbanakoek change.org atarian izango dute sinatzeko aukera.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak